Zuzenean
«Mendia kirola baino harago doa, umeak ginenetik bizimodu bat da, lagunak kendu dizkigun arren»
Pou anaiek ibilbide luzea dute eskaladan, eta tradizioari «leial» mantendu zaion eta hamaika bidea ireki dituen taldea osatzen dute. Eneko Pouk NAIZ irratian kirol urteko balorazioa egin du, eta orain hurrengo urteko erronkak prestatzen hausnarketa garaian murgildurik dagoela esan du.
«Mendia kirola baino harago doa, umeak ginenetik bizimodu bat da, lagunak kendu dizkigun arren»

Urte luzez maila gorena eman dute Pou anaia gasteiztarrek. 2025. urtea ez zen gutxiago izan, eta, adibidez, Perun hogei bide berri ireki zituzten. Dena den, «une zailak» ere izan zituen urteak, Eneko Pouk azaldu bezala, bederatzi lagun hil zitzaizkielako mendian. Atseden hartzeko denborarik gabe, urteko errepasoa egiteaz gain, 2026ko erronkak ere aurreratu ditu.
Deskantsatzen al duzue?
Asko galdetzen digute ea noiz den entrenatzeko gure garai gorena. Deskantsatzeko garairik ez daukagu. Bidaiak maila jaisteko aprobetxatzen ditugu, baina, bestela, urte osoan ahal dugun mailarik gorenean egoten gara.
Hausnarketa bat partekatu zenuten Ikerrek eta zuk sare sozialetan: zailena urtez urte motibazioa mantentzea dela. Zer dago hausnarketa horren atzean?
Jende askok pentsatzen du zailena kirolean edo bizitzan 'goraino' heltzea dela. Baina zailena maila gorenean hainbeste urte mantentzea da. 2025ean ospatu genuen Ikerren 25. urtea bederatzigarren mailan, nik 27 daramatzat zortzigarrenean. Sekulako konstantzia eskatzen du, eta konstantzia da agian zailena bizitzan. Gainera, kontuan hartu behar da kirol eskaladaz ari bagara ere, guk denetarik egiten dugula: alpinismoa, espedizioak, mendiko eskia... Arlo guztietan hortxe mantentzea zaila da eta horretarako motibazio handia behar da. Gure kasuan, mendia gure pasioa da; txikitatik jaso genuen irakaskuntza hau gurasoengandik eta jarraipena eman diogu urteetan zehar. Ez dut uste egin nahi ditugun gauza guztiak egiteko adina bizitza izango ditugunik! [barrez].
«Mendia gure pasioa da; txikitatik jaso genuen irakaskuntza hau gurasoengandik eta jarraipena eman diogu urteetan zehar. Ez dut uste egin nahi ditugun gauza guztiak egiteko adina bizitza izango ditugunik!»
Iazko urte hasieran, Dolomitetara egin zenuten bi asteko bidaia, bertan dauden ur jauzi izoztuak igotzeko asmoz.
Oso aktibitate ona egin genuen. Espezialista gara arlo gehienetan, baina, bat aukeratzekotan, arroka da gurea. Euskal Herrian ez dauzkagu izotz jauziak; beti Alpeetara edo Pirinioetara mugitu behar duzu, baldintza egokiak daudenean. Ez da gure puntu gorena, baina asko gustatzen zaigu, eta oso ondo etortzen zaigu espedizioak prestatzeko.
Zergatik dira hain garrantzitsuak ur jauzi izoztuak mendiari aurre egiteko?
Azken urteetan mendi altuetan bideak irekitzen gabiltza, seimilakoetan gehienbat. Horrelako mendietan baldintza mistoak egoten dira, arroka eta izotza, pioleta eta kranpoiak erabiltzeko baldintzak. Arrokan fisikoki beti oso indartsu mantentzen zara, baina, bestea egin behar duzunean, hobe urtean zehar lehenago terreno horretan mugitu bazara!
Neguan bete-betean egon zineten Dolomitetan. Zer zailtasun izan zenituzten?
Gauzak aldatzen ari dira, gero eta bero gehiago daukagu, eta Alpeetan nabaritu egiten da. Urte batean zero gradutik gorako tenperaturekin eskalatzen duzu izotzean –eta ez dira baldintzarik hoberenak–, eta hurrengo urtean 15 gradu zero azpitik dituzu. Izotz jauziak arriskutsuak dira; zero gradutik gora eskalatzean, baldintzak beti eskasak dira; kontu handiz ibili behar duzu.
Maiatzean Suitzan egon zinen Oberland-Bernes eski zeharkaldia egiten eta zure txikitako amets bat betetzen.
Bai, dudarik gabe. Orain dela sei urtetik ari naiz egiten horrelako jarduerak betiko lagunekin. Chamonix-Zermatt zeharkaldia egin genuen lehenengo urtean; gero Silvretta, Austriako famatuena; Oberland egin dugu... Saiatzen gara urtero horrelako bat egiten; oso politak dira. Oberlanden kasuan, zeharkatzen duzu Aletscheko glaziarra, Alpeetako glaziarrik luzeena. Sei egun dira glaziar horren gainean, aterpe batetik bestera, 3.000 eta 4.000 metroko mendietan eskiekin; oso jarduera polita eta gomendagarria da.
Ikerrek 'Euskal Dantza' bidea ireki zuen maiatzean Marokon. Inguru horretan, 'Agur' eta 'Bihotz Handi' lerroak ere ireki dituzue. Zergatik da garrantzitsua euskarazko izenak jartzea?
Gustatzen zaigu. Gu euskaldunak gara, gure hizkuntza jende gutxik hitz egiten du eta mahai gainean jarri behar dugu. Hala ere, Andeetan baldin bagaude, askotan gazteleraz jartzen ditugu, baina, bideak irekitzen baditugu, gure lehenengo aukera beti izen euskaldun bat jartzea da.
«Gu euskaldunak gara, gure hizkuntza jende gutxik hitz egiten du eta mahai gainean jarri behar dugu. Bideak irekitzen baditugu, gure lehenengo aukera beti da izen euskaldun bat jartzea»
Perun ere izan zineten, galdu ziren hiru gazte gidarien gorpuak aurkitzeko erreskate lanetan. Nolakoa izan zen erreskate hori?
Orain dela bi urte bezala, Tomas Franchiniren erreskatean bezala, bertan harrapatu gintuen. Hara ailegatu, eta, apenas aklimataziorik gabe, atera ginen seimilako bat egitera. Oso gogorra izan zen, gehienbat animikoki. Ezagutzen dituzun hiru pertsona ari zara bilatzen, hirurak oso gazteak, mendiko gidari ikaskuntzak egiten ari zirenak, jende profesionala. Hiru egun ibili ginen guztia ematen, eta ez genituen aurkitu. Gurea izan zen bigarren erreskatea eta seigarrenean atera zituzten, hilda. Hori gertatzen ari zen bitartean, bi aste eta erdian, bederatzi lagun hil zitzaizkigun munduko mendilerro ezberdinetan. Beraz, oso espedizio latza izan zen. Mendiko balioak argiak dira: horrelako gauzak gertatzean, kirol helburuak bigarren planoan utzi eta laguntzea dagokizu. Animikoki oso hunkituta bueltatu ginen.
Bederatzi lagun galdu dituzue azken udan. Nola eragiten du horrek mentalki?
Oraintxe, helduagoak garela, gero eta txarrago. Gaztea zarenean lagunak galtzea oso gogorra da, noski, baina pentsatzen duzu hilezkorra zarela. Heltzen hastean, jende hori guztia normalean zu baino gazteagoa da, 20-30 urteko neska-mutilak; eta momentu horretan konturatzen zara zenbat falta zaien bizitzeko, zenbat gauza polit egin ditzaketen hiltzen ez badira. Oso gogorra da.
Bestalde, ekainean, Perun, Churupe mendia (5.493 m.) eskalatu zenuten, herrialde horretan bederatzi bide osatuz.
Mendi hori igotzeko baldintzak zailak dira. 80-90eko hamarkadan izotzezko mendia zen, piolet eta kranpoiekin igotzen zen guztia, arroka ukitu gabe ia. Egun oso izotz gutxi dauka. Beraz, misto asko eskalatu behar duzu: piolet eta kranpoiekin joan behar duzu arroka gainean. Nahiko teknika zaila da. Fisikoki jipoi ederra hartu genuen gora joan eta berriz bueltatzeko; ordu asko.
'Karma de los Cóndores' ere lortu zenuten 13 ordutan. Beraz, helburuak gaindituta?
Esango nuke baietz. Cordillera Zurian hogei bide ireki ditugula ospatu genuen. Kopuru borobila da, oso zenbaki polita. Jende askok eskertzen digu bide horiek ireki izana; maitatuak sentitzen gara Perun. Dakizuen bezala, askotan elkartzen gara Aritza Monasteriorekin, hango mendi gida, euskalduna, elgoibartarra, 30 urte daramatza Perun eta oso tipo indartsua eta jatorra da. Lagun asko dauzkagu bertan.
Kirol balentriak lortzeaz gain, akaso hori da politena, egin dituzuen lagunak.
Bai, bai. Kirolaz bizi gara, baina mendia kirola baino askoz gehiago da. Bizimodu bat da guretzat mendia txikiak ginenetik eta gauza horiek dira diferentzia markatzen dutenak.
«Kirolaz bizi gara, baina mendia kirola baino askoz gehiago da. Bizimodu bat da guretzat mendia txikiak ginenetik eta gauza horiek [lagunak egitea] dira diferentzia markatzen dutenak»
Picos de Europan ere izan zarete 'Pilar del Texu' eta 'Vicios Ocultos' irekitzen.
Oso esperientzia polita izan da. Ikerrek bazuen bide bat irekita 2019an Liebana eta Valdeon aranen artean. Gelditu zitzaigun ia 300 metroko bidea, zaila, 8. maila ingurukoa; bide oso polita ireki genuen. Pena ni istripu oso larria izateko zorian egon nintzela. Arroka bat mugitu zitzaidan eta erori behar ez nuen toki batean erortzeko zorian ibili nintzen. 2025a polita izan da, baina, dudarik gabe, baita hausnartzeko urtea ere. Batzuetan esaten duzu: «zortea izan dut». Baina ez dituzu gauzak zortearen esku utzi behar.
Zein erronka dituzue aurten?
Ez daukagu oso garbi, lehen esan bezala, hausnarketa momentu horretan gaudelako. Helburuak aukeratu behar ditugu. Nik uste izotz bidaia bat egingo dugula berriro, eskiko zeharkaldia ia ziur eta gerta liteke berriro Perura bueltatzea. Ostean, proiektu handi bat daukagu. Oraindik ezin dugu horri buruz hitz egin, ez dagoelako guztiz finkatuta, baina zerbait oso interesgarria izango da udazkenera begira. Gauzak badaude mahai gainean; beti legez, motibazioa oso altu eta gauza asko egiteko gogotsu.



