Zuzenean

Peli Lekuona
NAIZ Irratia. Haria 1eko gidaria
Elkarrizketa
Francesc Reguant
Ekonomista

«Batasunaren bidez, itolarrian diren sektoreek lehiakortasuna irabazi beharko dute»

EB-Mercosur akordioan egotea uko egitea baino hobea dela uste du Francesc Reguant ekonomistak. Zailtasunak dimentsioa irabaziz eta laborarien arteko sistema kooperatibisten bidez gaindituko direla aldarrikatu du.

«Batasunaren bidez, itolarrian diren sektoreek lehiakortasuna irabazi beharko dute»

Loading player...
Laborarien protesta Biriatuko bidesarian.
Laborarien protesta Biriatuko bidesarian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Lehen sektorea protesta ziklo betean dagoela ikus dezakegu, baina EB-Mercosur akordioa harago doa. Industria bezalako sektoreetan ere eragina du. Jakin nahi dugu nola funtzionatuko duen. Europar Batasunaren barnean gaur egun egiten diren inportazio eta esportazioak bezala funtzionatuko dute harreman komertzialek?

Zehazki ez da horrela. Beste herrialde batzuk dira, baina murriztu edo ezabatu egingo diren muga-zergak sistema berdinean sartuko lirateke.

Baieztatu duzu akordioa kontratazio publikora ere helduko dela. Akordioaren ostean Hego Amerikako enpresak ikusiko ditugu administrazio publikoek azpikontratatzen ala lizitatzen dituzten lanak egiten?

Teorikoki bai, eta praktikan hala izango da. Bi isuriko kontua da. Euskal enpresak Argentina edo Brasileko proiektuetan lizitatu ahalko dira.

Geopolitikan bizi ditugun garai nahasi hauetan, EB-Mercosur akordioak ekonomia bloke berri baten sorrera ekar dezake, Txina ala Ameriketako Estatu Batuen lidergoen artean?

Hori da helburua. Hala ere, zaila da hona heltzea, egoera geoestrategikoa oso konplikatua dagoelako.

Katalunian eta Euskal Herrian laborari eta abeltzainak kalera irten dira. Kezkaz ikusten dute Hego Ameriketatik etor daitekeen konpetentzia edota zer nolako baldintzetan sortu diren elikagai horiek. Laborari hauek desabantaila egoeran geldituko al dira?

Ikaraz daude, beldurtuta. Hein batean justifikatuta dago, eta bestean ez. Barazkiak, produktu fresko ala frutarentzat lehiakortasun baldintzetan gaude. Laguntzen digun faktore bat da Ipar eta Hego Hemisferioaz hitz egiten gabiltzala. Honek denboraldiz kanpoko trukaketa komertzialak egiten lagunduko du. Ondorioz, aukerak sortuko dira. Beste maila batean, Katalunia Mercosurreko produktuen inportatzaile handi bat da, zerealak eta soja bereziki. Ondorioz, hobekuntza faktore bat izango da.

Protesta zergatik egin duten galdetuta, bada arazoak dituen sektore bat. Hori, behi haragiaren sektorea da. Zailtasunak izan ditzake Argentinako behi haragiaren lehiakortasun eta kalitatearengatik. Aukera handiko erronka izango da. Nik uste abeltzaintza eta nekazaritzaren egoerak sortu dien nekeagatik egin dutela protesta. Azken garai hauetan ikaragarrizko lehortea izan dugu. Urte hau ikaragarria izan da abelburuen gaixotasunetan. Dermatosi nodularra izan dugu behietan, hegazti gripea eta txerri izurria. Azken honek egoera biziki larriak sortzen ditu. Ez dago gaixotasun hau izan duen etxalderik, baina prezioak hondoratu egin dira eta esportazioak mugatu. Honek guztiak presioa eragin du, eta ingurumen arloko eskakizunak gehituta, sektorea zaurgarriago bihurtzen da beste lehiakideekiko. Honek autoestimu tentsio handia sortu du ustiategien jarraikortasuna zalantzan ikusten duten laborarietan.

Nolako mekanismoak aplikatuko dira lehen sektoreko produkzioa babesteko?

Azken uneetan hobetu diren klausulak daude. Mugimenduak eteteko klausulak dira, inportazioak aurreikusitakoa baino gehiago hazten badira. Gehiegizko lehiakortasunaren galera eteten duen mekanismoa da.

Neurri horiek izanda ere, laborari eta abeltzainek aurre egin ahal izango diote egoera honi?

Merkataritza irekiera akordio bat egiten denean, aldeko ala kontrako mugimenduak izaten dira. Desbideraketa komertziala izango da. Batasunaren bidez, itolarrian diren sektoreek lehiakortasuna irabazi beharko dute. Elkartzea, dimentsioa irabaztea eta teknologikoki hobetzea egoera horretatik irteteko faktoreak izango dira. Akordioak ere gehiegizko desbideraketak ekiditeko mekanismoak izango ditu; eta Europar Batasuneko Estatuek prozesu hauetan laguntzeko gaitasuna dute. Katalunia eta Euskal Herrian kontuan izan beharreko gauza garrantzitsuetako bat lurraldearen defentsara bideratuko diren baliabideak dira. Eragindako behi azienda eta estentsiboko abereen sektoreak Europar Batasunetik horretarako helduko diren funtsez hornitu ahalko dira.

Akordio honek nori eragingo dio gehiago, ekologikoan eta sormarkekin lan egiten duen abeltzain edo nekazari bati ala agro-industriaren sektoreari?

Ez dut erantzun zehatzik. Akordioak kalitatezko etiketak indartzea aurreikusten du. Beraz, kalitatezko etiketa hauek guztiek balioa hartuko dute. Hori da idatzita dagoena eta egin nahi dutena. Esan genezake ekoizpen ekologikoak merkatuak bilatzeko erraztasun gehiago izango dituela.

Garrantzitsuena kooperatibismoaren aldeko apustua da. Kooperatiba lehiakorrak ezinbestekoak dira laborantza txiki eta ertaina batu eta dimentsioa sortzeko.

VIAempresan idatzi duzun analisian bertan, soluzioa kooperatibismoa oinarri duen laborantza dela irakurri dezakegu. Brasileko esperientziez mintzo zara.

Bai, beraiekin bilerak egiten ditugu eta produkzio gaitasun handia dutela azaldu digute. Katalunian ere aldarrikatzen dugun ereduan merkaturatzea ez du kooperatibak egiten. Kooperatibak bere bazkideak zaindu behar ditu, baina salmenta kooperatibaren jabetzakoa den enpresa batek egin behar du. Sistema honek hobeto funtzionatzen du. Bazkide guztien arabera birbanatzen duen enpresa lehiakor bat sortu behar da, baina autofinantzaketa gaitasuna duena.

Izan daiteke EB-Mercosur akordioa elikadura arloko sektoreren batentzat negozio aukera bat, non esponentzialki inportazioak handitu ditzakeen?

Industriak lehiakortasun abantaila argia izango du, baina aukera izango da ere bertako nekazal ekoizpenentzat. Produktu freskoak ala ardoa bertan –Hego Amerika– saltzeko aukera izango da. Bestetik, beraiek ere gurean saltzeko aukera izango dute. Hori da akordioa. Denek irabazteko win-win tratu bat da. Horregatik da hain garrantzitsua etorkizuna kontuan hartzea, ez iragana. Etorkizunak prestatzea teknologia, dimentsioa, eskala-ekonomia eta kooperazioa esan nahi du, izango diren aukeretarako prestatzea.

 

Jaurlaritza Logoa