Zuzenean

Peli Lekuona
NAIZ Irratia. Haria 1eko gidaria

Papresaren enplegu-erregulazio txostenaren aurrean enpresa batzordeak errefusa adierazi du

70 milioiko zorrari aurre egiteko Papresa paper enpresak enplegu-erregulazio espedientea iragarri du. Enpresak dituen 220 langileen erdiari eragingo lioke, enpresa batzordearen errefusa eraginez. Martin Otamendi, enpresa batzordeko kidea NAIZ Irratian izan da horren berri emateko.

Papresaren enplegu-erregulazio txostenaren aurrean enpresa batzordeak errefusa adierazi du

Loading player...
Papresako enpresa batzordea Errenteriako udalean egindako bilera ostean
Papresako enpresa batzordea Errenteriako udalean egindako bilera ostean (Martin Otamendi)

Pasa den urtarrilaren 17an iragarri zuen Errenteriako prentsa paper ekoizleak enplegu-erregulazioko espedientea (EEE). 70 miloi euroko zorrarekin, Quantum taldearen jabetzako Papresa salmentan dago, CL talde industriala, lehen Cristian Lay zena dela enpresa bereganatzeko hautagai nagusia. Salerosketa errazte aldera, enpresak lanpostuak murriztea erabaki du, sindikatuen eta lan batzordearen errefusa eraginez.

Martin Otamendi, Papresako enpresa batzordeko kidea, NAIZ Irratian izan da asteazken honetan aferaren berri emateko. EEE baztertzeaz gain, komunikazio falta salatu du enpresaren aldetik. «Harridurarekin jaso dugu albistea, pasa den ostegunean jakin genuen Cristian Lay taldeak gu erosteko aukera zuela, eta aukera horren barruan zeuden auzien artean, prentsa papera egiten duen makina ez zuten bere prozesuen barne aintzat hartzen. Ostiral gauean bat-batean prentsan EEE-ren albistea leku guztietan atera zen, guk ez genekin ezer». 

Enpresak bizi duen egoera kezkagarria dela adierazi du Otamendik. «70 milioiko zorra dugu, batez ere banketxeekin, eta Quantum taldeak erabaki zuen ezin zuela prozesu horrekin jarraitu eta erosleak bilatzen hasi zen, baina ez genuen espero horrelako zerbait, langileen erdia kalean utziko zuen zerbait».

Krisi orokortua

Otamendik prentsa paperaren sektoreak krisi egoera bizi duela adierazi du, hedabide tradizional guztiei eragiten dien fenomenoa dela nabarmenduz. Dena den, sektoreak etorkizuna duela iritzi du, beste merkatu batzuk ireki baitira paper ekoizleentzat. «Gertatzen ari dena da ohiturak aldatzen ari direla. Prentsaz aparte telebistaren kasuan ere ikusi dezakegu hori. Aldizkariak erosteko ohitura asko ari da jaisten Europa osoan».

Etorkizunari begira, aukera onena kartoi ekoizpenaren merkatua da Otamendiren esanetan. «Gertatzen ari da ere prentsa papera ekoizten duten enpresa askok beren fabrikak aldatzen ari direla. Etorkizunerako erakargarritasun handiena duena kartoia da, packaging-arentzako... baina uste dugu oraindik prentsa paperak merkatua baduela».

Kontsumo ohiturez gain, energiaren kostuari eta lehengaien garestitzeari egotzi dizkio sektorearen krisia. Otamendiren esanetan soldatak ez dira sektorean kostu gehien eragiten duten elementua, horregatik ez dute ulertzen langile murrizketa proposamena. Sektorearen hiru gastu nagusiak «energia, lehengaiak eta saltze-prezioa» direla nabarmendu du.

Enplegu-erregulazioko txostena

Lan gatazkaren harira, enpresaren partetik komunikazio falta salatu dute bai sindikatuek bai enpresa batzordeak berak ere. Hedabideen berri izan zutela EEE-ren berri adierazi dute, eta neurria ulergaitza dela. Otamendiren esanetan enpresak emandako zenbakiak harridura eragin du langileen artean, ez dator bat eta errealitatearekin.

«Asko harritu gaitu eman dituzten zenbakiek. Bai, 220 lagunek egiten dugu lan fabrikan, baina 220 horien barruan ere prejubilatu asko daude, zentsoan bai baina praktikan ez daude lanean. Eman dizkiguten zenbakiak oso zatarrak dira, ez digute erakutsi ez plan bat, ezta konkretutki zenbat pertsonari eragingo dien aldaketak ez ezer. Emandako zenbakiak ez dira errealistak».

Cristian Lay-ren erantzunaren zain

Otamendik orain CL talde industrialak erosketa egingo duen zain daudela adierazi du, eta egoerak hobera egin ezean mahai gainean dagoela mobilizazioak egiteko aukera. Bestalde, enpresa batzordeko kideak Cristian Lay enpresarekin bilera eskatu duela argitu du, honen erantzunik izan ez duten arren.

«Ez dakigu Cristian Lay-k zer esaten duen. Bilera eskatu dugu baina oraindik ez dira hemendik pasa. Orduan ez dakigu beste aukerarik izango den, guk behintzat ez dugu aukera gehiago lantzeko aukerarik izan enpresa honekin». Dena den, Papresa apirilera arte aurrekonkurtso fasean dagoela gogorarazi du Otamendik, eta oraindik ikusteke dagoela datozen hilabeteetan zer gertatzen den.

Jaurlaritza Logoa