Zuzenean

Peli Lekuona | Lander Martinez

Manifestazioa egin du gaur Gasteizen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak manifestazioa egin du gaur Gasteizen, Legebiltzarrak pasa den urteko irailean pentsioak Gutxieneko Lanbidearteko Soldatarekin parekatzeko aurkeztu zuten Herri Ekimen Legegileari betoa jarri diola salatzeko.

Audio_placeholder

Manifestazioa egin du gaur Gasteizen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak

Loading player...
 Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak asteazkenean egindako itxialdia.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak asteazkenean egindako itxialdia. (ESK)

11.00etan hasi da Gasteizko Bilbao Plazan Euskal Herriko Mugimenduak deitutako manifestazioa. EAJren, PSEren eta VOXen botoekin Legebiltzarrak pasa den urteko irailean aurkeztu zuten Herri Ekimen Legegileari (HEL) betoa jarri diola salatzeko. Herri Ekimen Legegileak pentsioak Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren %100era parekatzea eskatzen du. Pentsiodunen mugimendutik gogorarazi dute, lege proposamenak 145.000 pertsona baino gehiagoren sinadurak eta sindikatuen gehiengoaren onespena dituela.

Jesus Soubies, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kidearen esanetan, «prozesua iruzur demokratiko galanta izan da, hainbeste sinadura, urte oso bat iraun duen prozesua... Guk HEL iazko irailaren 26an erregistratu genuen Parlamentuko erroldan, eta aurtengo irailaren 25ean ezezekoa eman zion Legebiltzarrak, eztabaidarik gabe. Guk ez dugu uste hori onartzekoa denik». Soubiesek eskatzen dutena lortu arte protestak eta mobilizazioak ez dituztela eteko adierazi du.

Herri Proposamen Legegileari ezezekoa eman ostean Legebiltzarreko alderdiak beraiekin kontaktuan jarri ez direla salatu dute, «beraiek itxi zuten atea, eta noski, beraiek deitu beharko gaituzte». Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kideak Legebiltzarreko Batzordeetan hiru agerraldi eskatu dituztela adierazi du, eta erantzunik jaso ez dutela salatu du. Hain zuzen, Berdintasun Batzordean, Lan eta Enplegu Batzordean eta Gobernantza eta Bizikidetzako Batzordean eskatu dituztela agerraldiak argitu du.

Gaurko protestaren harira, atzo 50 pentsiodunek 24 orduko itxialdia egin zuten Gasteizko Koroatzearen elizan, hausnarketa egin eta Legebiltzarraren erabakiari errefusa erakusteko. Euskal Herriko Pentsiodunen Elkarteko kidea bertan izan zen, eta itxialdia «oso emankorra» izan zela adierazi du.

Genero arrakalan eragina

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak pentsio baxuek emakumeengan eragin handiagoa dutela salatu du, eta Lakuako Gobernuaren hipokrisia salatu dute. «Muzin egin zaio genero-arrakala gainditzeko genuen aukerari. Euskal Gobernuak askotan egiten du propaganda, genero-arrakalari ezetz esanez, baina errealitatean hori gezurra da».

Lan-prekarietatearen eta aitortu gabeko zaintza-lanen mende dauden adineko milaka emakume abandonatu dituztela salatu dute pentsiodunen mugimendutik, eta bizi baldintza duinak etxebizitza erosoa, behar dituzten arreta eta zaintza zerbitzuak zein elikadura osasuntsua lortzeko gutxieneko pentsioak gutxieneko soldataren mailan egon beharko lukeela azpimarratu dute.

Nafarroa adibide

Nafarroako Gobernuak, 2026an pentsioek gora egingo dutela iragarri zuen pasa den astean. Soubiesek neurri hau txalotu du, eta «aurrerapauso handia» dela esan du. Dena den, Euskal Autonomia Erkidegoan igoera hori lortzea zailagoa dela adierazi du, lurraldeko foru-aldundi bakoitzak bere ogasun legea duelako.

«Hemen hiru diputazio ditugu, orduan Nafarroan posible dena, hemen bide beretik ezinezkoa da. Foru aldundi bakoitzak bere eskumenak dauzka zergei buruz, bakoitzak bere neurriak hartu ditzake, eta horiek desberdinak izan daitezke. Oso korapilatsua da. Nik uste dut gure kasuan, EAEn, Euskal Gobernuak politika orokor bat hartu beharko lukeela, eta hiru lurraldeentzako ogasun politika bateratu».

Eitb maratoia

NAIZ Irratian egindako elkarrizketan, aurtengo Eitb maratoiak zahartze aktiboa hizpide izatea barregarria iruditu zaio Soubiesi. «Ondo iruditzen zaigu Eitb maratoiak egitea, orain arte egin duten bezala, baina esatea nagusien osotasuna eta osasunaren aldekoa dela... 600 edo 800 eurorekin hori mantentzea ezinezkoa da».

Horrez gain, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kideak biltzen den dirua Euskal Gobernuaren fundazio batera bideratzen dela kritikatu du. Soubiesen esanetan «Txapela pasatzen dute bai dirua jasotzeko, baina gero ez dago dirurik aurrekontuetan pentsioen igoera gauzatzeko».

Jaurlaritza Logoa