Zuzenean
Urtea hastearekin batera gure buruari asmo edo helburu ezberdinak jartzen dizkiogu: batzuek, zin egiten dute hilabetean liburu bat irakurriko dutela, besteek, tokietara garaiz iristen ikasiko dutela, eta beste askok kirola egiten hasiko direla eta hobeto jango dutela. Horren inguruan aritzeko, gaur Bigarren Kafean Izan Nutriko Alazne Mindegia eta June Ibarguren izan dira.
Bi urte dira nutrizio eta dietetika kontsulta ireki zutenetik Oreretan eta argi izan dute beti, era pertsonal eta kontzientean landu nahi dituztela haien arloko lanak: «Dieta kontzeptutik ihes egin eta ohitura osasuntsuetan oinarritu nahi genuen».
Azaldu dute nutrizioa emozioekin oso lotuta dagoela, eta beraz, alderdi hori landu egin behar dela, horregatik kontsultetan espazio seguru eta erosoak sortzen saiatzen dira. «Kontsultan beste lekuetan kontatzen ez dituzten gauzak kontatzen dizkigute pazienteek, psikologo lanak egitea egokitzen zaigu batzuetan», dio Alazne Mindegiak.
Garaia kontuan hartuta, gabon garaietako otorduak, hauek sor ditzaketen erru sentimenduak eta beste hainbat alor ere izan dira ardatz. «Egun berezi hauetan ahaztu eta disfrutatu, baina, tarteko egunetan ohitura onak mantentzen saiatu», esan du June Ibarguenek. Hala ere, biak ados agertu dira eta azaldu dute ez dela beti ere dena jan beharrik: «Oso garrantzitsua da presioa kudeatzen jakitea, egun hauetan ez baduzu gehiago jan edo edan nahi, ez egin», azpimarratu du Mindegiak eta Ibarguenek gehitu du, ez jatekotan ez dadila konpentsatzeko asmoagatik izan. Honez eta gehiagoz aritu gara Bigarren Kafean.


