Zuzenean
«Ez gara eskatzen ari pribilegio bat, baizik eta lege organiko baten betetzea»
Atzerapenarekin, baina Moncloak Lakuari transferitutako azken eskumenak albiste dira egunotan. Prozesuan izandako zailtasunez eta oraindik ere transferitzeke dauden eskumenez bere ikuspegia partekatu du Maria Ubarretxenak, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Autogobernu sailburuak.
«Ez gara eskatzen ari pribilegio bat, baizik eta lege organiko baten betetzea»

Eusko Jaurlaritzako sektore jeltzalea kexu agertu da azken egunetan eskumenen transferentzia prozesuan Espainiako Gobernuak erakutsitako jarrerarekin. Kexu dira uztailean adostutako eskumen aldaketan izandako atzerapenarekin, baina batez ere, Moncloako sektore batzuek jarritako traba, edota berrinterpretazio saiakerekin, bi erakunde publikoek adostutako legezko konpromisoak izan arren. Aurrerantzean aldaketak ematearekin baikor, egoeraren irakurketa ekarri du NAIZ Irratira Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburu eta Gobernuko bozeramaileak.
Bost eskuduntza gehiago adostu dira. Hurrengo urratsa zein izango da?
Dakizuen bezala, Eusko Jaurlaritzak etxeko lanak eginda dauzka eta Gernikako Estatutua amaitzeko falta diren eskumenen proposamenak bidali zituen dagoeneko Estatura, pasa den urteko urrian. 10 proposamen dira. Horiekin itxitzat eman genezake Gernikako Estatutua. Eta proposamen horien gainean dagoeneko hainbat bilera izan ditugu. Hainbat proposamenetan gertutasun gehiago dago, beste batzuetan gutxiago, baina dagoeneko lanean hasita geunden. Egia da ostiralean itxi ziren bost eskumen hauen pakete honekin zailtasunak izan genituela, honen itxiera espero zelako pasa den urteko bukaerarako eta ez da hala izan. Berrekingo diogu aurretik geneukan negoziaketa horri, falta diren eskuduntzak gauzatzeko.
Hauek pakete bakarrean helduko dira edo zatiketarik egongo da?
Guk 10 proposamen egin ditugu eta horiek daude momentu honetan mahai gainean. Ministerioetara dagoeneko proposamenak bidalita daude eta bakoitzarekin bilera teknikoak dagoeneko eginda daude. Esan dizuedan bezala, batzuetan gertutasun gehiago dago besteetan baino. Orduan joango gara ikusten, baina dagoeneko lanean hasita zegoen bide horri gaurtik aurrera berriz helduko diogu.
Gertatutakoa gertatuta, beldurra edo mesfidantzarik bada?
Beti daukagu zalantza hori mahai gainean. Guk eskatu dioguna da (Espainiako Estatuko) Gobernuari hemendik aurrera gelditzen zaigun negoziaketan, mesedez aldatu dezagula negoziatzeko modua. Izan dira pertsona batzuk nolabait oztopatu dutenak eta (Sanchez) presidentea behar izan dugu jarrera horiek desblokeatzeko. Guk eskatzen duguna da ezin dugula desblokeatze hauekin azkeneko momenturaino iritsi. Transferentziak gauzatzeko egin behar diren dokumentuak asko dira, egin beharreko balorazioak asko dira eta oso ondo begiratu beharreko dokumentuak dira. Uste dugu beste lasaitasun bat behar dela testuak ondo begiratzeko, etxeko lanak ondo egiteko, bai gure aldetik, baina baita beraien aldetik ere. Espero duguna da presidenteak eman duela etxean agindua eta hemendik aurrera desberdina izango dela. Hori da lehendakariak ere presidenteari eskatu ziona. Inori ez zaio ahazten lehendakariak esku hartu behar izan duela eta berak presidentearekin izandako harreman horrek eman dituela bere fruituak.
Zeintzuk izan dira desblokeatu behar izan diren elementu horiek?
Guk uztailean bageneukan dagoeneko akordioa sinatuta bost materia hauen inguruan. Aldebiko batzar hori ofiziala da, erreglamendu bat dauka eta bertan hartzen diren akordioak ere ofizialak dira eta zigilatu egiten dira. Espainiako Gobernuko presidentearen eta gure lehendakariarekin sinadurarekin doa. Akordio batzuk bagenituen eta guk eskatzen genuena zen akordioak errespetatzea eta ez beste modu batera interpretatzea. Esate baterako, familiarrak diren prestazio ez kontributiboetan Kontzertu Ekonomikoaren bidez egin behar zela hauen finantzaketa. Azkeneko momentuan nahi izan da Estatuaren aldetik beste eredu bat erabiltzea. Uztailean dagoeneko hau sinatuta zegoen eta oso garbi dio Kontzertu Ekonomikoaren markoan egin behar dela. Desadostasun bat baino Jaurlaritzak eskatzen zuen bakarra zen uztaileko akordioak errespetatzea. Hori da eskatzen dugun bakarra.
Negoziaketetan beti izaten da eman beharreko zerbait. Egon da halakorik zuen kasuan?
Beti esan dugu lege organiko bat daukagula eta errespetatu behar dela. Lege organiko baten betetzea eskatzen ari gara. Oso berandu goaz. Ez gara eskatzen ari pribilegio bat, baizik eta lege organiko baten betetzea. Eta horretan ari gara lanean.
Hedabide publikoek aipatzen zuten ostegunean zalantzak zeudela bilerarik izango zen ala ez. Egon zen uneren batean zalantzarik?
Bai, noski. Bilera itxi zen osteguneko 11:30ak inguruan, hau da, azkeneko momentuan. Gure ogasunek momentu hartan jaso zuten azken akordioa, esan bezala, Kontzertu Ekonomikoaren ereduaren baitan zalantzak zeudelako batez ere Estatuaren aldetik, beste eredu bat jarri nahi zutelako martxan. Ezin dugu ahaztu guretzako Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoa Euskadik dauzkan erremintarik garrantzitsuenetakoak direla eta guk horri ezin diogu uko egin, inolaz ere. Hori oso garbi geneukan.
Hauteskunde egoera batek nola eragingo lioke falta diren eskuduntzak lortzeko prozesuari?
Beti esaten dudan bezala, hilabeteak daramatzagu honi buruz hitz egiten eta Sanchez jaunaren legealdia zalantzan jartzen. Sanchez jaunak aurrera jarraitzen du. Mundua oso azkar aldatzen ari da, etengabe ari dira gertakizunak ematen eta ez dugu inongo aurreikuspenik egiten. Beste aldean Gobernu bat dagoen bitartean partidak jarraitzen du eta guk jokatzen jarraituko dugu.
Atzerapen honek nolako eragina du politikarekiko sinesgarritasunean? Herritarrek legea ez duenean betetzen zuzeneko ondorioz izaten ditu.
Asteburu honetan kaletik jaso dudana poztasuna izan da. Orokorrean aurrera pauso ikaragarri bezala hartu da eta horrekin gelditzen naiz. Uste dut gizarteak ere hala ulertu duela eta hau izan behar da bidea.




