Zuzenean

Eredu agroindustriala ageri da atzetik, eta ia hizpide guztietan, abeltzaintzaren oztopoen inguruan hausnarrean hasita. NAIZ Irratiak sektorearen egoera aztertzeko saio berezia egin du Berrizen dagoen Urkiolako Landa Garapen Alkartetik.
Abiapuntua Dermatosi Nodular Kutsakorraren gaitza izan da, azken hilabeteotan alarma izugarria piztu duena; «sektorea larritzen duen gaitza da», Asier Albite albaitariak nabarmendu duenez, «ez da gizakietara pasatzen, baina ondorio larriak ditu behietan: ekoizpen jaitsiera itzela eragiten du eta kasu batzuetan heriotza ere bai».
Markel Enzunza abeltzainak azken urteetan iristen ari diren gaitzak hizpide hartuta azaldu du «ohitu» ere egin direla dagoeneko egoera honetara, «gure lanaren parte bihurtu dira gaitzak, are gehiago mundu globalizatu honetan, nekazaritza eredu intentsibo eta monolaborantzak ekartzen dituen ondorioetako bat da horrelako gaixotasunen hedapena».
Eredua bera jarri dute jomugan aditu denek, animalien izugarrizko joan-etorriak zuzenean eragiten duelako gaitzen hedapenean. Adibidea, Enzunza berarena: Bartzelonako hiltegi batean aritu zen lanean, mundu osoko animaliak iristen ziren bertara. Zeelanda Berritik ekartzen zituzten bildotsen adierazlea jarri du mahai gainean, itsasontziz egindako bidaian gizentzen zituzten, portura iristean hiltzeko prest egon zitezen.

NEIKER taldeko ikertzailea da Jesse Barandika eta gaitzei aurre egiteko «animalien mugikortasuna kontrolatzea izaten da neurririk garrantzitsuena», bere esanetan. Barandikak baieztatu du Euskal Herrian aztertu dituzten laginetan dermatosiarekin kutsatutakorik ere ez dela agertu; tuberkulosiaren kasuan, ordea, izan dira kasuak. «Nondik etorri da gaitza?», galdetu dio Albite albaitariak; bi jatorri nagusi aipatu ditu Neikerreko ikerlariak, kanpotik ekarritako animaliak eta, neurri txikiagoan, animali basatiekin izandako balizko kontaktua.
Bertakoa garesti?
Bide guztiek Erromara bezala, abeltzaintzaren egoeraren inguruko galdera guztiek erantzun bat zekarten berekin: nagusitu den eredu agroindustriala. Markel Enzunzaren ustez eredu agroindustrial honek «ekartzen duena da animaliak moneta hutsa direla». Sektorea gobernatzen duten makroenpresentzat «dirua da interes bakarra» eta animaliengandik «probetxu ekonomikoa soilik» bilatzen dute, era intentsiboa. Parean eredu estentsiboa aldarrikatu du, «aldi berean mendia zaintzen ari zarelako, karbonoa ezartzen…». Albitek ere bide beretik jo du, «lurrari etekina atera behar zaio, baina bere etorkizuna ziurtatuta, oreka hori topatzen ez da erraza baina nekazaritza jasangarria bultzatu beharko genuke». Enzunzak borobildu du ideia, «animalien mugimendu izugarri horiek ekidin beharko genituzke eta bertakoa kontsumitu».
Egungo kontsumo ohiturei ere egin die erreferentzia Albitek, nabarmenduz jendeak urte osoan jan nahi duela haragia, «eta ahal bada merke»; deitoratu du gizarte bezala ez gaudela prest ordaintzeko animalia hori bertan ekoiztea kostatzen dena eta horren ondorioz sortzen direla animalia fluxu izugarri horiek.
«Ideologia sartzen da hor», Enzunza abeltzainaren esanetan, «aurten ez dugu haragitarako behirik izan eta ez dugu loterik egin». Euren haragia zuzeneko salmenta bidez merkaturatzen dute, baina dagoenean; «zuk ikusten baduzu ez duzula behirik haragitarako eta erosi egin behar baduzu, zer eredutatik datorren ez dakizuna…». Kontzientzia eragiteko beharra nabarmendu du, «bezero horri adierazten badiozu ‘ba begira, aurten ez da posible izan eta ez da behi haragirik egongo’, kontzientzia sortzen ari zara».
EHNEko Unzalu Salterain ere kezkatuta agertu da gaitzen hedapenarekin, «gaixotasun honen eta azken urteetan ezagutu ditugunen atzean eredua dago eta eredu horrek sortzen duen krisi klimatikoa».

Erreleboa eta kolektibizatzearen beharra
Azken urteetako gaitzen areagotzea lehendik ere bide argirik ikusten ez duen sektore bati zailtasun gehigarriak jartzera dator, «eta oso zaila da ezarri den ezkortasunarekin, modu horretan oso zaila da jendea erakartzea», Salterainen esanetan.
«10 edo 20 urte barru nork ekoitziko du behi-haragia?», galdetu dio Salteraini Peli Lekuona Haria 1 irratsaioko gidariak, «galdera horri erantzuteko jakin beharko dugu zer egingo dugun hemendik aurrera», erantzun du EHNEko kideak. «Plangintza ausartak» eskatu ditu eta «begirada luzea; galdera hori orain bi hamarkada egin bagenu ez ginateke egoera honetan egongo».
Gakoen artean ereduan egin du azpimarra eta ekoizpena kolektibo egiteko beharrean: «prozesu industrializatu horrek sartu du ideia bat dioena norbera gai izango dela dena bakarrik egiteko, egin inbertsioak makinarian eta listo, baina horrek jendea zorpetu egin du eta bakardadeak zaurgarriago egiten du pertsona».
Enzunzak eta Albitek eman dute kolektibizatzeak ekar ditzakeen onuren inguruko adibidea. Lehena, Bizkaigane elkarteko kidea da. Hiru abeltzainek sortu zuten, bakoitzak zituen behiak etxalde bakarrean elkartu zituzten eta lanak denen artean banatu. Gaur egun zuzenean edo zeharka 12 pertsonari ematen die lana Bizkaiganek eta beste lanbide batzuekin parekatzen duen eredu bat sortu dute: goizeko eta arratsaldeko txandak, asteburak txandaka eta urtean hilabeteko oporraldia.
Albitek kide den Albaitaritza enpresa aipatu du, autonomo gisa norbere bere aldetik aritzetik taldean aritzera pasatzeak dakartzan onurak azpimarratuz: «kolektibizatuta oporrak lortzen dituzu, indarrak batzea, esfortzuak banatzea eta, adibidez, formakuntzan inbertitzea».
Markel Enzunzak borobildu du kolektiboaren aldarria, «jendea erakarri nahi baduzu ezin diozu proposatu 365 lan eguneko eskaintza bat».



