Zuzenean

Jaten duguna omen gara. Halaxe bada, asko supermerkatuko mikroplastikoz beteriko peruko piperrak gara. Edo 9.000 kilometro egin dituen ahuakate bat. Edo izoztutako ogia. Edo laborategi batean sortutako glutamatodun gailetak. Baina izan gaitezke Inaxioren erleek egindako eztia. Izan gaitezke Elenaren babarrun goxoak, euriaren arabera lehenago edo beranduago iristen direnak. Izan gaitezke Jonen sagarrak.
«Etorri lokalera kalabazak, tipulak, tomateak, azaloreak, baratxuriak, sagarrak eta udareak hartzera» horize da Herrizoma Gasteizko Elikadura Sarearen instagram kontuko lehen argitalpena. Erakargarria ezta? Pandemia ostean sortu zuten proiektua, eta eraldatzen joan da pixkanaka, nortasuna galdu gabe: elikadura ardatz izatea.
Hilabetean behin, supermerkatuen sarreretan elkartzen dira proiektuko militanteak, elikagaiak jasotzeko. Horiekin, eta beraien ortu komunaletan jasotako produktuekin saskiak egiten dituzte. «Hilabetero 21 familiei banatzen dizkiegu saskiak».
Euskal Herriko bestelako proiektuak ere izan dituzte bidelagun. «Iruñera joan ginen galduta geunden momentu batean, eta ikusi genuenak harritu gintuen; hor hasi ginen galdera batzuen erantzunak topatzen. Zorionez, ez gaude bakarrik».
Elikadurak ardazten du Herrizoma proiektua, baina kideek argi daukate «guk arazoa estrukturalagoa dela ikusten dugu. Guk elikaduraz hitz egiten dugu baina arazo gehiago daude: etxebizitza, migrazioa…».


