Zuzenean

Kepa Olaiz Bianditz Domiko Bizirik plataformako kidea NAIZ Irratian izan da aurreikusitako bi makroproiektuek izango duten eragina azaltzeko. Proiektu eolikoak Oiartzun eta Arano inguruan (Erreka proiektua) eta Domiko inguruan egitea aurreikusten da, Olaizek «makroproiektu potenteak» direla adierazi du, eta horiek eragin zuzena izango dutela ingurumenean eta herritarrengan. Mendiak «euskal izaeraren» parte direla berretsi du ekintzaileak, eta herritarrei kalte egiteaz gain, makroproiektuek tokiko ekosisteman eragin zuzena izango dutela salatu du.
Domikoko proiektuaren kasuan, harridura handia erakutsi du Olaizek, «harrigarria da proiektu berria, duela bost urte auzo berri bat egiteko proiektu bat zegoen Lesakako lurretan, San Antoneko enbaltse inguruan, eta garai hartan egindako alegazio desberdinekin udaletxe desberdinek proiektua atzera bota zuten. Orain proiektu handiago batekin datoz, eta esan behar da proiektua Aiako Parkearen mugan egingo dutela gainera, ez da parke barruan, baina honek noski eragina izango du parke naturalean». Olaizek eremu hori Europa iparraldetik datozen hegazti migratzaileek zeharkatzen dutela azaldu du, eta proiektua esparru horretan kokatzea «astakeria handitzat» jo du.
Herritarrengan eragina
Ekintzaileak proiektuak herritarrengan eragin zuzena izango duela azpimarratu du, Domikoren kasua jarri du adibide, Donostialdeako eta Oarsoaldeako mendizaleak baliatzen duten parke naturala dela nabarmendu du, eta proiektu eolikoak lurralde hori bizilagunek ezin erabiltzea eragingo duela salatu du.
«Ingurumen aldetik eta paisaje aldetik horrek ematen digun aberastasuna sekulakoa da. Askotan esaten dugu, euskaldunak mendiak ez bagenitu zer izango ginateke? Horrek egiten du bizi mota bat, karakter bat, kultura bat... askotan ez diogu garrantzirik ematen, baina nik uste dut inportantea dela. Askotan gure aisialdirako ihes egiten dugu leku hauetara, eta leku hautara iristen garenean parke eolikoak ikusten hasiko gara».
Dena enegia berriztagarrien mesedetan
Bianditz Domiko Bizirik plataformako kideak energia berriztagarrien plan sektoriala onartu gabe dagoela gogorarazi du, eta «onartezintzat» jo du hori, eta enpresak bitartean mahai gainean proiektu pila jartzen ari direla salatu du. Olaizen esanetan «hirigintzan planteamendu asko egiten dira, etxeak non egin, industriak non jarri... inor ez da hasten proiektuak egiten planik ez badago». Herritarren parte hartzerik ez dagoela salatu du, eta ekoligistek energia berriztagarriak aldeko apustua egiten dutela gogorazi du, baina plan sektorialik gabe eta eztabaidarik gabe proiektu horiek aurrera eramatea ezinezkoa dela nabarmendu du.
Enpresen mesedetan eginiko proiektuak direla berretsi du ekintzaileak, eta kolonialismo eredu baten aurrean gaudela salatu du. «Proiektuak ez dira egiten hiri handietan, lur garrantzitsuetan eta herri txikietan egiten dira, horien gainetik pasatuz, eta hori kolonialismo hutsa da. Askok pentsatzen genuen hori Hego Amerikan gertatzen zela hemengo enpresak proiektuak egitera joaten zirenean, baina hemen berdina gertatzen da: lurrak erosi, presionatu nekazariak... eta hori ez da metodo ez demokratikoa ez parte hartzailea».


