Zuzenean

Peli Lekuona | Iraia Cambra
Elkarrizketa
Ziortza Llona
Auzokoa Herrikoi elkarteko ordezkaria

«Neurketa ofizialek ez dute Erandioko kutsaduraren benetako eragina erakusten»

Ziortza Llona Auzokoa Herrikoi elkarteko ordezkaria NAIZ Irratian izan da Erandioko airearen kutsaduraz mintzatzeko. Azken ikerketa zientifiko baten ondorioak azaldu ditu, neurketa ofizialen mugak salatuz eta kutsadurak herritarren osasunean duen eraginaz ohartaraziz.

«Neurketa ofizialek ez dute Erandioko kutsaduraren benetako eragina erakusten»

Loading player...
Ziortza Llona pankarta eusten, Auzokoa Herrikoi Elkartea eta Herri Bideak Kate Barik elkarteekin
Ziortza Llona pankarta eusten, Auzokoa Herrikoi Elkartea eta Herri Bideak Kate Barik elkarteekin (Auzokoa Herrikoi Elkartea)

Erandioko airearen kalitateak kezka eragin du berriro, azken ikerketa zientifiko batek agerian utzi baitu metal astunen presentzia uste baino handiagoa dela. Gai horren inguruan aritu da Ziortza Llona Auzokoa Herrikoi elkarteko ordezkaria NAIZ Irratian, herrian bizi duten egoera «larri eta historikoki errotua» dela azpimarratuz.

Llonak gogorarazi du kutsadurak Erandion duen ibilbidea ez dela gaurkoa. «Gure herriak istorio beltza dauka kutsadurarekin, 60ko hamarkadaren amaieratik», adierazi du, eta bi bizilagunen heriotza ekarri du gogora, 1969an kutsaduraren aurkako mobilizazioetan polizia frankistak erail zituelako. «Horrek guztiak markatu du gure imajinario kolektiboa», azaldu du.

Testuinguru horretan, 2014an hasi ziren Auzokoa Herrikoi eta Erdibidea Kate Barik elkarteak kutsaduraren gaia lantzen, auzokideen kexek bultzatuta. «Kirats jasanezina, metal zaporea ahoan, arnasteko zailtasunak, zarata industrial handia eta lo egiteko arazoak» ohikoak zirela azaldu du. Horren ondorioz, mobilizazioak, sentsibilizazio kanpainak eta artea bezalako adierazpideak erabili dituzte arazoari ikusgarritasuna emateko.

2020an, «Kutsadurarik ez» proiektua aurkeztu zuten, eta horren barruan Airearen Zaindaria izeneko ekimena abiatu zuten. Proiektu horretan, 300 herritarrek parte hartu zuten landareen bidez airearen kalitatea neurtzen. «Landareen hostoen azterketek erakutsi zuten Erandioko airearen kalitatea Bartzelona eta Madril bezalako hirietakoa baino askoz okerragoa zela», azaldu du Llonak.

Ikerketaren bilakaera
Ondorio horiek ikusita, ikerketa sakonagoa egitea erabaki zuten, Pirinioetako zientzia institutuko eta Ikerketa Kontseilu Goreneko kide diren zientzialariekin elkarlanean. Azken txosten horrek argi utzi du arazoaren muinetako bat neurketa sistemetan dagoela. «Legearen parametroen barruan gaude esaten denean, egia zati bat besterik ez da», azaldu du. Izan ere, neurketa ofizialek urteko batez bestekoak hartzen dituzte kontuan, eta horrela «osasunerako oso arriskutsuak diren kutsadura pikuak ezkutuan geratzen dira».

Ikerketa berriak, aldiz, neurketa jarraituak egin ditu, eta horietan ikusi da «egun jakin batzuetan eta denboran zehar legezko mugak gainditu» direla. Kutsadura iturriak anitzak direla ere nabarmendu du Llonak, industria-poligonoek duten pisua azpimarratuz. «Ez da enpresa bakarra, baizik eta industria jarduera ugari», zehaztu du, Axpe eta Asua inguruko poligonoetan egindako neurketak aipatuz.

Ikerketaren ondorioak: metal astunen eragina
Metal astunen presentzia bereziki kezkagarria dela ohartarazi du. «Nikela eta kadmioa bezalako metal toxiko eta kartzinogenoak atzeman dira», azaldu du, eta partikula finenek —PM2,5— duten arriskua nabarmendu du. Partikula horiek «erraz arnasten dira, kate trofikoan metatzen dira eta lurra, ura eta ibaiak kutsatzen dituzte», azaldu du.
Ondorioak bereziki larriak dira populazio ahulenentzat. «Umeek, adinekoek eta gaixo kronikoek esposizio handiagoa dute», adierazi du, eta horrek arnasketa arazoak, asma eta garapen kognitiboan kalteak eragin ditzakeela ohartarazi du.

Erandioko alkate ohiak ikerketaren ondorioak ukatu izana ere kritikatu du Llonak. «Ausarta da txostena irakurri gabe ondorioak gezurtatzea», adierazi du, eta gogorarazi du alkate ohiak berak onartu duela ez duela txostena aztertu.

Llonak neurri zehatzak eskatu ditu. «Ikerketa toxikologikoak egin behar dira, neurketa jarraitu eta fidagarriak bermatu, PM2,5 partikulen eta metal astunen presentzia murriztu eta kutsadura iturriak argi identifikatu», zerrendatu du. Nabarmendu du ez dutela lantegiak ixtea eskatzen, baizik eta «enpresek eta administrazioek euren erantzukizuna hartu eta herritarren osasuna babesteko baliabideak jartzea».

Jaurlaritza Logoa