Zuzenean

Ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen arloan indarkeria matxistaren presentzia «oso errotua» dagoela ondorioztatu du Garazi Arregik egindako ikerketak. Inkesta, elkarrizketa sakonak eta focus groupak uztartuta, diagnostikoak erakutsi du egoera ez dela salbuespenezkoa, baizik eta egiturazkoa.
Arregiren hitzetan, «ondorio orokorra da gertatzen diren kasuak ez direla kasu isolatuak». Galdekatutako profesionalen %57,8k adierazi du ez duela segurtasunik sentitzen sektorean, batez ere lan-harremanen eta aisialdiaren arteko mugak lausotuta daudelako. «Entseguetan, jaialdietan edo lanetik eratorritako ekitaldietan lerroak oso finak dira, eta horrek arrisku egoerak sortzen ditu», azaldu du.
Ikerketak agerian utzi du, halaber, indarkeria kasu gehienetan botere-harremanek pisu handia dutela. Indarkeria jasan dutenen artean, ia %90ek adierazi du «hierarkiaz edo botere-posizioaz baliatu dela norbait». Horrek, gainera, isiltasuna eta salaketarik eza elikatzen ditu. «Askok pentsatzen dute salatuz gero ez dutela lanik izango edo ez dietela sinetsiko», dio ikerlariak.
Indarkeria mota nagusiena psikologikoa dela jaso du txostenak, ondoren indarkeria sexuala eta lan-esplotazioa agertzen direlarik. Prekaritateak egoera hori areagotzen duela nabarmendu du Arregik: «Lan-etenek eta ezegonkortasunak salatzera jotzea zailtzen dute».
Egoera horri aurre egiteko, Hemen elkartea eta Euskal Aktoreen Batasuna indarkeria matxistaren aurkako protokolo bat lantzen ari dira. Helburua ez da soilik kasuak artatzea, baizik eta prebentzioan eragitea. «Protokoloaren helburua prebentzio estrukturala egitea da, gertatu aurretik», azaldu du Arregik.
Neurrien artean daude arreta-zerbitzu espezializatuak, formazioa eta intimitate-koordinatzailearen figura indartzea. Azken honi buruz, profesionalek balorazio oso positiboa egin dutela azpimarratu du ikerlariak: «Segurtasuna ematen duen figura bat da, mugak gainditzen direnean esku hartzen duena».
Arregiren esanetan, gakoa da protokoloa ez geratzea paper hutsean. «Nahi duguna da benetako segurtasun-sentsazioa zabaltzea sektoreko profesionalen artean», adierazi du.


