Zuzenean
«Liga ahaztu gabe, Kopa etxean jokatzea eta irabaztea da nire ametsa»
Bera Berak Ligako lehen postuan amaitu du 2025 urtea, 13 partida jokaturik eta 12 irabazita. Maitane Etxeberria lezoarrak NAIZ irratian urteko analisia egin du Munduko Txapelketatik iritsi berri, eta EHF-tik at geratu izana «kolpe handia» izan bazen ere, «arantzatxo hori kentzeko gogotsu» daude.
«Liga ahaztu gabe, Kopa etxean jokatzea eta irabaztea da nire ametsa»

2024-2025 denboraldian hiru titulu lortu zituen Donostiako Bera Bera taldeak. Aurten, Europako txapelketan aurrera urrats bat emateko asmoa bazuten ere, Dijonen aurkako kanporaketa irabazi ez izanak ametsa zapuztu zuen. Maitane Etxeberriak kirol urteko errepasoa egin du NAIZ irratian, eta lortutako tituluak nabarmendu ez ezik, europako txapelketatik kanpo gelditzeak zer suposatu duen ere erantzun du. Hori gutxi ez, Munduko Txapelketa izan du aztergai: «Munduko Txapelketa batean ezin da barkatu, eta oso garesti ordaindu genuen Faroe Uharteen aurkakoa galdu izana».
Mundu Txapelketa ondotik Ligako bi partida jokatu ditu Bera Berak urteari amaiera emateko. Biak irabazi dituzte, Malagaren aurka (31-28), eta Valladoliden aurka (19-38), hurrenez hurren. «Deskonektatzeko tenorea dugu orain», onartu du Etxeberriak.
2024-2025 denboraldian hiru titulu erdietsi zituen taldeak, eta Etxeberriak «borobila» izan zela nabarmendu du. Hiru garaikur horiek lortzeaz harago, «Gaska gainezka ikusteak poztu ninduen», azaldu du. Hiru titulu horiek eskuratzeko taldeak lan egingo duela adierazi du lezoarrak, baina Kopa irabazteko gogotsu daudela azpimarratu du: «Etxean jokatuko da, eta Gaskan Kopa irabaztea izugarria izango zen».
Munduko Txapelketa ere jokatu du aurten, eta taldeko minutu gehien jokatu duen jokalaria izan da, Kaba Gasamaren atzetik: «Anne Erauskinen lesioak minutu gehiago jokatzea ekarri du».
Europa eta penaltiak
Aurtengo EHF txapelketan «aurrerapauso» bat emateko asmoa zuen taldeak, baina zozketak aurkari zaila agindu zuen: Dijon. Nahiz eta Donostiako partidan hiru goleko abantaila lortu, bigarrenean ezin izan zioten abantailari eutsi, eta penaltietan jokatu zuten txartela bi taldeek. Bigarrenez jarraian, penaltiek Bera Beraren bidea geldiarazi zuten: «Oso egun tristea izan zen».
Dena den, «egindako kanporaketa txukuna» nabarmendu du Etxeberriak, Dijon aurkaria «oso zaila» baitzen. Taldearen «gaztetasuna» ere aipatu du, penaltietan esperientzia ezak zeresana duela onartuz.



