Zuzenean

2023an Belar Hockeyko Euskal Federazioak Euskal Selekzioaren ofizialtasuna eskatu zuen Nazioarteko Belar Hockey Federazioan. Xabier Lopezek, Federazioko Lehendakariordeak eta selekzioko jokalariak, «zoritxarrez» ezekoa jaso zutela kontatu du, baina ofizialtasunerako bidea «malkartsua» izan arren, federazioak «bide-orri argia» duela nabarmendu du. Eta ibilbide luze bezain zail horretan, Europan bi partida jokatu dituzte joan den asteburuan, Austrian. Jokatu ez ezik, irabazi ere. Aurrean Austriako selekzioa izan dute, eta nor baino nor gehiago aritu dira bitan. Euskal Selekzioak lehenengoa 1 eta 2 irabazi zuen; bigarrena, ordea, bina berdindu. Beraz, Europa zeharreko bidaiak 3 eta 4ko emaitza orokorra utzi du.
Dena den, Austrian jokatutako bi partidak ez dira salbuespena izan Lopezen esanetan, eta «Europan presentzia irabazi» dutela nabarmendu du. Azken bi urteetan Portugalen aurka aritu dira, Getxon eta Porton, hurrenez hurren. «Lehen urratsa izan zen, baina oraingoak garrantzi handiagoa du, bereziagoa izan da», azpimarratu du Lopezek. Izan ere, Austriako taldea munduko 20 onenen artean sailkatu da, eta garaipenarekin itzultzeak Euskal Selekzioaren presentzia handitu duela nabarmendu du.
«Ofizialtasunaren ametsa zail dagoen honetan, beste federazioekin jokatzea besterik ez dugu», deitoratu du. Dena den, partida gehiago jokatuko dituztela aurreratu du NAIZ irratian. Lopezen ametsa, beste askorena bezalaxe, Euskal Selekzioarekin munduko txapelketa batean edo Olinpiar Jokoetan jokatzea da, baina bide luzea denez, «kluben arteko elkarlana eta oinarrizko lana» aldarrikatu du, «euskal belar hockeyak harrobia duelako, eta, horrenbestez, etorkizuna bermaturik duelako», adierazi du.



