Zuzenean

Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB edo, PAC bezala ezagunagoa) gaineko solasaldia antolatu zuen LeitzEKO Kontsumo Taldeak ‘Izan burujabe’ jardunaldien baitan. ‘Elikadura politikak. Nora doa gure dirua?’ izenburupean, gaia landu zuren EHNE Bizkaiako, EHNE Nafarroako eta Etxaldeko kide banak.
Elikadura mahaian parte hartzen duten eragileez gain, herritarrak jakitun izatea bilatu dute oraingo honetan eta hala gonbidatu dituzte euren irakurketak partekatzera Unzalu Salterain (EHNE Bizkaia), Patxiku Irisarri (EHNE Nafarroa) eta Mirian Otxotorena (Etxalde). Eurekin batera izan dira Habelarte Elkarteko zenbait kide.
Solasaldia emankorra izaki, bi saiotan banatu ditugu edukiak. Beraz, pasa den asteko Gelditu Makinak saioan hedatutakoaren osagarria da atal hau.
Mirian Otxotorenak, Etxaldeko kideak elikadura burujabetzaren eskala txikia izan zuen aztergai, Nafarroako egoerarekin uztartuta. Lurralde mailako koordinaziorik ez omen dago, hala ere, balorean jarri nahi izan zuen «mugimendu desberdinetatik datozen pertsona dezente» dagoela gaian sentsibilizatua. Nekazariak desagertzen, intentsifikazioa areagotzek, kutsadura handitzen, dibertsifikazioa galtzen eta Nafarroa esportaziorako monolaborantza bihurtzen ari zen egoera globalizatuan, ‘aldaketaren gobernuak’, onerako edo txarrerako, ate bat zabaldu zuen elikadura eta nekazaritza sistemak aldatu eta martxan jartzeko gogoz zeuden kolektiboentzat. «Kontestu horretan, mahai batzuk sortu ziren beren fruitua eman zutenak, adibidez, erosketa publikoak egitea».
Helburuetan ados egon baina prozeduretan talka egitea ere gertatu zaie. «Nafarroako Gobernuak ekoizpenei muga jarri nahi zien, gora eta gora zihoaztela ikusten zen eta. Hor, nekazari talde bat elkartu ginen zeren mugak jartzea ongi ikusten genuen baina enpresa handien handitzea eta intentsifikatzea eragozteko», alegia, nekazaritza intentsiboaren eta estentsiboaren bereizketa eskatzen zuten. «Ikusi dugu Caparroso ez dutela mugatu baina ustiategi txikiagoak eta agroekologiatik gertuago gaudenak bai».
Elikadura burujabetza lantzeko beste bide-orri bat honakoa du Otxotorenak: «emandako industrializazioaren ondorioz galdutako merkatu txikiak kontzientziaz landu behar dira». Hain zuzen ere, kontzientziazio lan ugari egitea egokitu zaie Etxaldetarrei beste eragile batzuekin lan eginez eta baita makroetxaldeen aurkako arlo judiziala landuz ere. «Gure mugimendua ere bada proposamenak egin eta departamentura aurkeztea», izan ere, «ikusten dugu Euskal Herrian eman daitekeela elikadura burujabetza beste eredu bat hartuta eta trantsizio agroekologiko bat eginez».
Mendialdeko bilakaera.
Mendialdeko errealitatearen gaineko irakurketa, berriz, Habelarte elkarteko kideek egin zuten. Esperientzia propiotik abiatuta, inguruko nekazaritzaren intentsifikazioaren berri eman zuen, aldaketa handiena «Europan sartzearekin bat» hasi zela kontatuz. Europan beste nekazari mota bat zegoen eta Nafarroako Gobernuak kolpean sartu nahi izan omen zituen bertakoak eredu horretan. «40 behi UTA [NLU, urteko Nekazal Lan-Unitatea] bat bazen, 60era igo zuten. Nekazari batzuk ere horretan sartu ziren, inbertsioak egin, diru-laguntzak hartu eta konpetitiboak izaten. Horrek ekartzen zuen lurrak beraiek hartzea, errentak errazago ordaindu ahal izatea, makineria bazuten lanerako eta, horrela, batzuk handitzen joan ziren eta besteak estankatu». Nekazaritzak eta abeltzaintzak izandako bilakaeraren harira, begiz jota zuen intentsifikazioa, «ez duzue imajinatzen zenbateraino intentsifikatu den».
Handiegira jo duten nekazariez gain, «asteburuetako nekazarien» gaiari eta eskuratze-ahalmenari ere heldu zion. «Ikusten da dirua badutela eta nekazari txikiak gutxirekin eta larre eskasagoekin geratu gara».
Hala ere, ziur zen, mendialdean nekazaritza intentsiboak ez duen bezala, gazteak baduela etorkizunik, zer egina egon badago eta. Hasi gintezke «komunalak berreskuratzen, arau batzuk jarri eta gazteei laguntzen sartzen. Horrez gain, esplotazioan bertan elaboratu eta salmenta zuzena egiten».



