Zuzenean

Peli Lekuona | Iraia Cambra
Elkarrizketa
Jose Ramon Bilbao
Gernikako Udaleko EH Bilduko zinegotzia

«Gernikak akordioa eta egonkortasuna behar zituen, beste ezer baino lehen»

Jose Ramon Bilbao, Gernikako Udaleko EH Bilduko zinegotzia NAIZ Irratian izan da, Gernikako Udaleko aurrekontu akordioa azaltzeko. Bere esanetan, hitzarmenak blokeo instituzionalari amaiera eman eta herriarentzat funtsezkoak diren proiektuak desblokeatzeko balioko du.

Audio_placeholder

«Gernikak akordioa eta egonkortasuna behar zituen, beste ezer baino lehen»

Loading player...
Jose Ramon Bilbao, Gernikako Udaleko EH Bilduko zinegotzia, Iker Casanova eta Mertxe Aizpuruaren artean.
Jose Ramon Bilbao, Gernikako Udaleko EH Bilduko zinegotzia, Iker Casanova eta Mertxe Aizpuruaren artean. (EuropaPress)

EH Bilduk eta Gernikako alkate Jose Maria Gorroño buru duen taldeak aurrekontu akordioa lortu dute eta horren bidez 820.000 euro bideratuko dira pertsonen eta herriaren zerbitzura. Jose Ramon Bilbao, Gernikako Udaleko EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, «akordio honek blokeo eta ezegonkortasun instituzionaleko aro bati amaiera emateko balio du».

EH Bilduko zinegotziak gogora ekarri du azken urteetako egoera politikoa: «2023ko hauteskundeen ostean, indar bozkatuena izan arren, EAJren eta Gorroñoren arteko itun batek alkatetza beste norabide batera eraman zuen, eta handik gutxira akordio hura hautsi egin zen». Horren ondorioz, «konfiantza eta zubi guztiak apurtu ziren, eta oso zaila izan da Gernika gobernatzea».

Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera geratu izanari dagokionez, albistea positibotzat jo du Bilbaok: «Urteetan mehatxu bat izan da herriarentzat eta eskualde osoarentzat, eta orain jendeak arnasa hartu du». Bere ustez, egoera berri honek aukera ematen du «benetako plan estrategiko bat eta garapen eredu berritzaile bat mahai gainean jartzeko».

Aurrekontuei buruz, argi utzi du ez direla EH Bilduren aurrekontu propioak: «Ez dira gure aurrekontuak, eta guk ez genuke horrela kudeatuko herria». Hala ere, lehentasunak argi jarri dituztela azpimarratu du: «Akordioa, egonkortasuna eta aurrera egiteko bide estable bat lehenetsi ditugu». Horrez gain, «ikasgela zerbitzua martxan jartzea eta berdintasunarekin, zaintzarekin eta lan baldintzekin lotutako neurriak bermatu» dituztela nabarmendu du.

Jaurlaritza Logoa