Zuzenean
«Militantzia lana ez dakit nora joan den, gaur egungoa adore gutxiagorekin dabil»
Anabel Arraizak ibilbide publiko ezaguna du, musikari gisa ere bai. Haren hausnarketak izan ditugu gidalerro aste honetako Otea Lili saioan.
«Militantzia lana ez dakit nora joan den, gaur egungoa adore gutxiagorekin dabil»
Anabel Arraizaren (Lakuntza, Nafarroa, 1975) musika ibilbidea labur-labur esanda: Amaiur akordeoi orkestra, Goiuri txaranga, Lakuntzako musika taldea, Triki Ta Ke (bi disko), Ane eta piratak. Aktorea, musikari, aurkezle, wikilari. Eta ama ere bada.
Alaitasuna eta naturaltasuna erakutsi ditu Otea Lili saioan; bera ere horrelakoa da, nahiz eta azkar sutu ondoren gaseosa bezala azkar joan ohi zaion indarra. Burugogorra da eta eskubideak adore guztiarekin defenditu eta exijituko ditu. Ez da otzanduko hain erraz. Erlijioetan ez dela sinetsi behar dio. Amatasunetik ikusten ditu seme-alabak.
Botereak beldurra eregiten du. Animalien laguna da, haien ongizateak pertsonen ongizatera daramalako. Txakurra du gimnasiorik egokiena. Politika profesionalari kritikak dizkio. Kartzelak euskal preso politikoen birrintzaileak dira. Gogoetak ez ditu isildu solasaldian zehar.
Anabel Arraiza lasai eseri da Otea Lili saioko aulkian. Hausnartutakoa ez du gordeko barruan, ahal dela mikro aurrean botako du. Hemen solasaldian utzi dizkigun laginak: «Beldurraren boterearekin izugarrizkoa egin ziguten pandemia garaian, osasuna tartean sartu zuten eta denok beldurarazi gintuzten, eta beldurrak min handia eragiten du, goseak ere bai. Ehuneko handi batek belarriak jaitsi zituen. Lauk mugitzen dute mundua eta gezur asko prestatu zituzten guztiok otzantzeko». «Duin hiltzea asko da. Hiltzen garenean zer? Horrek ez du erantzunik, handik ez baita inor itzuli».
«Animalien ongizatetik pertsonen ongizatea bilatzea polita da. Txakurzalea naiz eta txakurra dut gimnasiorik egokiena». «Militantzia hitza bera ez dakit nora joan den, gaur egungoa adore gutxiagorekin dabil». «Herrigintzan ibilitako hainbat pasatu dira instituzioetara eta aurreko ekintza zaparrada zirimiri ahul batera pasatu da».



