Zuzenean
«Frankismoaren oinordekoak gure herriaren aurkako mehatxu dira»
«Frankismoaren oinordekoak gure herriaren aurkako mehatxu dira»

Azaroaren 19an, hil zituzten eguneko bezperan Santi Brouard eta Josu Muguruza izan zituen gogoan Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramaileak espainiar Estatuko Diputatuen Kongresuan. Asteburuan deitu duten manifestazio nazionalaz, bizi den une historikoaz eta Madrilen beti katramilatua den testuinguru politikoaz hitz egin du gaur Aizpuruak, NAIZ Irratiko Informazioaren Harian.
Azaroaren 20a igaro berri dugu. Nolako giroa sentitu duzue Madrilen aste honetan?
Aste hauek beti berezi samarrak izaten dira, ez. Giroa ez da gehiegi aldatu joan den astean bizi denetik, baina egia da data horretan beti gogoratzen ditugula hainbat gauza. Beti esaten dugu Franco hil zela, baina frankismoa ez eta oraindik bizirik dirau gure artean. Ikusi besterik ez dago faxistek nola hartzen dituzten kaleak. Ez bakarrik kalean, egituretan ere 1978ko erregimena bere horretan dago, hausturarik ez zen eman bere garaian eta oraindik pairatzen ditugu horren ondorioak. Frankismoaren oinordekoak gure herriaren aurkako mehatxu dira orain, autogobernuaren aurka, hizkuntzaren aurka, gure kulturaren aurka. Kalean ikusten ditugu probokazioetan eta horren aurrean, guk uste dugu zirrikiturik ere ez dela utzi behar, aurre egin behar zaiela eta horregatik biharko Bilboko manifestazioa da hain garrantzitsua. Data hau ere gogoratzen dugu Josu Muguruza eta eta Santi Brouard hil zituztelako; 36 urte eta 41 urte betetzen dira. Biharko mobilizazioan gogoan edukiko ditugu Santi Brouard, Josu Muguruza eta frankismoko biktima guztiak; azken fusilatuen senitartekoak ere bertan izango dira. Uste dut data garrantzitsua dela, herri antifaxista garelako.
Azaroaren 19an gogoan izan zenituen Santi Brouard eta Josu Muguruza Kongresuan. Azken hau diputatu kargua hartu berritan hil zuten. Egon da inoiz honekiko keinurik?
Inoiz ez. Behin baino gehiagotan planteatu dugu gobernuarekin beharrezkoa dela errekonozimendu bat. Josu Muguruza bere diputatu akta hartu zuen eta handik ordu batzuetara eraila izan zen. Kuriosoa da errekonozimendu asko egiten direlako Kongresuan. Askotan, diputatu izandako norbait hiltzen denean isilune bat gordetzen dugu plenoaren hasieran, baina Josu Muguruzarena oraindik egiteke dagoen zerbait da.
Gogoan izan zenuenean Santi Brouard eta Josu Muguruzaren memoria, nola erreakzionatu zuten eskuineko hautetsiek?
Horrelako gai bat ateratzen dugun bakoitzean, asaldatu egiten dira eta egia da mikrofonoek ez dutela jasotzen egoten den giro katramilatsu hori. Beti daude batzuk irainan botatzen; betikoa. Baina ez da bakarrik Josu Muguruza edo Santi Brouard aipatzen ditugunean, herri honi dagozkion gauza garrantzitsuak aipatzen ditugunean, orduan bai asaldatu egiten dira. Normaltasunez ez dugu hartzen, baina egia da pixka bat ohitu garela egoera arraro horretara.
NAIZ Irratiko estudioetan zaude, baina deialdia jasoko zenuen ziur asko Felipe, Letizia, Leonor eta Sofiarekin izateko. '50 urte geroago, koroa demokraziarako trantsizioan' hitzaldia egongo gaur (azaroak 21) Kongresuan. Nola ikusten duzu ekimen hau?
Monarkia goratzera datoz. Guk planto egin diogu, esan genuen ez ginela joango. Askotan mantendu dugun jarrera berdina mantentzen dugu. Uste dugu monarkia erabat anakronikoa den egitura bat dela, iragana zuritu nahi dutela. Iragana zuritu bakarrik ez, baita oraina legitimatu egin nahi dutela ere. Monarkia ez zuen herriak hautatu, Francok berak hautatutako irtenbidea zen, Franco berak izendatu zuen (Juan Carlos Borboikoa). Ez da egitura demokratikoa, beraz. Espainiako batasuna mantentzeko eta defendatzeko sortu zen eta horrela mantentzen da. Ikusi genuen Kataluniako auziarekin ere nolako jarrera hartu zuen erregeak. Gure erabakitzeko eskubidea ukatu egiten du. Laburbilduz, Frankismoaren herentzia bat da. Guk errepublika askeak nahi ditugu gure herriarentzat eta ERC eta BNGrekin atzo agiri bat atera genuen zentzu horretan.
Alderdi sozialistak bere burua errepublikazaletzat zeukan, Sumar eta Podemos alderdi errepublikanoak dira. Zuek berriki aldarrikapen hori plazaratu zenuten, baina badago benetako eztabaidarik Kongresuan?
Nik uste dut beti albo batera uzten dela, nolabait esateko, meloia ez dutela ireki nahi. Behin eta berriro planteatu dugu eta hori da egingo duguna hemendik aurrera. Beraientzat erraza da esatea (Espainia) estatu plurinazionala dela, hizkuntza aniztasuna defendatzen dutela, baina hori ekintzekin egin behar da. Aurrerapausoak ematea kosta egiten zaie. Dena dela, nik uste dut gaur egun dagoen errealitatea mantenduko dela, ikusten ari direlako (PSOEn) ez dagoela besterik gobernuan jarraitu nahi badute. Beharrezkoa da herrien benetako errekonozimendua. Denbora pixka bat gehiago beharko dugu, baina uste dut azkenean lortuko dugula, ez dagoelako beste biderik.
Juntsek iragarri du gobernuaren lege proposamen guztiei zuzenketak jarriko dizkiela. Etorkizuna dauka espainiar gobernuak? Bideragarria da hala jarraitzea?
Halako egoera ezegonkorrean gabiltza legegintzaldiaren hasieratik. Tira, arrastaka baldin bada ere, ateratzen ari dira legeak. Aste honetan bertan ELAren (alboko esklerosi amiotrofikoaren) legea aurrera atera dugu. Gauzak ateratzen dira baina zailtasun handiekin. Guk jarraituko dugu ahalik eta onura onenak ateratzen gure herrirako. Hori da gure jarrera eta horrela jarraituko dugu. Aurrekontuak aurrera aterako balira uste dut egonkortasun maila bat lortuko lukeela gobernuak eta nolabaiteko bermea edo lasaitasuna emango liokeela. Gu saiatuko gara Euskal Herrirako partida ekonomikoak eta beharrezkoak ditugun hainbat gai ere mahai gainean jartzen.
Hauteskundeak deitzeko eskaera gauzatu zuen atzo bertan Alberto Nuñez Feijook Estatuko Fiskal Nagusiaren gaitasungabetzearen ostean. Akaso galdera inozoa da, baina ausazkoa izan zen zigor hori azaroaren 20 batez jakinaraztea?
Ez. 50 urte bete dira Franco hil zela eta uste dut ez zela kasualitatea izan atzo bertan jakinaraztea epai hori, oraindik sententzia erredaktatzeko dagoenean. Edozein kasutan Euskal Herria Bildu ez dago hemen fiskal nagusiaren errugabetasuna defendatzeko edo ezeztatzeko. Ez da gure eginkizuna baina uste dut euskaldunoi ez digula harridurarik sortu. Herri honetan asko sufritu dugu horrelako epaiekin, badakigu zer dagoen horren atzean eta ahaztu behar ez duguna da zer testuinguruan eman den sententzia. Aznarren hitz haiek oso esanguratsuak izan ziren; "hitz egin dezakeenak hitz egin dezala, egin dezakeenak egin dezala eta mugitu daitekeena mugitu dadila", eta hori gertatzen ari da estamentu desberdinetatik.
Santos Cerdan espetxeratzea ere operazio jakin baten baitan kokatu dute batzuk. Nola ikusten duzue hau?
UCOren txostenak dira eta frogatu egin behar da. Herri honetan uste dut urteen poderioz nolabaiteko gaitasuna garatu dugula zalantzan jartzeko hainbat gauza. Inork ez du pentsatzen UCOk gaur egun ustelkeriaren kontra lan egiten duenik, beste interes batzuk ditu.
Espainiako Kongresuan dagoen bezalako testuinguru batean lan egiteak frustrazioa eragiten du?
Pentsatu daitekeen zerbait da, baina ez. Egiten dugun lanarekin aurrerapauso asko ematen ari gara eta horrek nolabaiteko lasaitasuna ematen dizu. Gehiago egin behar dugu, noski, baina asko da ere bai lortu duguna.



