Zuzenean

2005eko urtarrilaren 15ean Ipar Euskal Herrian jaioa, 26 urte bete berri ditu Euskal Herriko Laborantza Ganbarak (EHLG), eta testuinguru honetan azken urteko jardutearen bilana egin dute larunbatean. Iker Elosegi, EHLG-ko koordinazio orokorrerako eta mugaz gaindiko proiektuen arduraduna baikorrak direla adierazi du NAIZ Irratian.
Larunbateko jardunaren inguruan, honakoa esa du Elosegik: «Bilan oso baikorra egin dugu. Erakutsi dugulako posible dela mintzatzea laborarien eta lehengaiak erosten dituzten transformatzaile eta banatzaileen artean. Hori gertatzen da bai garagardoaren kasuan, baita ogia eta haragiarenean ere. Ekoizteko moduak eta balio erantsia partekatzeko moduak adostu dira. Orain gure erronka nagusia da nola eratzen den hori egiazko kontsumoan».
Elosegik erronka nagusia kontsumoa dutela azpimarratu du, bere hitzetan «Hemen lekuko laborariek ekoizten badituzte lehengaiak, guk, lekuko biztanleek kontsumitu behar ditugu».
Tokiko produktua izateak eta espreski euskal produktua izateak abantaila komertziala ematen diela azpimarratu du Elosegik, eta horri etekina ateratzen asmatu behar dutela berretsi du. Haragiaren kasuan adibidez, Ipar Euskal Herrian ekoitzitako %2a baino ez dela tokian kontsumitzen azaldu du.
Belaunaldi arteko erreleboa
Elosegi errelobaz aritu da ere, eta Ipar Euskal Herriko datuak Europako batez bestekoa baino hobeak izan arren, etxaldeen jarraitutasuna bermatzeko nahikoa ez dela tamaldu du.
«Azken 15 urteetan 80 bat gazte instalatu dira diru laguntzak eskatuz, beste lurralde batzuekin konparatuz asko da, Europa mailan langile berri gehien instalatzen diren guneetako bat da, harro izan gaitezke hortaz. Baina egoera ez da batere baikorra, anitz gehiago etxalde uzten dira, hau da, ez dute segidarik. Azken hamar urteetan Ipar Euskal Herrian 700 bat etxalde inguru galdu dira».
Horri aurre egiteko, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak laguntza juridikoa eta teknikoa ematen die etxaldeetan lan egin nahi duten pertsonei, etxaldearen familiakoak izan zein sektorean lehen aldiz sartzen direnei. Elosegik lehen sektorearen biziraupena bermatzeko jende gehiagoren beharra nabarmendu du.
Ganbara propioaren beharra
Elosegik Euskal Herriko Laborantza Ganbararen sormenaz hitz egin du. Bere esanetan, 2004. urtean ELB sindikatuak tokiko ganbara propio baten beharra antzeman zuen, eta hortik jaio zen urte bat beranduago.
Frantziar estatuan departamentuka banatzen da lurraldea, eta departamentu bakoitzak bere laborantza ganbara du. Ganbara horietarako hauteskunde sindikaletan FNSA izan da historikoki laborarien sindikatu nagusia estatu mailan. Baina ez da horrela Ipar Euskal Herrian, ELB da sindikatu nagusia, eta duela 20 urte pasatxo tokiko berezko ganbara bat sortu zuten lekuko erronkei aurre egiteko: Euskal Herriko Laborantzaren Ganbara.
Ordutik, ELB ez da departamentuko hauteskundeetara aurkeztu, Elosegiren esanetan «Euskal Herriak baduelako bere ganbara propioa».
Estrategia alternatiboak
EHLG-ko kideak azken boladan indarra hartzen ari diren sindikatuez hitz egin du ere, hain zuzen ere eskuin muturrari lotuta dauden «ultrak» taldeaz edota Coordination Rurale-z. Elosegik sindikatu hauen jarduteko modua gaitzetsi du, protestak egiteko beste modu bat dutela argudiatuz.
«Coordination Rurale eta «ultrak» protesta beste modu batean egiten dute. Haientzako da, haserre daude, blokeatzen dute eta badakite astoak izan daitezkela, dena zikin-zikina uzten dute. ELB-ren kasuan metodoa bestelakoa da, blokeoak egiten ditugu, aldarrikapen azkarrak, baina ez dago gure kultura politiko eta sindikalean gauzak hautsi edo zikin uztea».
Protestak egiteko metodoa desberdina bada ere, proposamenetan antzekotasun handiak daudela azpimarratu du Elosegik, bere hitzetan «metodo aldetik desberdin jarduten dugu, baina proposamenetan ez dago desberdintasun handirik».
Osasun krisiak
Jorratutako azken gaia animaliei eragiten dieten gaixotasunen inguruko kudeaketa izan da. Elosegik gogor kritikatu ditu egun hartzen diren neurriak, eta ekoizle txikiei lagundu beharrean, horiek agroindustria estentsiboaren mesedetan hartzen direla salatu du.
Agintarientzat garrantzitsuena sektorearen etekin ekonomikoa bermatzea dela kritikatu du. Osasun krisien aurrean ELB-k eta Euskal Herriko Laborantzaren Ganbarak sektorearen biziraupena bermatzeko borroka egin dutela berretsi du Elosegik. «Hemen, Ipar Euskal Herrian, borrokak izan dira administrazioaren kontra. Ez dugu utzi ahateak hiltzen, ez dugu utzi behi-tropak hiltzen, nahiz eta tuberkulosia izan. Borroka horien ondorioz proposamen batzuk egin ditu ELB-k, eta lortu dira proposamen horietako batzuk frantziar estatuan ere erabiliak izan daitezen».


