Zuzenean
«Batzuek bertigora eraman gaitzakete horrela adostu-antolatu dutelako, pandemia adibidez»
Otea Lili saioan izan da Aner Hernandez musikari mutrikuarra.
«Batzuek bertigora eraman gaitzakete horrela adostu-antolatu dutelako, pandemia adibidez»

Aner Hernandez (Mutriku, 1982). Musika talde hauetan egon da: Khronos, Karpovian eta Menturan. Heavy progresibotik pop progresibora eman ditu urratsak. Giza Zientziak eta Komunikazioa ikasi du eta baita Diseinua eta Publizitate Grafikoa. Diseinatzailea da.
Komunikatzeko trebezia du, hitzak zehaztasun handiz aukeratu ditu solasaldi osoan zehar. Ahots garbi eta sendoa du, kantuan bezala.
Hausnarketarako makina bat gai utzi dizkigu. Gizartea, zientzia, metodo zientifikoa, komunikazioa, erlijioa, Biblia, boterea, estatua, adostasun politikoa, bertigoa, fedea, esperantza, pandemia, bakuna, immunitatea, feminismoa. Aner Hernandezek gogoetari aterpe galanta eraiki dio Otea Lili saioan.
Aner Hernandez mutrikuarrak musika progresiboaren bide berbera eskaintzen dio pentsamenduari. Maite du eroso eta garden hitz egitea. Solasaldiari dagozkion lagin labur hauek dira horren lekuko:
«Beharrezkoa da banaketa justuago bat, baina gaur egun ez da existitzen». «Sisteman badago elite edo estratu bat jabetzaren ehuneko handiena duena modu brutal batean. Antolaketa hori deuseztatzea da lehen pausoa». «Nola suntsitu eta erauntsi boterea gizarte orekatuago bat egiteko?»
«Gaur egun zientziak ordezkatu du erlijioa. Zientziak gobernatzen gaitu, zientzia gurtzen dugu. Zientzia dogma berri bat da. Zientziak interes ekonomiko, pribatu eta politikoak ditu. Desberdindu behar dira metodo zientifikoa eta zientzia». «Bertigoa orkestratu daiteke, antolatu. Batzuek bertigora eraman gaitzakete horrela adostu-antolatu dutelako, pandemia adibidez».
«Euskal Herriak euskaldun izan nahi badu, ezinbestez, estatua behar du».
«Inposatu behar da emakumeek tratu txarrik ez jasotzea, ez izatea bortxaketarik».



