Zuzenean

Peli Lekuona - Hegoi Belategi
Elkarrizketa
Joxemari Mitxelena
Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidentea

«Nahiz eta errekurtsoa zaila izan, tentuz ibili behar dugu»

KAAren erabakiaren ostean «zuhurtzia» eskatu badu ere, auzitegiak atzean utzi eta hemendik aurrera «lehia bakarrik kantxan izatea» espero du Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidente Joxemari Mitxelenak, begirada Argentinak hartuko duen munduko txapelketan jarriz. 

Audio_placeholder

«Nahiz eta errekurtsoa zaila izan, tentuz ibili behar dugu»

Loading player...
Joxe Mari MItxelena EEPFko presidentea Abadiñon hilaren 21ean egindako agerraldian.
Joxe Mari MItxelena EEPFko presidentea Abadiñon hilaren 21ean egindako agerraldian. (Oskar Matxin Edesa | FOKU)

KAA Kirolaren Arbitraje Auzitegiak atzera bota du Espainiako Pilota Federazioak euskal pilota selekzioaren ofizialtasunaren aurka jarritako helegitea, gaiari heltzeko eskumenik ez duela ebatzita. Albiste historikoa da, baina etor litezkeen bestelako mugimenduen zain, momentuz lasaitasuna eskatu du Joxemari Mitxelena EEPF Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidenteak: «Nahiz eta errekurtsoa zaila izan, tentuz ibili behar dugu»

Lasaitu ederra hartuko zenuten, edo irits ote liteke beste helegiterik?

Betiere tentuz ibili behar dugu. Lehenago ere esan zizkiguten gauza batzuk eta gero ez zituzten bete, baina badirudi hemen amaituko dela amesgaizto hau. Baina kontu handiz ibili behar dugu, badaezpada ere.

«Normaltasunera itzultzea» eskatu zenuen, baina Espainiako Euskal Pilota Federazioak onartuko al du?

Ez dakit ba! Guk badakigu zer nahi dugun eta zer-nola pentsatzen dugun; ez, ordea, beraiek zer nahi duten edo zer pentsatzen duten. Pentsatzen dut hor beraiek ere presioak jasango dituztela, alde batetik eta bestetik. Helegite bat jartzea nahiko zaila dela ikusten dugu, baina nahi izanez gero, bilatuko dute zirrikituren bat, oso zaila egiten zaielako guk selekzio ofizial gisa jokatzea.

Nazionalista espainolek oso-oso gaizki ikusten dute. Beraientzat, guk espainolak izan behar dugu eta gure selekzioak espainola izan behar du, espainolak garelako. Eta ez dira hortik ateratzen. Beste errekurtso bat iristea zaila izan arren, betiere, eta badaezpada, tentuz ibili behar dugu. 

Egitura eta lehiaketa ofizialei dagokienez, Euskadiko Federazioak gauza gehiago sortu beharko ditu aurrerantzean, edo segurtasun handiagoarekin lan egingo duzue?

Ez. Gu 2024ko abenduaren 28tik aurrera kirol arloan normaltasun osoz jokatzen ari gara; ez jokatzen bakarrik, baita antolatzen ere. Orain arte dauden zalantza bakarrak bulegoetan eta epaitegietan daude. Espero dugu epaitegietakoa amaitzea eta bulegoetakoa, berriz, normalizatzea. Baina kirol arloari dagokionez, normaltasun osoz aritu gara joan den urte honetan.

Bestalde, termino berezia azaldu zenuen: «Euskal Erdia» selekzioa.

Noizean behin, batzuk ikusten ditut nola esaten diguten «Euskal Herria» izan beharrean «Euskal Erdia» garela, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko txapelketetan (FIPV) Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pilotariak dabiltzalako.

«Nahiko genuke nafarrak eta Iparraldekoak gurekin batera egotea. Gugatik balitz, Nafarroako eta Iparraldeko pilotariak ez bihar, minutu bat barru onartuko genituzke euskal selekzioan»

 

Badakigu baldintzak ez direla berdinak nafarrentzat eta Iparraldekoentzat; nafarrek baldintza zailagoak dituzte eta Iparraldekoek are eta zailagoak. Baina, era berean, ateak ez daude itxita, irekita baino. Horregatik esaten digute ‘Euskal erdia’ garela, baina gure aldetik nik uste pauso guztiak eman ditugula. Guk ofizialtasuna lortu dugu eta nahiko genuke nafarrak eta Iparraldekoak gurekin batera egotea, baina zergatik ez daude? Bertako federazioek ez dutelako nahi, edo baldintza gogorragoak jartzen dituztelako; ez gugatik. Gugatik balitz, ez bihar, minutu bat barru onartuko genituzke.

Bestalde, nafarrek ere jokatu dute gurekin; ez Euskal Autonomia Erkidegoko hiru probintzietakoek bakarrik. Baldintza zailagoak dituztela? Bai, baina betetzen badituzte, gurekin joka dezakete, inongo dudarik gabe.

Nazioarteko Pilota Federazioak Iruñeko egoitza utzi du. Nolatan hartu da erabaki hori? Loturarik badu gatazka honekin?

Zeinek antolatzen ditu txapelketarik onenak? Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak? Halakoetan, nazioarteko federazioak ondo tratatuak izaten dira. Espainiak Munduko Futbol Txapelketa antolatu nahi badu, ahaleginak eta bi egiten ditu eta FIFA ondo tratatu behar du Madrilen jokatzeko.

Pilotan gauza bera gertatzen da: txapelketa bat zure herrialdera ekarri nahi baduzu, ahalik eta hobekien portatzen saiatu behar zara. Baina Nazioarteko Federazioa Espainiarekin nazkatuta baldin badago, zer egingo du? Ospa!

Hurrengo helmuga urrian Argentinan jokatuko den Munduko txapelketa izango da. Zer espero behar genuke?

Datak oraindik erabat zehazteke daude, baina zer espero behar dugun? Normaltasunez jokatzea. Lehiak kantxan bakarrik izatea eta ez kanpoan.


Jaurlaritza Logoa