Zuzenean

«Berriztagarrien planak energia enpresa multinazionalen onurarako diseinatutakoa dirudi»

Eusko Jaurlaritzak laster onartuko du energia berriztagarrien lurralde plan sektoriala (LPS). Erantzun soziala aintzat hartu ez duelakoan, ‘LPS honi ez!’ plataforma sortu dute lurraren defentsan dabiltzan zenbait eragilek. Imanol Mujika eta Jose Manuel Muñoz ekimeneko kideekin izan gara.

Audio_placeholder

«Berriztagarrien planak energia enpresa multinazionalen onurarako diseinatutakoa dirudi»

Loading player...
‘LPS honi ez!’ ekimenaren aurkezpena, pasa den abenduan
‘LPS honi ez!’ ekimenaren aurkezpena, pasa den abenduan (Monika Del Valle | FOKU)

Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala onartzeko bidean da Eusko Jaurlaritza eta, desadostasuna salatzeko, ‘LPS honi ez!’ ekimena sortu da.

EAE mailako lurralde antolaketa honek lurraldearen kategorizazio bat egiten du, mapa orokor bat non lurraldearen ahalmenaren arabera sailkatzen dituen eremuak. Plataformako kideek errezeloz hartu dute antolaketa hau, argudiatuz helburua dela «lurraldean energia berriztagarri industrialen hedapen masiboa bideratzea». Horretarako, LPS honen bidez egin nahi dena da «egon daitezkeen oztopo administratiboak gainditzeko tresna bat sortzea» eta horren aurrean borroka bateratua egiteko antolatutako ekimena da ‘LPS honi ez!’. Ekimeneko kideek uste dute «logika beraren parte» dela orain arte proiektuak banan bana etorri izana eta, hemendik aurrera, «goiko babesarekin pakete berean» etortzeko aukera.

Besteak beste, prozedurarekiko desadostasuna azaldu dute, 2023an udalek alegazioak aurkezteko denborak ez baitziren egokiak izan (zenbait udalbatza osatzeko zeuden) eta zalantzazkoa baita «herriak parte hartzeari lekua eman ote zaion», besteak beste, 4.000 alegazio inguru jaso baitzituen. Kontuak horrela, «energia enpresa multinazionalen ikuspegitik eta haien onurarako diseinatutako plana» dirudi LPSak.

Bestalde, ekimeneko kideei deigarria zaie hasierako bertsiotik behin-behinekora kalifikazioak aldatu izana. Dokumentuak, esklusio eremuak kanpo utzita (Natura 2000 sarea, Parke Naturalak, itsasertzak…), lurraldea bi irizpideren arabera zonakatzen du: batetik, ingurumenarekiko duen sentikortasunaren arabera eta, bestetik, bertako baliabide energetikoaren arabera. Hasierako bertsiotik behin-behinekora urte t’erdi inguru pasa denean, «magiaz-edo, bilakatu dira egokitasun baxu edo ertaineko 45.000 ha-tik gora egokitasun ertain edo altuko». Kideen arabera, urte t’erdian sentikortasunik ezin da aldatu, beraz, baliabidean izan behar du aldaketak. Horretarako, ordea, neurketa berriak beharko lirateke, aurrekoak zuzenak ez zirela ziurtatzen duten kalkuluak eta Lurralde Plan Sektoriala aztertzen aritu diren kideek ez dute «horrelako justifikaziorik ikusi».

LPSaren, lurraren defentsa mugimenduez, energiaren eta honek eragiten duen mendekotasunaz eta trantsizio energetikoaz ere aritu dira Gelditu Makinak saioan.

Jaurlaritza Logoa