Zuzenean

Elkarrizketa
Lander Olasagasti
Zoologian eta Animalia Zelulen Biologian aditua

«Aerosorgailuek % 1 gutxiago ekoizteak % 60 murriztu dezake saguzarren hilkortasuna»

Saguzarretan aditua da Lander Olasagasti, ugaztun hegalari hauen egoera biodibertsitatearen adierazle bikaina dela azaldu du Gelditu Makinak saioan. 

Audio_placeholder

«Aerosorgailuek % 1 gutxiago ekoizteak % 60 murriztu dezake saguzarren hilkortasuna»

Loading player...
Saguzarra
Saguzarra (nps.gov | Wikimedia)

Saguzarrak biodibertsitate indikatzaile bikainak omen dira eta beren biziraupena bermatzeak, hau da, beren habitatak mantentzeak izaki askoren onura omen dakar. Lander Olasagasti Zoologian eta Animalia Zelulen Biologian aditua gonbidatu dugu Gelditu Makinak saiora.

Ikerketak egiteaz gain, irteerak eta hitzaldiak ere eman izan dituzu. Jakin-min handia dago saguzarren inguruan?

Bai. Gu bezala ugaztunak dira eta badituzte berezitasun batzuk: hegalariak dira, orientatzeko sistema darabilte, dieta… badute erakargarritasuna ikuspuntu zientifikotik eta, gero, egia da azken urteetan iruditzen zaidala gizartean ari dela interes berezi bat pizten animalia hauen bueltan.

Zergatik?

Batetik, gaueko izakiak irudikatzeak eragiten duen beldurragatik. Bestalde, azken urtetan, covid-arekin eta, gaixotasunekin lotu delako, eta, azkenik, zerbitzu ekosistemikoen ikuspuntutik interes berezi bat sortu delako nekazaritza arlotik, intsektu-jaleak baitira eta kontrol biologikoa egiten baitute.

«Animalia talde bati erreferentzia egiteko erabiltzen dugu saguzar hitza baina talde oso dibertsoa da, izatez, ugaztunen ordena bat dira kiropteroak eta 1.500 espeziek osatzen dute»

Espezie asko al daude EHn?

Animalia talde bati erreferentzia egiteko erabiltzen dugu saguzar hitza baina talde oso dibertsoa da, izatez, ugaztunen ordena bat dira kiropteroak eta 1.500 espeziek osatzen dute. 1.500 mundu mailan, Euskal Herrian 27, Euskal Herriko saguzarren gidan argitaratu zen bezala.

Non kokatzen dira? nondik daude barreiatuak?

Horrenbeste dibertsitate izanda espezie kopuruetan eta bizi-formetan, esan daiteke lurralde honetan ditugun habitat guztietan topatu ditzakegula: hirietan, basoetan, mendian, eta baita larreetan ere.

Nola identifikatzen dituzue?

Mundu oso zabala da hori. Identifikatzeko modu bat da harrapatu eta, saguzarra eskutan, ezaugarri morfologikotan oinarritzea, espezieen artean oso ezberdinak baitira. Beste modu bat da, seguruenik ikerketan gehien erabiltzen dena, ultrasoinuen grabagailuen bidezkoa. Soinuen karakterizazio bat egiten da eta horren bidez identifikatzen dira espezieak.

«Saguzarrek orientatzeko erabiltzen duten ekolokalizazio zentzumenagatik. Ultrasoinu bidezko ekolokalizazioa egiteko, garrasiak emititzen dituzte eta, horien oihartzuna entzunda, gai dira interpretatzeko beraien inguruan dagoena eta dabilena»

Formaz gain soinuz ere oso desberdinak dira, beraz?

Bai. Saguzarrek orientatzeko erabiltzen duten ekolokalizazio zentzumenagatik. Ultrasoinu bidezko ekolokalizazioa egiteko, garrasiak emititzen dituzte eta, horien oihartzuna entzunda, gai dira interpretatzeko beraien inguruan dagoena eta dabilena. Beraz, espezie bakoitzak bere habitatera egokitutako frekuentziadun eta ezaugarridun soinuak baliatzen ditu.

Duten garrantzia ekologikoa azpimarratu ohi da. Natur kontserbaziorako, zergatik dira garrantzitsuak saguzarrak?

Ekosistemetan betetzen duten paperagatik dira garrantzitsuak. Gizakiaren ikuspuntutik, berriz, lehen aipatutako kontrol biologikoagatik.

Soinuari oso sentikorrak dira? Guk eurena ez baina eurek gurea entzun dezakete eta kaltegarri zaie?

30 KHz-etik gorako soinu frekuentzia da eurena. Noski, entzumena erabiltzen badute orientatzeko, egon daitekeen zarata horrek zaildu lezakeela pentsa daiteke, behe-laino moduko bat sortu. Baina ikerketa gutxi dago gizakiak sortutako soinuak saguzarretan duen eraginaren gainean. Adibidez, egin dira zenbait ikerketa trafikoaren soinuak-eta nola eragiten duen ikusteko. Normalean oso frekuentzia baxukoa izaten da eta ez da asko gainezartzen saguzarren frekuentziarekin, beraz, uste izatekoa da frekuentzia altuetan mugitzen diren espezieei ez diela frekuentzia baxuagoetan mugitzen direnei adina eragiten. Eta eragin zertan? bada, ez da soilik behe-laino horrekin gehiago kostatzen zaiela harrapakinak identifikatzea baizik eta ehizatzen saiatzen direnean ere arrakasta gutxiago dutela.

Zer mehatxu dituzte saguzarrek?

Mehatxuak askotarikoak dira. Kontserbazio arazoen artean daude: gordelekuen galera; ehiza habitataren galera; gaur egun erabilera asko gutxitu bada ere, pestizidek intsektuetan duten eragin handia eta, ondorioz, saguzarretan; eta, azken urtetan, instalazio eolikoen zabalpena. Ikusi da espezie batzuk arriskuan jartzen dituela.

«Helizeak biratzen ari direnean presio galera bat sortzen da euren inguruan eta, presio aldaketa horrek, gertutik pasatzen den saguzarrari kalteak eragiten dizkio biriketan –edemak– eta animalia bertan geratzen da» 

Zenbait poligono industrial eraikitzeko proiektuak badaude gurean eta, horrek zer kezka eragiten ditu natur kontserbatzaile ikuspegitik saguzarrentzat?

Kalte nagusia hilkortasuna da. Hau sortzen da helizeak saguzarra kolpatzen duelako eta baita ere barotrauma delakoagatik. Helizeak biratzen ari direnean presio galera bat sortzen da euren inguruan eta, presio aldaketa horrek, gertutik pasatzen den saguzarrari kalteak eragiten dizkio biriketan –edemak– eta animalia bertan geratzen da. Lehen ere aipatu dugu, espezie asko eta desberdinak dira eta ez die denei modu berean eragiten fenomeno horrek. Kasu honetan, kalte gehien pairatzen duten espezieak dira aeroespazio horretan hegatzen diren espezieak.

Ekidin daiteke?

Hein batean, bai. Ikertu da batez ere Alemanian, Estatu Batuetan eta Kanadan eta, batetik, ikusi dute gauza logiko bat, hau da, hilkortasuna handiagoa dela aerosorgailua badago saguzar kolonia handi bat dagoen lurralde batean; bestela esanda, saguzar asko dagoen kobazulo batetik gertu dagoen aerosorgailuaren bueltan gehiago hilko dira urrutiago dagoenaren bueltan baino. Bestetik, ikusi da hartu daitezkeela neurriak hilkortasun handia duen aerosorgailu baten inpaktua murrizteko. Neurrietako bat da haizearen abiadura jakin batetik behera funtzionamendua etetea. Oro har, haizearen abiadura 4 edo 5 m/s baino baxuagoa denean aerosorgailuek ez dute funtzionatzen eta ikusi da langa hori igotzen bada 8 m/s-ra ekiditen dela hilkortasunaren % 60, saguzarrek ez baitute hegatzen haizearen abiadura handia denean. Gainera, aerosorgailuak ez dira hain produktiboak abiadura baxuan. Ikerketen arabera, neurri horrekin hilkortasunaren % 60 ekiditen da eta urteko energia ekoizpenaren % 1 bakarrik galtzen da.

Beste ikerketa batzuk espezie migratzaileak aztertzen dituzte, baita urtean zehar aeroespazioa garaiaren arabera erabiltzen duten espezieak ere eta horien ondorio nagusia da aerosorgailuen funtzionamendua egokitu behar dela inpaktua txikiagoa izango den garaietara.

Jaurlaritza Logoa