Zuzenean
Gares, Mendigorria, Iruña, Elizondo, Uharte, Tafalla... hainbat herrietako musikariek osatzen dute 'Bisaiak' taldea. Nafarroako Musika Kontserbatorioan elkar ezagutu, eta sortzen hasi ziren, lehenengo diskoa egiteraino. 'Porlanezko Lorea' izena jarri diote eta ezin aproposagoa iruditu zaigu, porlan asko sumatzen baita hitzetan.
«Diskoa bi etapatan grabatu genuen, eta guk, behintzat, nabaritzen ditugu lehen eta bigarren aldi horietako abestien desberdintasunak» kontatu digute. Bederatzi abesti, eta estilo ugari nabari dira diskoan. «Ideia nagusi bezala reggae izan genuen arren, guztiok ditugun influentziak barneratu ditugu, entzun duguna antzeman daiteke» diote.
Oier Alsua (baxua), Aitana Lakuntza (tronboia), Eneko Aguerri (bateria), Adriana Lorenz (saxofoia), Imanol Burguete (tronpeta), Arrate Bacaicoa (ahotsa), Xabier Olano (teklatuak) eta Irene Beltzak (gitarra) osatzen dute taldea, eta taldekide batzuk emanaldi akustikoa eskaini digute.


