Zuzenean

Peli Lekuona - Hegoi Belategi

«Ezin ditugu ulertu gaztetxeen huste hauek kasu isolatu gisa»

Autogestioan eta auzolanean oinarritutako bi espazio, antzeko mehatxua eta batasunean oinarritutako erantzun kolektiboa. Hilaren 27an egingo diren epaiketen aurrean indarrak batu dituzte Donostiako Guardetxeak eta Igorreko Kiñu Gaztetxeak. Bertako lau gazte izan dira NAIZ Irratian. 

Audio_placeholder

«Ezin ditugu ulertu gaztetxeen huste hauek kasu isolatu gisa»

Loading player...
Josu Egurtza (ezkerrean) eta Eñaut Alvarez (eskuinean) Guardetxeko kideak.
Josu Egurtza (ezkerrean) eta Eñaut Alvarez (eskuinean) Guardetxeko kideak. (NAIZ Irratia)

Hilaren 27an Donostiako Guardetxea eta Igorreko Kiñu gaztetxeetako kideak epaituko dituzte. Salatzaileak ezberdinak izan arren, sakoneko arazo berberari erantzuten diotelakoan, dinamika bateratua abiatu dute bi gaztetxeek, elkartasunetik koordinatu eta babesa emateko. «Ezin ditugu ulertu huste hauek kasu isolatu gisa», dio Eñaut Alvarez Guardetxeko kideak, «badagoelako erabateko ofentsiba bat oinarritzen dena legediaren garapenean. Ikusi genuen aurreko urtean EAJren proposamenaren bitartez onartu zela ‘okupazioaren kontrako legea’ deitu duguna. Badago manipulazio mediatiko bat okupazioa bera kriminalizatzen duena eta horren guztiaren baitan kokatzen dugu gaztetxe bakoitzaren aurkako hustea». 

Donostiako Parte Zaharrean aisialdi herrikoia dinamizatzeko paper garrantzitsua bete zuen Urgull Mendiaren magalean dagoen Guadetxeak, duela urte batzuk hustu zuten arte. Sei urtez hutsik egon ostean, Donostiako Udalarena den eraikina berriz okupatu zuten duela zortzi bat hilabete. Udalarekin harremanetan izan diren arren, ez dira akordio batera heldu jarduera autogestionatua mantentzeko. Auzoak behar zuen espazio bat bermatzeagatik kriminalizatu nahi izan dituztelakoan honakoa galdetu du Alvarezek: «Guk zer delitu egin dugu eraikin publiko hau sei urtez hutsik egotearen aurrean?». 

Kasualitatea edo ez, auzo mugimendua eraikinetik kanporatzeko helburuz hilaren 27an egingo den epaiketak Bizkaian Igorreko Kiñu gaztetxeko kideen aurka egingo denarekin bat egingo du. Guardetxeko Josu Egurtzaren aburuz, «elkarrekin kontaktuan jartzen hasi ginen eta ideia ona iruditu zitzaigun kanpaina bateratua egitea indarrak batzeko». 

Ezinbestekoa Igorren

Bere garaian RTVErena zen eraikin batean (La Botica de la Abuela saioa ekoitzi zen bertan), kokatuta dago Igorreko Kiñu gaztetxea, baina kanporatuak izateko aukerak oso errealak dira une honetan, Sabadell bankuarena baita gaur egun eta honekin «negoziatzen» aritu diren arren, honek ez die berritu aurretik zuten estatus juridikoa, lagapen kontratu baten antzekoa litzatekeena. «Negoziatzeko prest» daudela azaldu du Kiñu gaztetxeko Aner Zuluagak 12 urtez luzatu den herri proiektuari jarraipena emateko. «Gura dugu ikusi juizioaren aurretik eta gero ea Sabadellek zer nolako prestutasuna duen». 

Kiñu gaztetxearekin egungo espazioan jarraitzea da euren helburua eta horretarako berretsi du Unai Itxaustik Sabadellekin «akordio bat» lortzea dela lehentasuna. Dena den, kaleratuak izango balira eta Igorrek espazio komunitarioak behar dituela sinetsita, Intxaustik aurreratu du «positibotzat» joko luketela Igorreko Udalarekin hitzarmen bat sinatzea, publikoa den eraikin batean proiektuarekin aurrera egiteko. 

Jaurlaritza Logoa