Zuzenean
«Zibilizazio krisi honetan, autodeterminazioa eta herrien arteko berdintasuna behar dira»
Venezuela abiapuntu hartuta, nazioarteko egoeraren azterketa sakona egin du Gorka Elejabarrieta EH Bilduko ordezkariak NAIZ Irratian. Interesen nagusitasunaren aurrean «printzipioak» aldarrikatu ditu, eta horien artean autodeterminazio eskubidea eta herrien arteko berdintasunean landutako harremana.
«Zibilizazio krisi honetan, autodeterminazioa eta herrien arteko berdintasuna behar dira»

Gorka Elejabarrieta EH Bilduko Harreman Politikoen idazkaria eta senataria NAIZ Irratian egon da ostegun honetan, Venezuela hizpide nagusia izan delarik, baina ez bakarra. «Eraso inperialistatzat» jo du gertatutakoa, baina haratago joan da bere analisia, arau guztiak hausten ari direla ohartarazteko.
«Iraganean honelakoak gertatu diren arren, harridura puntu batez hartu dugu eraso hau –aitortu du–. Historian zehar gutxitan gertatu den bahiketa ikusi dugu. Eta inolako lotsarik gabe adierazi dute, iraganean ez bezala, Venezuelak dituen baliabideak kontrolatzeko sartu direla».
«Nola uzten gaitu honek? –galdetu dio bere buruari–. Gobernantza mundiala ziurtatzeko jarri zen nazioarteko ekosistema instituzionala krisi larrian da. Ez ditu gatazkak eragozten, eta gertatzen direnean ere zailtasun handiak ditu gatazka horiek konpontzeko. Zibilizazio krisi batean gaude. Trantsizio batean gaude eta trantsizio horiek normalean ez dira demokratikoki egiten. Autoritarismoaren, ultraeskuinaren, faxismoaren gorakada bat dago», nabarmendu du.
Horren aurrean, Euskal Herritik aldarrikatu behar dena «autodeterminazio eskubidea eta nazioen arteko harreman normalizatua da, berdintasunean eta errespetuan oinarritua», esan du Elejabarrietak.
Krisialdi horren nondik norakoetan sakonduz, arazoa honela laburbildu du: «Nazioarteko legedi adostu bat dago, baina ez bada betetzen eta ez-betetze horrek ondoriorik ekartzen ez badu, aurrean dugun trantsizio global horri aurre egiteko zailtasun handiak izango ditugu». Venezuelan jazotakoaren aurretik, Gazan gertatzen ari dena oraindik ekarri du mahaira: «Palestinaren kontrako erasoek bere horretan diraute». Eta gainera, «gerrak areagotu dira eta txoko askotan gatazkak indartu dira, gure pantailetara iritsi ez arren: Somalia, Kongo, Birmania...»
«Interesak izatea zilegi da, baina nazio gisa eta testinguru globalean ere saiatu behar gara interesekin batera hainbat printzipio defendatzen, eta printzipio horien inguruan irmo jokatzen», adierazi du EH Bilduko senatariak.
«Oligopolio eta inperioen interesekin zerikusia duen oldarraldi honen aurrean Euskal Herriak oasi bat izan beharko luke, eta bada»
EAJko agintari izan zen Iñaki Anasagastik Repsolek Venezuelako petrolioa eskuratzeko interesa izan dezakeela aipatu duela jarri da mahai gainean, Elejabarrietari iritzia eskatuz. Aurreko hausnarketaren bidetik jo du: «Bi kontu daude jokoan eta oreka lortzea ez da erreza. Batetik, interesak. Bestetik, printzipioak. Israelekin lan egiten duten enpresak ikusi ditugu eta hor printzipio horiek kontuan hartu behar dira, giza eskubideak. Edozein enpresari, edozein indar politikori bezala, nazioarteko arauekiko errespetua eskatu behar zaie».
Ataka honetara helduta, «printzipio humanistak» aldarrikatu ditu EH Bilduko ordezkariak. Honekin «ematen du 60-80 urtez atzera egin dugula –onartu du– baina hor gaude».
Munduan zehar biderkatzen diren gatazka handi horiek eta etxeko liskarren artean (pribatizazioak, indibidualismoa...) lotura ere badela ohartarazi du Gorka Elejabarrietak, oldarraldi beraren parte diren neurrian. Izan ere, «sistema ekonomikoarekin eta oligopolio eta inperioen interesekin zerikusia du denak. Euskal Herriak horren aurrean oasi bat izan beharko luke, eta bada».
Groenlandia eta autodeterminazio eskubidea
Venezuelako erasora itzulita, «Amerikako Estatu Batuak hegemonia ekonomia galtzen ari direla eta hegemonia militarra indartu nahi direla» uste du EH Bilduko ordezkariak, Donald Trumpen ekinbidea aztertuz.
Hurrengoa Groenlandia izango dela diote aditu askok. Honi buruz zera esan du Elejabarrietak: «Bitxia egin zait horren aurrean begirada guztiak jarri direla Danimarkaren eta Europaren gainean, baina Groenlandia ez dago Europan, eta gainera autodeterminazio eskubidea onartua du Danimarkarekiko; bere etorkizuna beraz inuitarrek erabaki behar dute, bertakoek».
«Gu Madrilera goaz egun batean Madrilera joan behar ez izateko. Aukera-lehio bat zabalduta dagoen bitartean, ahalik eta pausu gehien egitea nahi dugu»
Beste zenbait kontu agertu dira elkarrizketan. Batetik, espainiar egoera politikoa, senataria baita Gorka Elejabarrieta: «Gu Madrilera goaz egun batean Madrilera joan behar ez izateko –argitu du ezer baino lehenago–. Egunerokoan euskal herritarren eskubideak defendatzen saiatzen gara».
Senatuan hori ez dela erraza aipatu du, eskuinak gehiengoa duelako, ez Kongresuan bezala. «Anekdota bat kontatzearren, Estaturik gabeko herria garela esatea ukatzen saiatzen dira bertako agintariak. Copenhaguek Groenlandiarekiko duen jarrera Madrilek Euskal Herriarekiko izatea gustatuko litzaiguke», esan du hemen.
Legealdiak oraindik bidea egingo ote duen galdetuta, zera erantzun du: «Gorabehera asko egon dira eta zailtasun asko izan dira bidean. Guri ez zaigu espekulatzea gustatzen. Aukera-lehio bat zabalduta dagoen bitartean, ahalik eta pausu gehien egitea nahi dugu, herri gisa eta kontu sozialetan ere. Ultraeskuinari aurre egiteko Gobernu espainolak egiten duena ez da nahikoa, helburu eta norabide bat behar du, 1978ko Erregimenaren aurrean», baloratu du.
Larunbatean Bilbon Sarek deitutako manifestazioaren aurrean, azkenik, hausnarketa xumea egin du: «Erraza da. Legea bete ezkero, presoen afera konponduta legoke jada, behin betirako».



