Zuzenean

Iraia Cambra | Zaloa Badiola
Elkarrizketa
Juanjo Erregarena
Iturengo joalduna

«Inauteria odolean daramagu txikitatik»

Juanjo Erregarena Iturengo joalduna NAIZ Irratian izan da, inauteriaren esanahi sakonaz, joaldunen errituaz eta Ituren eta Zubietaren arteko ibilbideez hitz egiteko. Tradizioak herrian duen pisua eta azken urteetako aldaketak azaldu ditu elkarrizketan.

Audio_placeholder

«Inauteria odolean daramagu txikitatik»

Loading player...
Juanjo Erregarena, Iturengo Herriko Ostatuan
Juanjo Erregarena, Iturengo Herriko Ostatuan (NAIZ)

Juanjo Erregarena joaldunaren hitzetan, Iturengo inauteria ez da jai soil bat, herriaren nortasunaren parte baizik. NAIZ Irratian azaldu duenez, «inauteriarik gabe ez genuke jakingo bizitzen, txiki-ttikitatik barruan daramagulako».

Joareen hotsak errituaren erdigunean daudela nabarmendu du joaldunak, lurra esnatzeko eta gaitzak uxatzeko duten sinbolismoa azpimarratuz. Bere esanetan, «joareen soinua berezia eta misteriotsua da, eta udaberriaren etorrera iragartzen du».

Egun hauetako egitarauari dagokionez, ordutegi zurrunik ez dagoela azaldu du, baina ohiko urratsak argi daudela: elkartzea, gosaria, joareak janztea eta auzoz auzo ibiltzea. «Haurrak ateratzen dira lehenik, eta ondoren helduak, azkenean guztiok batera herrira sartzeko», azaldu du.

Iturengo eta Zubietako joaldunen arteko alde nagusia janzkeran dagoela ere adierazi du. «Iturenen bi ardi-larru erabiltzen ditugu, gerrian eta bizkarrean; Zubietakoek, berriz, bakarra», zehaztu du, eguraldi txarraren aurrean babes handiagoa ematen dutela gaineratuz.

Emakumeek joaldun gisa parte hartzeari buruz ere mintzatu da Erregarena, azken urteetan egindako bidea gogoratuz. «Erritmoa eta neurria errespetatzen badira, emakumeek ere badute tokia inauterian», adierazi du.

Azkenik, kanpotik etortzen den jende kopuruak gora egin duela onartu du, baita atzerritik ere. Hala ere, mezu argia helarazi du: «Ongi etorriak dira denak, baina beti errespetuz, hau ez delako ikuskizun hutsa, erritua baizik».

Jaurlaritza Logoa