Zuzenean

Aritz Santamaria
NAIZ Irratia
Elkarrizketa
Mikel Linacisoro
Eskalatzailea

«Emaitza onak eta hobetzeko kontuak izan ditu urteak, baina oro har oso pozik nago»

Mikel Linacisoro eskalatzaile bergaratarra San Cugateko goi mailako errendimendu zentroan dabil. «Etxekoen, lagunen eta herriaren» falta sumatzen du, baina eskalatzeko testuinguru bikaina aurkitu du Bartzelonan: «Eskalatzeko paradisua da». Linacisorok kirol urteko errepasoa egin du NAIZ irratian. 

Audio_placeholder

«Emaitza onak eta hobetzeko kontuak izan ditu urteak, baina oro har oso pozik nago»

Loading player...
Mikel Linacisoro bergaratarra Santa Linyako arroketan.
Mikel Linacisoro bergaratarra Santa Linyako arroketan. (Mikel Linacisoro)

Mikel Linacisoro ibilbide luzeko eskalatzailea da, oraindik ere gaztea den arren. Aurten, Bartzelonara joan da, San Cugateko goi mailako errendimendu altuko zentrora, eta bertan «eskalatzeko paradisua» aurkitu du. Kirol emaitzak hobetzeko hartu zuen erabakia, eta «oso gustora» dago Katalunian. «Aldaketa handia» izan dela onartu du NAIZ Irratian, eta izan duen «profesionalizazioak» eragina izan du emaitzetan.

Errekorrak oso gaztetik apurtu dituzu. 12 urterekin, zure lehenengo 8c bidea kateatu zenuen. Zer oroitzapen dituzu urte horietatik?

Egia esan, oroitzapen oso politak. Urteak pasa dira, baina atzo izango balitz bezala, oso ondo, akordatzen naiz momentu guztiez. Irribarre bat ateratzen zait gauza horiek burura etortzean; oso pozik nago hain gaztetatik eskaladaz disfrutatzeko eta mendian eta mendiaren inguruko jendearekin egoteko aukera izan dudalako.

Goi mailako kirolariaren atzean pertsona ere badago. Zer moduz zaude arlo pertsonalean?

Hau normalean ez duzue galdetzen [barrez]. Eskertzen da, e! Ondo. Azkenaldian pozik nago. Oraintxe bertan Bartzelonan nago, San Cugateko goi mailako errendimendu zentroan bizitzen, hemengo rokodromoan entrenatzen eta Katalunia aldean ahal den heinean eskalatzera irteten. Oso pozik nago. Faltan botatzen dira etxekoak, etxean egotea, familia, kuadrilla, Bergara... Baina kirol arloan eta eskalada aldetik oso gustura nago. Eskalatzeko paradisua da.

Beraz, oro har, 2025. urtea ona izan da kirol arlotik?

Bere gauza onak eta ez hain onak eduki ditu. Adibidez, Espainia mailan, nik uste dut urterik onenetarikoa izan dela. Aurten ez naiz Espainiako txapeldun izan, baina bigarren izan naiz, eta lehenengoa Alberto Gines izan da. Munduko Kopa irabazi du aurten, eta, berarekin borrokan ibiltzea eta berak egiten duenetik gertu egotea, oso ondo dago. Horrez gain, Espainiako Kopa irabazi dut. Espainian oso gustura eta pozik nago egindakoarekin, baina nazioartean, Munduko Kopan, Europako Kopan, jende gehiago dago, nik ere presio gehiago jartzen diot nire buruari, eta ez da hain ondo joan, nahiz eta txapelketa oso onak ere egin ditudan. Alde horretatik, arantzarekin.

«Faltan botatzen dira etxekoak, etxean egotea, familia, kuadrilla, Bergara... Baina kirol arloan eta eskalada aldetik oso gustura nago San Cugaten. Eskalatzeko paradisua da»

Nolakoa izaten ari da esperientzia San Cugaten?

Ni Bilbotik nentorren; han ikasten nuen eta arratsaldetan rokodromora joaten nintzen ariketa batzuk egitera, astean lauzpabost egun, baina beste maila batean. Hona etortzerakoan aldaketa handia egon da. Hemen entrenatzeko dauzkagun instalazioak beste mundu batekoak dira. Bilbon bakarrik entrenatzen nuen eta hemen taldea daukagu: entrenatzaile pertsonala, arratsaldetan prestatzaile fisikoa... Mendira irteteko, hemen Katalunian normalean eguraldi hobea egiten du, arroka asko dago, eta alde horretatik ere diferentzia handia ikusi dut.

Zure jarduna profesionalizatu egin dela esan dezakegu?

Bai. Aldaketa handia izan da. Gainera, poliki-poliki igartzen da eskalada kirol munduan indar gehiago hartzen ari dela eta kirola, orokorrean, profesionalizatzen ari dela.

Otsailean, Kataluniako Santa Linyako Cova Gran sektorean egin zenuen urteko lehen balentria: 24 orduko tartean kateatu zenituen 'Selecció Natural' (9a, landuta), 'Fabelita' (8c, flash eran) eta 'Rock Fucks'(8b+, bistan). Nola oroitzen duzu?

Oroitzapen oso polita da. Azken finean, 24 orduko tartean eskalada arloan dauden hiru diziplina ezberdinetan nire topea egin nuen. Nire maximoa 9 zen eta asteburu horretan 9a egin nuen; bistaz gehien eginda nuena 8b zen eta asteburu horretan 8b+ egin nuen, graduz igo nuen. Gero, flash eskaladan, 'Fabelita' igo nuen, hau da, lehen saiakeran baina beste norbaitek esanda nondik igo zaitezkeen; pixka bat errazagoa da. Hor ere nire lehen aldia izan zen. Txip aldaketa brutala izan zen. Igartzen da pixka bat profesionalizatzen ari naizela; hemen entrenatzen, gauza asko aldatu dira. %100ean eskaladan zentratuta zaudenean igartzen da gauzak hobetzen zoazela eta nire egoera fisikoa eta mentala ere hobetzen doazela. Horrekin batera, txapelketetako eta arrokako emaitzak ere bai. Beraz, oso pozik.

Azalduko diguzu azkar batean zertan datzan diferentzia?

Eskalada gero eta gehiago ikusten da, baina eskalada barruan dauden gauzatxo horiek ez dira hain ezagunak eta ondo dago azaltzea eta jendeak ikastea. Bistaz eskalatzen dugunean, daukagu aurrean pareta bat lehenago sartu ez garena eta ez dakigu nondik nora igo behar garen. Lehenengo saiakeran igotzen bazara, inork ezer esan gabe eta erori gabe, esaten dugu bistaz eskalatu dugula pareta hori. Zuk dauzkazun baliabideekin gora igotzea da. Flash eran eskalatzen dugunean, lehenengo saiakeran eskalatzen dugu pareta hori, bai, baina, aldiz, pareta hori lehenago igo duen pertsona batek komentatzen digu nola igo: «eskuineko eskua zulo horretan», «ezkerreko eskua hor»... Behetik azaltzen dizu eskalatzen zoazen heinean nondik nora joan. Oso ezberdina da.

Hain modalitate ezberdinak izanda, zuk zein duzu nahiago?

Niri, egia esanda, bistaz eskalatzea gehiago gustatzen zait: azkenean, zu zara eta aurrean pareta bat duzu, erronka oso potentea da. Niri asko gustatzen zait nik dauzkadan eskalatzeko baliabideekin nik bakarrik ikustea nondik nora joan. Esaten dugu nabigazioaren antzekoa dela; zuk bilatu behar duzu zure bidea, igotzeko formarik errazena. Niretzat modalitate oso polita da.

Ekainean eskaladako Espainiako Txapelketan bigarren postua erdietsi zenuen. 200 eskalatzaile baino gehiago lehiatu ziren Sant Marti de Tous herrian. Pozik emaitzarekin eta egindakoarekin?

Bai, bai. Oso pozik. Zenbakiak begiratzen badituzu, 2024an Espainiako txapeldun izan nintzen, irabazi egin nuen, baina, adibidez, Alberto Gines ez zegoen. Aurten Alberto egon da eta bigarren geratzea, niretzat, Espainiako txapeldun izatea bezain ona da. Lehen esan dudan bezala, bere mailatik gertu egotea edo gerturatzen joatea, ja oso potentea da. Azken finean, munduko onenekin dago, munduko onenetarikoa da eta Munduko Kopa irabazi du. Gerturatzen joatea bakarrik oso ondo dago eta oso pozik nago lortutakoarekin.

Ez dakit nire inpresioa den, baina lehen boulderrean gehiago aritzen zinen, ezta?

Bai, boulderra utzi egin dut, ez dut txapelketa gehiago lehiatuko. Eskaladan ez daude atletismoan bezala diziplina mordoa; azkartasuna, blokea eta zailtasuna daude. Azken finean, maila oso ona eman nahi badut diziplinaren baten, espezializatu beharra dut. Ni natorren lekuan, Bergaran edo Arrasaten, inguru horretan, sokarekin ibili gara betidanik; etxetik gertu eta betidanik ibili naiz sokarekin eskalatzen eta gehien disfrutatzen dudana  da. Azkenean, gusturen sentitzen naizen lekua hori da. Aprobetxatu dut orain %100ean eskaladarekin zentratu naitekeela horretan lan gehiago egiteko.

Udan ere eskalatzen arituko zinelakoan nago. Non ibili zara?

Egia esan, gehiegi mugitzen gara udan. Munduko txapelketak izan ditugu Innsbrucken, Chamonixen, Madrilen, Europatik egon gara entrenatzen. Frantzian ere egon naiz mendian arrokan eskalatzen lagunekin hamar egun; Ameriketako Estatu Batuetan ere egon naiz bospasei psicobloc-eko txapelketa batean... Euskal Herrian deskantsatu eta bertan etxetik gertu eskalatzeko ere aprobetxatu dut. Nahiz eta udara izan, gu ez gara gelditzen.

Lehen aipatu duzun nazioartean lortutako emaitza kaxkarretan, urduritasuna faktore bat izan al da?

Bai. Azkenean, %100ean eskaladan inbolukratzen bazara, eta gauza asko alde batera utzi behar dira –etxean egotea, beste gauza batzuk egitea...–, all in egiten duzu, eta nahiz eta fisikoki eta formaz inoiz baino hobeto egon, zure buruari presioa jartzen diozu. Zaila da hainbeste urte ikasten eta eskalatzen egon eta gero, lehenengo urtea %100ean eskalatzen jarri eta beste urteetako maila bera ematea. Nahiz eta fisikoki ondo egon, gauza gehiago sartzen dira jokoan eta zaila da dena bateratzea eta lehenengo saiakeran hor goian egotea. Presio hori jartzeak ez dit lagundu.

Dena den, Espainiako Zailtasun Kopako txapeldun izan zara, erregulartasun eredu. Beraz, alde onak ere izan ditu denboraldiak.

Bai, bai. Azken finean, Espainia mailan errazago egiten zait nik dudan maila erakustea; edo etxean sentitzen naizelako presio gutxiago daukat eta gusturago eskalatzen dut, lasaiago. Txapelketetan nire gurasoak, lagunak, neska-laguna, etxekoak gertu izateak niri asko laguntzen dit eta lasaiago eskalatzen dut. Argi eta garbi ikusten da txapelketetako emaitzetan.

Hausnarketa egiteko eskatuko dizut. Denboraldi hasieran ipinitako helburuak bete al dituzu?

Alde batetik, bai. Esan dugun bezala, helburuetako bat Espainiako Kopa eta Txapelketa ziren, eta horiek oso ondo bete ditugu. Baina, egia esan, arantza daukat. Bartzelonara etorri naiz, apustu handia egin dut txapelketekin, eta nire buruan ez zegoen bakarrik Espainiako txapeldun izatea, pixka bat gehiago nahi nuen: nazioarteko txapelketetan finalerdiak egin eta munduko onenen artera gerturatzea edo bertan muturra sartzea. Gauza batengatik edo bestearengatik ezin izan dugu dena hain ondo egin, baina hemen geratuko gara entrenatzen topera eta ea hurrengo urtean pixka bat gauzak hobetzen diren. Ea gehiago lasaitzen naizen eta presio gutxiago dudan.

«Aurten Europako Txapelketa egingo da, bi urtean behin egiten dena, eta hori helburu potentea da. Frantzian da, etxetik gertu; bertara topera joatea ondo egongo litzateke»

2026ra begira, zeintzuk dira zure erronkak?

Bide horretatik jarraituta, pixka bat hurrengo urtean Europan egingo diren Munduko Kopetan parte hartzea. Oraindik Munduko Kopara joateko sailkatu behar dut, eta gauza dezente egin behar dira. Aurten Europako Txapelketa egingo da, bi urtean behin egiten dena, eta hori helburu potentea da. Frantzian da, etxetik gertu; bertara topera joatea ondo egongo litzateke.

Medikuntza ikasi duzu. Egunen batean hortik jarraituko duzu zure ibilbideak?

Nire pasioa eskalatzea da, baina baita Medikuntza ere. Sei urte ikasten egon eta gero, egia esan nire ametsa da traumatologoa izatea. Oraingoz, topera nabil zentratuta eskaladarekin; hemen urte batzuk egin eta gero, ikusiko dugu zer egin. Medikuntzarekin jarraitu nahi dudala argi daukat eta traumatologoa izan banaiteke, hobeto; eta horretarako tope lan egingo dugu.

Janaria probatzearena zure beste zaletasun bat da, ezta? Baduzu hortik beste proiektutxo bat. Konta iezaguzu.

[Barrez] Betidanik gustatu zait ondo jatea. Orain dela zortzi urte joan nintzen etxetik ikastera; pisukideekin batera hasten zara kozinatzen eta mundu hori pixka bat ezagutzen. Medikuntza egin ez banu, Sukaldaritza ikasiko nuen. Hori bai, azkenean beste gauza batzuekin liatu naiz! Baina asko gustatzen zaidan zerbait da  ondo jatea eta hori ere egiten saiatzen gara. Eskalatzeko asko ordaindu behar da, baina urtean behin ondo jatea ere ondo dago!

Jaurlaritza Logoa