Zuzenean

Itxaso Leon Kareaga
NAIZ Irratia

«Kultur eskubideak ere giza eskubideak direlako», erdigunean jarri ditu Zeharrek

Abenduaren 10 honetan, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, koadernotxo berezi bat prestatu du Zehar Errefuxiatuekin elkarteak, kultur eskubideak ardatz.

Audio_placeholder

«Kultur eskubideak ere giza eskubideak direlako», erdigunean jarri ditu Zeharrek

Loading player...
Mapeoa, lAGORAtorio lantegietan jorratu ohi den jardueretako bat.
Mapeoa, lAGORAtorio lantegietan jorratu ohi den jardueretako bat. (Zehar Errefuxiatuekin)

'Arrazakeriaren aurkako tresnak kultur eskubideak baliatzean' izena darama Zehar Errefuxiatuekin elkarteak Giza Eskubideen Nazioarteko Egun honetan plazaratu duen liburuxkak, eta, hain zuzen, norbanako zein erakundeei tresna praktikoak ematea du helburu.

Gainera, lAGORAtorio izeneko eztabaida guneak ere jarri dituzte martxan berriki. Lantegi horietan jasotako testigantzetako hainbat eta aurtengo koadernotxoaren proiektua bera ezagutu nahian, elkarte bultzatzailearekin izan gara aste honetan.

Marta Garcia eragin eta parte-hartze sozialeko zuzendaria da, eta NAIZ Irratitik elkarteak Bilbon duen zentrora gerturatu gara harekin hitz egiteko. Hark eskainitako kontakizuna lagunduko dute Emilia, Cesar, Daisy, Jose Luis eta Lauraren ahotsek.

Kultur lubakiak

Eskubide basikoak, jana edo etxebizitza tartean, ezagun egiten zaizkigu, baina bestelakoak dira aurten aldarrikatu nahi izan dituztenak. Hala, erdigunean jarri dituzte aurten lehen lerrotik at geratu ohi diren kultur eskubideak.

Izan ere, bizi dugun testuinguru politikoan, esanguratsua da nork bere kultur manifestazioak gauzatzeko askatasuna eta espazioak okupatzeko gaitasuna izatea. Kultur lubaki propioekin batera, kulturartekotasuna sustatzeko eta bizikidetza guneak sortzeko beharra azpimarratu du elkarteak zentzu horretan.

Horregatik, «harrera» kontzeptua berrasmatzeko beharra ikusi du; teilatupe bat eskaintzetik harago doan kontua da, oinarrizkoena edo atarikoa hori izaten bada ere.

Itxaropena bai, errespetua ere bai. Baina ororen gainetik, indarra eta bultzada agertu dira mahai gainean, guztiok izan gaitezen anitzen artean osatzen dugun gizarte honetako parte-hartzaile aktibo eta giza-eskubideen bermatzaile.

Jaurlaritza Logoa