Zuzenean
11 urterekin izan zuen Barriolak lehen harremana zaldien munduarekin. Poni txiki bat oparitu zioten eta ordutik hona ez da mundu horretatik aldendu. orduan sortutako kuriositatearen haritik tiraka munduko txoko ezberdinetan ibili da irakaslerik onenekin formakuntza ezberdinak jasotzen eta zaldien inguruko eskola ezberdinetako iturrietatik edaten.
Amezketan zalditegi bat zabaldu zuen eta bertatik Aralar, Bedaio, Azkarate eta beste hainbat txoko ederretara irteerak egin izan ditu eta baita klaseak eman ere. Baina une batean jabetu zen zaldiak ez zirela zoriontsu mota horretako lanak egiten eta zaldiak erdigunean jartzeko hautua egin zuen. Zaldien zaintzan are eta arreta handiagoa jarrita ikusi zuen beste funtzio batzuetan ere oso lagungarri izan zitezkeela.
Terapia saio ezberdinak eskaintzen dira Zaldizketan gaur egun. Barriolak formakuntza ezberdinak garatu ditu eta askotariko saioak eskaintzen dira, zaldien laguntzarekin. Barriolak berak dioen moduan, «lekuan bertan zuzenean ikusi gabe sinestea kostatzen diren gauzak ikusi dira zaldiak jendearengana hurbiltzen direnean». Zaldizketak izandako norabide aldaketa horrekin pozik agertu da eta egitasmoarekin loturiko hurrengo pausoak ere pentsatuta dituela aitortu digu.
Entzun Edurne Barriolarekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.


