Zuzenean
Juan Contreras: «132 arrazoi ditugu iraultza bolibartarraren alde borrokatzeko»
Urtarrilaren 13 honetan 10 egun bete dira AEBk Venezuela erasotu eta Nicolas Maduro eta Cilia Flores bahitu zituztenetik. Juan Contreras Simon Bolivar Coordinadorako presidentea eta Iker Eizagirre internazionalista NAIZ Irratian izan dira honen gakoak ematen.
Juan Contreras: «132 arrazoi ditugu iraultza bolibartarraren alde borrokatzeko»

Duela 10 egun AEBk Venezuelan egindako operazio bereziak 132 hildako utzi zituen, AEBk «kirurgikotzat» jo zuten erasoan. Nicolas Maduro eta Cilia Flores bahitu baino aste batzuk lehenago Iker Eizagirre internazionalista Venezuelan egon zen, eta orduan, giroan herritarrek zerbait gertatzekoa zela espero zutela adierazi du.
Eizagirreren esanetan «jendeak egunez egun jarraitzen zuen informazioa eta askotan errepikatu zen esaldi bat zen Estatu Batuek ez dutela horrelako erakustaldi militar bat egiten, ez ditu Karibean dituen arsenal handienak hurbiltzen, ekialde hurbilean zuen Ford hegazkin-ontzia eta itsaspeko nuklearrak Karibera ekartzen, gerora ezer ez egiteko».
Juan Contreras, Simon Bolivar Koordinadorako presidentea, Al son del 23 irratiko zuzendaria eta Caracaseko 23 de Enero auzoko bizilagunak erasoa nola bizi zuten azaldu du. «Ezinegona eta krisi sentsazioa zegoen, jendea benetan ikaratu zen. Gure herriak lehen leherketa jaso zuenean, jendea kaleetan mobilizatu zen. Martxa jendetsuak izan ziren Caracasen eraso inperialistaren aurrean errefusa erakusteko».
Bestalde, AEBk urtarrilaren 3an eginiko erasoan hil zituzten 132 pertsonak indarra eman diela ziurtatu du, «132 arrazoi ditugu borrokan jarraitzeko», eta iraultza bolibartarrak indarrez jarraituko duela berretsi du.
Petrolioaren negoziaketa
Orain Venezuelak aurretik duen erronka handiena petrolioaren gaineko eztabaida da. Trumpek petrolioa berea dela dio, bitartean Delcy Rodriguez, Venezuelako presidenteak, petrolioaren banaketa garapen nazionalaren araberakoa izango dela adierazi du.
Petrolioa gatazkaren erdigunean dago, baina Eizagirrek gogoratu du interes ekonomiko eta geopolikoetatik haratago, ezin dela fokua Venezuelatik aldendu. «Petrolioa da oraindik ere prozesu iraultzailearen oinarri materiala eta finantzatzen duen elementu funtsezkoenetako bat».


