Zuzenean

Itxaso Leon | Iraia Cambra
Elkarrizketa
Ana Mezo
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kidea

«Pentsio duinik gabe ez dago bizitza duinik»

2026rako aurreikusitako pentsioen igoerak ez du pentsiodunen erosahalmena berreskuratuko, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren arabera. EHPMko kide den Ana Mezok salatu du pentsio txikienak dituztenak direla kaltetuenak, eta mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri du.

Audio_placeholder

«Pentsio duinik gabe ez dago bizitza duinik»

Loading player...
Ana Mezo, Parlamentuan, pentsioen osagarriari buruzko ILParen eztabaidan eta bozketan
Ana Mezo, Parlamentuan, pentsioen osagarriari buruzko ILParen eztabaidan eta bozketan (Raul Bogajo | FOKU)

2026ko urtarrilean pentsioek, oro har, %2,7ko igoera izan beharko lukete indarrean dagoen 21/2021 Legearen arabera. Hala ere, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ohartarazi du igoera hori ez dela nahikoa pentsiodunek azken urteotan galdu duten erosahalmena berreskuratzeko.

Ana Mezo mugimenduko kideak NAIZ Irratian azaldu duenez, urteetako igoerak eta bizi-kostuaren garestitzea alderatuta, pentsiodunak «galtzaile» ateratzen ari dira oraindik ere. «Urte hauetan egindako igoerak ez dira nahikoa izan bizi-kostuaren igoera berdintzeko, eta pentsiodunok atzetik jarraitzen dugu», adierazi du.

Mezoren arabera, egoerarik okerrenean daudenak pentsio txikienak jasotzen dituzten pertsonak dira, eta bereziki emakumeak. «Pentsio baxuenetan genero-arrakala oso handia da oraindik, eta hori ez da konpontzen ari», nabarmendu du. Nafarroan gutxieneko pentsioa 1.100 eurora igotzea urrats positibotzat jo du, baina oraindik «konpondu gabe dauden gabezia ugari» daudela gaineratu du.

Pentsiodunen Mugimenduak gogor kritikatu du Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztutako herri-ekimen legegileari emandako ezezkoa ere. EAJren eta PSEren botoekin eztabaidatzea ere eragotzi izana salatu dute. «65 urtetik gora izateak ez du esan nahi eskubideak galtzen ditugunik», azaldu du Mezok, eta gaineratu du «pentsio duinik gabe ez dagoela bizitza duinik».

Egunerokoan bizi duten errealitatea ere azaldu du mugimenduko kideak, batez ere neguko hilabeteetan. «800 edo 900 eurotik beherako pentsioekin oso zaila da berokuntza ordaintzea, elikadura egokia izatea edo osasun-gastuei aurre egitea», esan du.

2026ari begira, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioekin jarraituko duela iragarri du. Urtarrilean berriro ere astelehenero kalera aterako direla azaldu du Mezok, eta erakundeen aurrean agerraldiak egiteko eskaerak ere mahai gainean jarraitzen duela azpimarratu du. «Mugimendua bizirik dago, eta lanean eta mobilizatzen jarraituko dugu gure helburuak lortu arte», amaitu du.

Jaurlaritza Logoa