Zuzenean

Oiartzungo TturTtur Euskaltzaleon Bilguneak urriaren 11ean abiarazi zuen, 'Euskararen egiazko misterioa iraupena da, ez jatorria' izeneko, Euskararen Historiaren inguruko ikastaroa. Lau larunbatetan zehar egin dituzte Euskararen Historia osatu duten ikastaroak, eta orotara 52 pertsona elkartu dira horietan. Eta larunbat honetan, abenduaren 13an emango diote amaiera egitasmoari.
Honetaz aritu dira ZEBRABIDEAN Aitzol Perez de San Roman, TturTturreko kidea, eta Aitziber Arnaiz, Oiartzungo Udaleko Euskara teknikaria.
Egitasmoaren azken saioa izango da asteburu honetakoa, eta antolatzaileek aurreratu dutenez, jardunaldi irekia izango da; hortaz, edonork izango du bertaratzeko aukera. Haurtzaro ikastolako jantokian izango da, 10:00etatik 13:00etara.
'Nora goaz? Etorkizunari begira' izenburupean egingo dute mahai ingurua, eta Irati Odriozola Zugarramurdik gidatuko du mahainguru edo solasaldia. Bertan hizlari lanetan arituko dira Idurre Eskisabel, Xan Aire, Paula Kasares eta Garikoitz Goikoetxea.
Ekimen edo egitasmo honen jatorriari dagokionean, Altzon eta Tolosan ditu aurrekariak. Iaz, Altzoko kultura batzordeak eta Tolosako Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak antolatu zuen Altzon bertan. Eta hori abiapuntutzat hartuta antolatu du aurtengoa TturTturrek.
Biharkoaren ostean orain arte moduan jarraitzeko asmoa dute, euskaltzaleak saretu, ahaldundu eta aktibatzen jarraitzeko asmotan dabiltza: «TturTturren, herrira begira, beti dugu helburu euskaltzaleak saretu, ahaldundu eta aktibatzea»
Saioen zerrenda:
Jakin noiztik X. mendera. Urriak 11.
Euskara, jalgi hadi kanpora, XI. – XVIII. mendeak. Urriak 25.
Pizkundeak eta atzerakada berria, 1800 – 1975. Azaroak 8.
Euskalgintzaren berregituratzea eta indarberritzea, 1975 – 2025. Azaroak 22.
Nora goaz? Etorkizunera begira. Mahai ingurua. Abenduak 13.


