Zuzenean

Peli Lekuona
NAIZ Irratia. Haria 1eko gidaria
Elkarrizketa
Maria Ubarretxena
Lakuako Gobernuko bozeramailea

«Delitugileen jatorriaren berri emateak gizartearen kezka nagusienari heltzen laguntzen du»

Ertzaintzaren inguruko albisteak, aurrekontuak edo Pedro Sanchezen Gobernuarekin duten harremana izan du hizpide Maria Ubarretxena Lakuako bozeramaileak NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan.

Audio_placeholder

Maria Ubarretxena, Lakuako bozeramailea, NAIZ Irratian.

Loading player...
Maria Ubarretxena, Lakuako bozeramailea, NAIZ Irratian.
Maria Ubarretxena, Lakuako bozeramailea, NAIZ Irratian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Maria Ubarretxena, Lakuako Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernu sailburua zein Exekutiboaren eleduna NAIZ Irratian izan da astelehen honetan. Bertan Ertzaintzak delitugileen jatorriaren berri ematea defendatu du, «onuragarria» dela iritziz. Ubarretxenak adierazi duenez, datu horiek publiko egitea «ezker eskuin egiten ari den politika edo egiten diren deklarazio horiek kokatzeko» balioko du.

PP eta Vox bezalako alderdiek egin dezaketen erabileraren inguruan galdetuta, «gardentasuna» defendatu du «erabilera maltzurrik» ez egiteko. «Objetibotasuna mahai gainean dago, horiek dira datuak. Gure gizartea heldua da eta beraz, erronka honi heldu behar zaio. Gardentasunez eta zuzenean ikusi da gainera euskal gizartearen kezka nagusienetakoa dela», defendatu du.

Ertzaintza, azken aste hauetan, beste hainbat gaiengatik ere izan da albiste. 34. promozioko azterketen ustezko filtrazioaren inguruan galdetuta, Ubarretxenak izkin egin dio erantzuteari. «Pentsatu behar dugu ehundaka pertsona aurkezten diren prozesuak direla eta ehundaka pertsona horietan ba egon daitezkeela gorabeherak, baina nik ustet Arkautiko akademiak oso lan ona egiten duela, iparra ondo kokatuta daukala, badaukagula helburua».

Era berean, sindikatuek berriz ere taser pistolak eta gomazko piloten erabilera eskatzearen inguruan, Bingen Zupiriaren hitzak baliatu ditu. «Alde teknikotik hartutako erabaki bat izan behar da eta ez alde politikotik hartutako erabakia». «Hau da, Poliziak helburu batzuk dauzka. Helburu horiek noski ere politikoak dira, segurtasunarekin zerikusia dutenak dira, baina zein medio behar diren arlo teknikoak esaten du eta beraz, guk saltsa honetan esan beharra daukaguna da arlo teknikoak hartu behar dituela erabakiak eta ez politikoak», itxi du.  

Aurrekontuak ere izan ditu hizpide Ubarretxenak. EAJ-k eta PSE-k onartu dituzte kontuak, oposizioaren emendakinen ekarpen ia apurrik gabe. Hala ere, bozeramailearen hitzetan negoziazioari «garrantzia» eman zaio eta «borondatea» egon dela, baina «tamalez» ez dela posible izan. Errealitatea, aldiz, gordina da. Izan ere, Gobernua osatzen duten bi alderdiek oposizioaren 1.233 zuzenketatik 6 baino ez dituzte onartu.

Horien artean, sistema instituzionala berritzeko milioi bateko emendakina nabarmendu du Lakuako bozeramaileak. «Belaunaldi erreleboa» aipatu du gakoetako bat gisa. «Ikusten dugulako beste erronka batzuk daudela, administrazioa digitalizatu egin behar dugu eta hor sartzen zaigu adimen artifiziala. Ikusten ari gara esparru guztietan sartzen ari dela eta Hobernuan ere sartuko da, administrazio publikoan ere sartuko da».

Bestetik, berrikuntza horretan gizartearen parte hartze kanalak modernizatzeko beharra azpimarratu du Ubarretxenak, «demokrazia indartzeko» helburuarekin. «Ikusi dugu baita ere Txilen nork irabazi duen eta mundua eskuinera doala, guretzako arriskutsuak diren hainbat diskurtsorekin. Gure demokrazia sendotu beharrean gaude».

Bete gaberko Gernikako Estatutua eta autogobernua

Era berean, eskuduntzak osatzeko lanean «buru-belarri» ari direla gaineratu du eledunak, Madrilen astero bilera saioak eginez. Aitortu du urte amaierako «kronometroa» hor dagoela, baina bitartean lanean «diskrezioz» jarraituko dutela baieztatu du, akordioak daudenean informatuko dela adieraziz. 

Hala ere pilota «Moncloaren teilatu gainean» dagoela iritzi du Ubarretxenak, «beste 10 proposamen» baitituzte Gernikako Estatutua osatu ahal izateko. «Euskal aldeak bere etxeko lanak egin ditu eta akordioa bete du. Duela bi hilabete dagoeneko gure proposamenak jarri genituen bestearen mahai gainean. Eta beraz, orain 10 proposamen horiek zehazten, hitz egiten eta negoziatzen ari gara». Autogobernuaren haritik segika, «alderdien esku» utzi ditu negoziazioak, berea lan «exekutibora» mugatuz. 

Jaurlaritza Logoa