Zuzenean

Peli Lekuona - Hegoi Belategi

Bilgune Feminista: «Salatu nahi ditugu gizonen arteko konplizitate sareak»

'Lerratu, egiturak apurtu' da Bilgune Feministak aurtengo A25erako aukeratu duen leloa, desberdinkeria bermatzen duen egiturazko sistema honen aurrean, alde batean edo bestean kokatzera deituz. Egitura horren barruan kokatu dute Elene Lopetegik eta Ekhiñe Petriatik ultraeskuinaren gorakada. 

Audio_placeholder

Bilgune Feminista: «Salatu nahi ditugu gizonen arteko konplizitate sareak»

Loading player...
Elene Lepetegi (goian) eta Ekhiñe Petriati (behean) Bilgune Feministako kideak.
Elene Lepetegi (goian) eta Ekhiñe Petriati (behean) Bilgune Feministako kideak. (NAIZ Irratia)

Azaroaren 25 honetan, feminismoak Euskal Herriko kaleak hartuko ditu beste behin ere, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren baitan. Hiriburu eta hamaika herritan egingo diren mobilizazioen atariko, NAIZ Irratian izan dira Euskal Herriko Bilgune Feministako Elene Lopetegi eta Ekhiñe Petriati. «Salatu nahi ditugu gizonen arteko konplizitate sareak», azaldu du Petriatik, «askotan isiltasunetik ematen diren sare horiek. Jarrera desegoki edo eraso matxisten aurrean egon daitekeen beraien arteko baldintzarik gabeko babesa», gaineratu du. 'Lerratu, egiturak apurtu' da Bilgune Feministak aukeratutako leloa, gizarteari eta bereziki, «gizon eta erakundeei» alde bat aukeratzera deituz. «Indarkeria matxista erreproduzitzen duenarekin zergatik ez dugu apurtuko?», galdetu du Petriatik. 

«Itun patriarkala» bezala definitu du Bilgune Feministako ordezkariak, gizon talde askotan egiturazko mantentzen den jarrera hau: «beraien artean ematen den ituna da, birproduzitzen dutena etengabe eta hori egiten dute pribilegio batetik eta pribilegio horiek ez galtzeko». Lopetegik zehaztu du, «lerratzea ez dela soilik ez egitea, baizik eta horren aurka egitea eta nolabait norberak dituen ardura horiek berrikustea». 

Emakundek berriki argitaratu dituen datuei erreferentzia eginez, Lopetegik gogora ekarri du erasotzaile ohikoena, emakumeak gertu duen gizona izaten dela «bai lan eremuan, bai etxean, bai bikotekidearen partetik». Hori dela-eta, deigarria iruditzen zaio Lopetegiri «mantra» jakin batzuk mantentzea, erasotzaileak normalean ilunpetan erasotzen duen munstro baten gisara irudikatzea, errealitatea denean eraso gehienak ematen direla «ezagutzen duzun gizon horren partetik». 

«Bestelako gako garrantzitsu bat» erantsi du Petriatik, emakumeak gauez izutzea bilatzen duen «kontrolaren estrategia» berbera aplikatzen delako haren arabera, gizon zurienak ez diren beste kolektibo batzuk jomugan jartzeko, migratzaileak adibidez. «Indarkeria matxistaz eta faxismoaz eta ultraeskuinaren gorakadaz ari garenean ez gara soilik ari emakumeen kontrako indarkeriaz. Ari gara artikulatzen den sistema eta egitura oso batez non gorrotozko hainbat diskurtso jartzen dituzten martxan», adierazi du Lopetegik. 

Datorrenarekin adi

Euskal gazteei buruz asko hitz egin da eta gauza asko egotzi zaizkie. Eta egiari zor, gaur egungo testuinguruan, txanponaren bi aldeak ageri dira; baikortasuna dakarrena bata, atzera begira jartzen dena bestea. Elene Lopetegiren arabera, «ziur asko gazteen artean kontzientzia gehiago badago, baina gaur egun bizi dugun oldarraldiaren aurrean ziur asko urratsak atzera ematen ari gara».

Sare sozialen bidez zabaltzen diren gorroto diskurtsoetan jarrita dute fokua Bilgune Feministan, «gizon gazteak oso oldartuta datozela» baieztatu dietelako irakasle diren edota hezkidetzan aritzen diren adiskideek. Lehen Hezkuntzako 6. mailako irakasle batek hitzaldi batean eman zion lekukotzaren berri eman du Lopetegik: «komiki bat irakurtzen ahalegindu ziren, mutilen arteko amodio istorio bat kontatzen zuena. Klaseko gizon guztiak oldartu ziren eta ezin izan zuten komikia irakurri. Hori LHko 6. mailan gertatzea oso larria da». Edozein kasutan, Petriatik eta Lopetegik goraipatu dute gazte feministek ikastetxeetan egiten duten lana, duela 20 urtekoa baino diskurtso egituratuago eta indartsuago batekin. 

Erakundeei benetako konpromisoa 

Erakunde publikoei zer eskatzen dieten galdetuta, «ez egitea Pinkwahsing», erantzun Lopetegik, hau da, ez dezatela feminismoa baliatu beraien burua zuritzeko azaroaren 25a bezala data berezietan, baizik eta etengabeko konpromisoa agertu dezatela berdintasunaren aldeko politika eraldatzaileak aplikatzeko; finean, «lerratze eskaera» bat. 

Ohiko bilakatu da, erakunde publikoena beharko lukeen lana mugimendu feministak hartzea bere gain, edo beste kasu askotan mugimendu feministak osatu behar izatea behar bezain integralak izan ez diren zerbitzuak, herriko jaietako indarkeria matxistaren aurkako protokolo edo babesguneekin gertatzen den bezala. «Erasoei erantzuteaz gain», Ekhiñe Petriatik eskua luzatu die erakundeei oinarri berberak partekatu ditzaten eta modu honetan espazio gehiago okupatu ahal izateko.

Jaurlaritza Logoa