Zuzenean

Elkarrizketa
Koldo Almandoz
Zinema zuzendaria

«Geroz eta gehiago egiten diot ihes superartistaren izaerari»

‘Hondar Ahoak’ eta ‘Zeru Ahoak’ telesailen arrakastaren ostean, thriller beltzetik errauts koloreko umorera egin du jauzi Koldo Almandoz zuzendari donostiarrak. Tomas Martinez pertsonaia maitagarri zein gorrotagarriaren bitartez, bizitzaz eta heriotzaz hausnartzeko gonbita da ‘Azken agurra’. 

Audio_placeholder

«Geroz eta gehiago egiten diot ihes superartistaren izaerari»

Loading player...
Orio, Pasaia, Irun, Donostia eta Errenteria inguruetan filmatu du Almandozek 'Azken agurra'
Orio, Pasaia, Irun, Donostia eta Errenteria inguruetan filmatu du Almandozek 'Azken agurra' (David Herranz)

Azken agurra’ film berriaren grabaketa amaitu berritan, lehen galdera, ia derrigorrezkoa. Zer moduz zaude? Nekea gainditu duzu?

Beno, horretan nabil, neke hori gainditzen eta berriro errutina moduko batetara itzultzen. Baina ondo, gustura. Nik uste beti gertatzen zaigula hau, mendizaleei antzera, tentsioan eta gerran sartuta zaudenean esaten diozu zure buruari «zergatik nago ni hemen?» Eta gero ez gaudenean beti gabiltzan lanean berriro halako batean sartzeko. Sentsazio horrekin nabil.

Errauts kolorezko komedia bat dela azaldu izan duzue. Zein doinu du ‘Azken agurra’-k?

Jorratzen den gaietako bat hain zuzen ere hileta zibilen mundua da, protagonistak horretan egiten duelako lan. Hortik dator errauts koloreko komediarena. Baina askotan ez dakit zer filmatu dudan, komedia zantzuak dituen drama bat edo drama zantzuak dituen komedia bat. Komedia hitzaren barnean ere gauza asko sartu daitezke. Eta hau ez da sketch moduko komedia bat, hau ez da komedia espainiar ohiko horietako bat. Badago absurdoa, badago ironia, baina aldi berean jorratzen dira emozioak, badago samurtasuna eta hostia txar pixka bat ere bai. 

Bizitzaz eta heriotzaz hausnartzen duen lan bat da. Prest al gaude heriotzari buruz hitz egiteko, nola eta gainera umoretik eginda?

Nik uste baietz. Badira hori egiteko modu intelektualizatu batzuk, baina nik horri ihes egin nahi izan diot. Heriotzaren aurrean guztiok ditugu jarrera ezberdinak eta guztiak dira errespetagarriak, baina lehenago ala beranduago, beti hilko zaigu inguruko norbait, guztioi tokatuko zaigu joko horretan jolastea. Orduan, nik proposatzen dudanak badu umoretik edo ironiatik eta, esan bezala, baita samurtasunetik ere. Historia hau lantzen hasi nintzenean gogoratu nuen niri tokatu izan zaidanean, aita hil zitzaidan niri esaterako, oso gertu egoten dela tristura umore edo barre eztandatik. Urduritasun horiei edo muturreko egoera horiei aurre egiteko batzuei negarra ateratzen zaie eta beste batzuei barre urduri bat. Espektro horrekin hasi nintzen istorioa garatzen.

Protagonista Tomas Martinez da, 45 urteko hileta zibilen enpresa baten jabea. Desastre xamarra, baina maitagarria aldi berean.

Zuri-beltzeko pertsonaiak ez ditut gustuko, uste dut denak garela edozertarako kapazak, moralki onak zein txarrak diren gauzak egiteko alegia. Tomas Martinez pixka bat muturrekoa da zentzu horretan. Pertsonaia eta pelikula hau idazterakoan oso presente izan dut Dunning-Kruger efektua izeneko sindrome bat, nire ustez oso garaikidea. Kontrako sindromea dena ezaguna egin da azken aldian, iruzurgilearen sindromea deritzon hori. Ba badago horren antonimoa edo kontrako den Dunning-Kruger sindromea. Kasu hauetan pertsona horrek besteen gaitasunak gutxiesteko joera izaten du eta errealitatearen irakurketa irreal bat egiteko joera izaten du. Eta horrek dakar askotan gauza guztien inguruan iritzi bat izatea, nahiz eta ezer ez jakin, edo egindakoaren ondorioak ez onartzea, gezurrak eta aitzakiak jartzen ibiltzea, porrotarik ez onartzea etab. Iruzurgilearen sindromeaz asko hitz egiten da, baina kontrakoaz oso gutxi. Iruditzen zait geure gizartean geroz eta adibide gehiago daudela eta Tomas Martinezek oso ondo gorpuzten du hori. Beti ere ironia puntu horretatik.

«Ikusleari errespetu bat zor zaio. Makulu batzuk eman behar zaizkio ikusten duena ulertu edo gutxienez sentitzeko»

Pelikulari pisu handiegia emateari ihes egin nahi izan diot, intelektualizaziorako joera saihestu nahi izan dut. Azkenaldian pelikula guztiek behar izaten dute kausa moduko bat eta pelikula ikustera joaten garenean badakigu kausa horietako bati lotuta dagoen pelikula bat ikustera joan behar dugula, ez? Generoa, emigrazioa edota oraintxe bertan modan dagoen erlijioa izan daiteke. Ondoren irrati tertulietan edo komunikabideetan horretaz hitz egin ahal izango den historia bat izan behar da, alegia. Nik berreskuratu nahi izan dut niri gustatzen zizkidan pelikulen ildoa; sinpleagoa, sentziloagoa. Eta horrek ez du esan nahi ez denik gauza garrantzitsuetaz hitz egiten, baina ez daude pankartan idatzita. Ez daude lehen lerroan. Ikusleak atera beharko ditu ondorioak, edo ez, baina, aukera ematen zaio behintzat.

Museo zinemaz’, hain irisgarria ez den zinemaz, mitzatu izan zara. Umorea arrakala horrekin hausteko tresna da?

Nik uste dut baietz. Azken aldian bi joera ari dira elikatzen. Batetik, zinema komertziala, inongo begirada edo autoretzarik gabekoa, algoritmoak esaten duenari zuzendua. Eta gero bestetik, prestigiodun zinema. Zeluloidean filmatua eta pelikula gizartearentzat zergatik den hain beharrezkoa azaltzen duen 40 orrialdeko dosierrek lagunduta doana. Alde batetik, beraz, zinema hutsal bat dugu eta bestetik, bere burua elitetzat duen jende multzo txiki batentzako zinema.

Bigarren hori ongi ezagutzen dut. Azkenean sekta edo nitxo moduko horretan oso eroso bizi den edo bizi garen jende bat gara eta iruditzen zait ahalegin bat egin behar dugula zinema edo gure istorioak orokortzeko. Nik uste ikusleari errespetu bat zor zaiola eta zerbait erakusten zaionean ere, behintzat makulu batzuk eman behar zizkiola ikusiko duen hori ulertzeko edo, gutxienean, sentitzeko. Nik geroz eta gehiago egiten diot ihes superartistaren izaera horri; programatzaile, komisario, curator horiek guztiek ezartzen dituzten ildoei edo moda edo agenda pelikulei ihes egiten diet. Ez dut esango istorio hau horren saiakera bat denik, baina argi izan dudana da pelikula hau edonork ikusi dezakeela, eta ziurrenik irakurketa ezberdinak izango direla eta horrek egiten duela interesgarri.

'Zeru Ahoak’ eta ‘Hondar Ahoak’ thriller telesailekin bestelako tonu batean ibili zara. Erregistroz aldatzeko gogoa zenuen?

Aurreko batean beste kazetari batek erdi ironikoki galdetu zidan ia Koldo Almandozek barre egiten duen. Ez dakit publikoki zer islatzen dudan, ni oso pudoretsua naiz eta intimitatea asko baloratzen dut, baina asko gustatzen zait umorea eta asko kontsumitzen dut. Arlo publikoan ez, baina bestelako arloetan asko erabiltzen dudan zerbait da. Nire lanetan beti egon dela modu batera edo bestera. Umore absurdo edo iradokitzaile bat, ironikoa, batzuetan zinikoa ere bai. ‘Azken agurra’-n geruza hori gorago ekarri dut eta agerian utzi.

«Ez naiz Euskaltzaindia edo pedagogo bat. Nik pelukulak egiten ditut eta sinesgarritasuna dut gustoko»

Nire jarduna geroz eta gehiago ikusten dut ofiziotik eta gutxiago ikusten alderdi listillo edo zinelisto artistikotik. Nire buruari ihes egitea gustatzen zait, gustuko dut ertzain ohi baten, 16 urteko neska baten edo 70 urteko gizon baten buruan. Hain justu fikzioak hori eskaintzen dizulako. Gaur egun baina, autofikzioarena hain modan dagoenez, badirudi egiten duzun orok izan behar duela zurengandik zerbait, zuk zure psikologia eskaintzen diozula pertsonaiari. Eta bestetik, zilegitasunaren afera dago: gaur egun edozein azaldu daiteke galdezka ia zilegitasuna duzun 45 urteko ertzain emakume lesbiana baten inguruan idazteko. Ba ez dakit, nire irudipena da hain zuzen ere fikzioa horretarako dagoela. Ez nabil zientzia edo tesi akademiko bat egiten, baizik eta fikzioa.

Telesailetik film luzera ere egin duzu itzulia.

Egia esan bietan murgiltzen naiz gustora. Nahiago mini telesail bat egin nire jendearekin, plataforma batentzako pelikula bat egitea baino, eta alderantziz. Nahiago burujabe izan zentzu  horretan. Gure buruarentzat lanak egiten hasi beharko ginateke eta gorrotagarraiak zaizkidan ‘lokala izan, globala izateko’ tankerako esaldietatik aldendu, globala egiteko aitzakia besterik ez baitiraa. Egin lokala lokalentzako. Gure auzo, herri eta hirientzako; gure hizkuntzan hitz egiten dutenentzako. Hainbeste ekoizpen egiten da ez dakidala globalak zentzua duen, gehiago aplikatu beharko genuke gure sektorean km0 kontzeptua.

Formatuari dagokionez, bai, luzea gegiaho gustatzen zait telesaila baino. Telesaila laburra denean eta zentzu bat duenean ere gustatzen zait, baina skotan iruditzen zait oso puztuta daudela, lasto asko dagoela. Baina egia da gaur egun kontsumoari begira zerbait popularra direla. Ikus-entzunezkoek ia galduta zuten aisialdearen lekua berreskuratu dute eta hori errespetagarria da.

Hizkuntzaren trataera zaindua izan duzue ‘Ahoak’ seriean. Hautu horri jarraipena eman diozu?

Zaila da herri honetan filologo ez jartzea, gure kultur sorkuntzetan hori lehenesten baita. Eta horrekin nahiko nekatuta edo nazkatuta egotera ere iristen ari naiz. Nik euskaraz egiten dut lan, baina ez euskerarengatik edo euskerarentzat. Ni ez naiz Euskaltzaindia edo pedagogo bat, nik pelikulak egiten ditut. Eta sinesgarritasuna dut gustoko.

Ulertzen dut guztiok ulertuko dugun euskeran egin behar direla horrelako lanak, baina niri inork ez nauena konbentzituko da norbait bestea iraintzeko babalore esani beharko nukeela. Ba ez, nik ez dudalako sekula halakorik entzun kalean eta fikziotik ateratzen nau. Ez du zentzurik. Askotan gustatuko litzaigukeen errealitatea eta benetan existitzen dena nahasten dugu. Nik ikuslearentzat egiten dut lan, jendearentzat, eta ez instituzioentzat edo euskeraren aldeko ez dakit zein bulegorentzat. Askotan iruditzen zait euskeraren aldeko aldarriak egiten ditugunean beti direla akademiatik bultzatutakoak. Bunkerizatuak baino, bulegizatuak daude; bulego batetik bestera egiten dituzte estrategiak, baina kalea beste zerbait da. 

Euskaraz egiten dut nire hizkuntza delako, eta hori ere normalizatu beharko genuke. Borja Cobeagari inork ez dio galdetzen zergatik egiten duen zinema gazteleraz. Eta nik 52 urte ditut eta oraindik ere behin eta berriro galdetzen didate ea zergatik egiten dudan euskaraz. Justifikatzeari eta maskara jartzeari utzi behar diogu.

Kontua da denok dugula gustoko arrakasta, eta orduan askotan euskaldunak edo euskaraz ez diren produkzio batzuk euskaldunak izango balira bezala hartzen ditugu arrakasta izan dutelako. Argi eta garbi esan behar da ezetz. Egile eta sortzaile askok euskara derabilte hikuntza polit eta metaforetarako oso egokia omen delako, baina gero lanean jartzen direnean gazteleraz egiten dute. Zergatik? Gaztelerak ematen dielako beste espektro batetara zabaltzeko aukera. Eta adibidez, orain egin didazun elkarrizketa hau zuk egin beharrean, SER kateko Madrileko norbaitek egiten dielako. Konplexu gutxiago izango bagenu, beste modu batean jokatuko genuke.

Jaurlaritza Logoa