Zuzenean

Bigarren Kafea

«Aurreikusi daitekeen sailkapenik ez dago, eta uste dut horrek egiten duela berezi final hau»

Xilabako finala Donibane Lohizunen izango da larunbatean, eta azken saio honen inguruan aritu da gurean gaur Irantzu Idoate Funosas. 

 

Audio_placeholder

«Aurreikusi daitekeen sailkapenik ez dago, eta uste dut horrek egiten duela berezi final hau»

Loading player...

Pasa berri den azaroaren 4ean hasi zuen bidea Xilabak, Zuberoako, Lapurdiko eta Baxe Nafarreko bertsolari txapelketak eta 24 bertsolari ziren lehian. Datorren larunbatean ordea, finalean, 6 izango dira oholtzan haien artean txapela etxera nork eramango hitzekin eta doinuekin borrokan. Domintxaine, Ainhoa, Ligi, Aiherra, Muskildi, Hiriburu, Baigorri eta Bardozen saioak egin ondoren, urtarrilaren 31ean Donibane Lohizunen izango dira finalistak: Miren Artetxe Sarasola, Elixabet Etxandi Goihenetxe, Aitor Servier Etxexuri, Irantzu Idoate Funosas, Maddalen Arzallus Antia eta Maddi Ane Txoperena Iribarren. 

Horien artean gazteena da Irantzu Idoate, lehen aldiz izena eman du eta lehen aldiz sailkatu da finalera. «Xilaba lau urtetik behin egiten da eta badakigu bertsolari gazte moduan, aurkezten ez bagara plaza zirkuitutik kanpo gelditzeko arriskua dugula», aitortu du eta azaldu du gogoa bazuen ere logikak eta inertziak ere paper garrantzitsua jokatu dutela izen ematerako orduan. 

Hori horrela, azaldu du saiorik saio joan zela helburuak finkatzen eta larunbat honetan txapelagatik borrokatzeaz gain, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketarako txartelagatik ere borrokatuko duela. «Aurreikusi daitekeen sailkapenik ez dago, eta uste dut horrek egiten duela berezi final hau», kontatu du Idoatek gogoz. Sei bertsolaritik bost emakumeak izatea ere pozgarria dela dio Idoatek nahiz eta ez den erabateko sorpresa izan beretzat. «Uste dut, aski argi nuela gerta zitekeela horrela; kontent egoteko arrazoiak ditugu, baina oraindik bidea dago egiteke: hasierako 24 parte-hartzailetatik 9 ginen emakumeak», azpimarratu du.

Txapelketaz gain, euskalkien inguruan hitz egiteko tartea ere izan dugu, euskal bertsolari ezberdinekin entrenatzen aritu baita, eta aitortu du Hegoaldean ikasi eta bizitzeak nahi gabe ere deskonexio txikiren bat eragin diola eta horri buelta eman nahi izan diola Xilaban zehar: «Sentitzen dugu euskalkia mantendu eta hitztegia zaintzeko erronka dugula, garrantzitsua da hori entzulearekin konektatzeko».

Jaurlaritza Logoa