Zuzenean

URTARRILA
«Urtarrilak 13, ostirala, urteak ikusi ez zaitudala» abesten zuen Ken Zazpi taldeak, eta data garrantzitsua bihurtu zen denontzat.
OTSAILA
Sarkor taldeak honela zioen 2008an kaleratutako 'zu barik eztau' kantan: «otsailak 18, berriz ere barruan, astra geure eginez putre ugari dabil hegan inguruotan gu bota nahi ta ezinez...» Abestiak Gernikako Astra eraikinari egiten dio erreferentzia. 2005eko abenduaren 24ean, goizeko 5:00etan 60 gazte inguru Astrara sartu ziren, behinola arma fabrika izandako eraikina herritarrei eskaintzeko. Hurrengo egunak odisea bat izan ziren, eta berriro okupatu behar izan zuten eraikina. Noiz? Ba kantak dioen bezala, otsailaren 18an.
MARTXOA
Martxoari abesti asko eskaini zaizkio. Bereziki, Gasteizko martxoaren 3ko gertakariei. 1976ko martxoaren 3an, Zaramagako Asisko San Frantzisko elizaren barruan biltzarra egiten ari ziren milaka langileei gas negar-eragileak jaurti zizkieten poliziek, indarrez aterarazteko; eta, elizaren ate bakarretik irteten ziren eran, bi mila tiro baino gehiago bota zizkieten. Bost lagun hil zituzten, eta 150 zauritu. Kuraia, Ze esatek! eta Betagarri taldeek gertakari horri buruzko abestiak egin zituzten. Gaztelaniaz ere hainbat abesti eskaini dizkiote gertakariari.
Lehenengotarikoa Gorka Knorr izan zen. 'Gasteiz, martxoak 3' izeneko abestia egin zuen 1976ean. Tarragonan jaiotako gasteiztarra aitzindaria izan zen. Baina zer gertatzen da? Bere diskoetako bakar batean ere ez zuela argitaratua abestia. Hala ere, 1976ko irailean Donibane Lohizunen emandako kontzertu baten grabazio bat kontserbatzen da.
APIRILA
Apirilera iritsi gara eta M-ak taldeak, 1980ko hamarkadako Euskal Herriko Rock taldeak, apirilak 16 aipatzen du 'Eddie Cochranen balada' izeneko abestian. Zehazki, 1960ko apirilaren 16a. Izan ere, egun hartan hil zen estatubatuar rock musikaria. Gau hartan, Eddie Cochranek trafiko-istripua izan zuen Chippenhamen, autoak farola baten kontra talka egin zuenean. Londrestik Bristolera zihoan taxiari gurpilak eztanda egin zion eta, bat-batean, kontrola galdu zuen.
MAIATZA
Abesti asko eskaini zaizkio maiatzaren lehenengoari, Langileen Nazioarteko Egunari. Baina Euskal Herrian badugu maiatzeko beste gertakari garrantzitsu bat, Orion balea agertu zenekoa…'Orioko baleari' hogei bertso anonimo dira, 1901. urtekoak, Benito Lertxundi oriotarrak 1977. urtean bertsio laburtuan euskal abesti herrikoi bihurtuak. 1901eko maiatzaren 14an Orion balea bat nola arrantzatu zuten kontatzen du; Bizkaiko golkoan harrapatutako azken sardako balea izan zen, eta Orioko arrantzaleek arpoirik gabe dinamita erabili zuten animalia hiltzeko.
EKAINA
Badakigu Mikel Urdangarini ekaina asko gustatzen zaiola, 'Nire besoak' kantan honela dio: «Ekainaren 6a da laztana barri onik ez irratian» eta 'Ekainak 27' kantan aldiz… «Ekainak 27 bi mila eta bigarren urtean, aupa mutil, zetan zabiz, azkenian idazten dautsut». Baina agian, ekaineko data bat aipatzen duen abesti ezaguenena Vendettarena da: 'Ekainak 24', egun handia herri askotan.
UZTAILA
Negu Gorriak taldeak 'Chaquito' abestian uztailaren 26a aipatzen da, eta zergatik? Tira, egun garrantzitsua delako mugimendu latinoamerikarrentzako. 1953ko uztailaren 26an, Fidel Castroren taldeak Moncadako kuartela erasotu zuen Kubako Santiagon. Erasoak porrot egin zuen eta errebeldeen buruzagia atxilotua izan zen. Abokatua izaki, berak prestatu zuen bere buruaren defentsa. Epaiketa, Batistaren diktaduraren aurkako aldarri ozena eta Kubako Iraultzaren ataria bihurtu zen.
ABUZTUA
Dagoeneko existitzen ez den 4 itzal taldeko 'Boluetan' kantuan, Xabi Solanok abuzturen zazpigarren gaua aipatzen du.
IRAILA
Dorre bikien atentatuetan oinarritutako kanta asko ditugu. Hainbestetan entzun dugun galdera egiten digu Betagarrik: «Bi mila eta bateko irailak hamar, Non hintzen orduan?» edo Kaserna Taldearen 'Irailak 11' abestia.
URRIA
Baldin Bada taldeak 'odol usaina eskuetan' abestian urriaren 12a aipatzen du. Abestian ondo kontatzen duten bezala, egun hartan «Mila larehun eta larogeita hamabiko urriaren hamabian Kastillako erregeek bidalitako Kolon mertzenarioak Amerika aurkitu omen zuen».
ABENDUA
Abendurako abesti eder bat eskaini zion Ibil Bediko abeslariak amari, eta bertan abenduak 19a aipatzen da. Egun garrantzitsua amarentzat, eta familiarentzat. Eta antzeko ildoan, dolua erdigunean jarrita, Ruper Ordorikak honakoa dio kanta batean: «Egun da abenduaren lehena, bi mila eta zortzikoa, gauza ttikien erresumatik partitu da maisua». Nor da maisua? eta zer gertatu zen 2008ko egun hartan? Bada, Mikel Laboa hil zela. Euskal musikaren erreferentzia nagusi gisa goraipatua, urte askoan bere bi lanbideak uztartzeko gai izan zen Laboa: musikariarena eta medikuarena. Medikuntza eta Psikiatria ikasketak egin zituen Iruñean, eta gero Donostian aritu zen mediku, baina baita «artista politiko» gisa ere. Bere azken emanaldia 2006ko udan izan zen, Bob Dylanen telonero gisa, Zurriolako hondartzan, lekua gainezka zegoela. Laboa 2008ko abenduaren 1ean hil zen, 74 urte zituela.


