Zuzenean
«Mendia kirola baino harago doa, umeak ginenetik bizimodu bat da, lagunak kendu dizkigun arren»
Pou anaiek ibilbide luzea dute eskaladan, eta tradizioari «leial» mantendu zaion eta hamaika bidea ireki dituen taldea osatzen dute. Eneko Pouk NAIZ irratian kirol urteko balorazioa egin du, eta orain hurrengo urteko erronkak prestatzen hausnarketa garaian murgildurik dagoela esan du.
«Mendia kirola baino harago doa, umeak ginenetik bizimodu bat da, lagunak kendu dizkigun arren»

Urte luzez maila gorena eman dute Pou anai gasteiztarrek. 2025. urtea ez da gutxiago izan, eta Perun 20 bide berri ireki dituzte, adibidez. Dena den, «une zailak» ere izan ditu urteak, Eneko Pouk NAIZ irratian azaldu duen bezalaxe, 9 lagun hil direlako mendian. Atseden hartzeko denborarik gabe, urteko errepasoa egon eta 2026ko erronkak izendatu ditu: «Motibazioa handiarekin gaude, eta hurrengo urtean proiektu handi bat dugu eskuartean».
Dolomitetan hasi zuten denboraldia, ur-jauzi izoztuak igotzeko asmoz, eta Pouren esanetan «garrantzi handia» dute horrelako bideek: «Mistoak diren heinean, non arroka eta izotza dagoen, ezinbesteko bihurtu dira guretzat». Suitzan edota Asturiasen bide berriak ireki dituzte, beraz, kirol arloan «urte oso ona» izan da.
Hala eta guztiz ere, Pouk eroriko arriskutsu bat izatetik oso gertu egon zela azaldu du, hortaz, «lasai hausnartzeko garaia ere bada». Hausnarketa horretan, hurrengo urterako helburuak eta erronkak finkatzen ari dira, «kirol erronkez beteriko» beste urte bat izango dela.
NAIZ irratian aurreratu duenez, izotz bira eta Peruko bidaia errepikatzeko asmoa dute; eta, gutxi balitz, «finkaturik ez dagoen proiektu handi bat dugu eskuartean udazkenerako».
Perun 20 bide berri, eta zenbait erreskate
«Mendiak zure lekuan jartzen zaitu», onartu du Pouk. Izan ere, Perura iritsi bezain laster galdurik zeuden hiru mendizaleen erreskatean parte hartu behar izan zuten. «Zoritxarrez», gorpuak 6. saiakeran aurkitu zituzten.
Pouk Hego Amerikako erreskate lanak oso ezberdinak direla argitu du, Europan edo Ipar Amerikan egiten direnekin alderatuz, «batez ere baliabide aldetik». Mendiko baloreek agintzen dutela adierazi du, eta «kirol erronkak bigarren plano batean» gelditzen direla onartu ere. Hori gutxi ez, uda honetan 9 lagun hil dira mendi ezberdinetan, eta «oso gogorra» izan dela azaldu du: «Gaztea zarenean ez zara hain kontziente, baina orain mingarriagoa da lagun baten galera».
Dena den, Perura egindako bidaiak alde «positiboak» ere izan zituen. 20 bide berri ireki zituzten anaiek, tartean Churup mendian eta Karma de Condoresen: «Maitaturik sentitu gara, mendia kirola baino askoz gehiago den seinale».



