Zuzenean

18 urte bete eta bi egunera, Tolosako I. Instrukzio Epaitegian bertaratu ahal izan du Xuhar Pazos billabonatarrak lehen aldiz epaile baten aurrean bere bertsioa emateko. Urte eta erdi baino gehiago igaro da zauritu zutenetik. Begian jasotako pilotakada horren ondorioz begia ia galdu zuen Xuharrek, eta kaltetuta gelditu zitzaion ikusmena. Akusazioa beraiek ordezkatzen duten arren, ertzainon defentsaren lehen estrategia da mutikoaren bertsioa zalantzan jarri eta gau hartan egin zuena kriminalizatzea, Jon Pazos aitak salatu duenez, «erruduna ez da Xuhar, biktima da». Zentzu honetan, Pazosek gogora ekarri duenez, auzi honetan epaitu beharrekoa da, «Ertzaintzak proportzionaltasunez jokatu zuen ala ez», eta «protokoloa bete duten, bete behar den bezala».
Epaileak berak ere modu desegokiak atzeman ditu defentsaren lanean, Pazosek baieztatu baitu «kargu hartu» ziela ertzainen abokatuei, «zentratzeko beraien jardueretan», ordezkatzen dituzten poliziak defendatu baino, ardurak Villabonako gaztearengan jarri zituztelako. Besteak beste, egun horretan Tolosan egiten ari zenaz edota soinean zeraman arropa beltzaz galdegin diote ertzainen abokatuek gazteari. Aitak zentzuzko bi argudio eman ditu: eskualdeko gazte gehienak biltzen dira Tolosan inauterietan. Beltzez jantzita zihoan, kuadrillarekin batera segurtasun zerbitzuetako kidez mozorrotuta zihoazelako. «Ez dakit tortillari zer buelta eman nahian dabiltzan galdera hauekin», galdetzen du Pazosek.
Hasieratik salatu du familiak Ertzaintzaren kolaborazio eza, baita auzitegien geldotasuna ere, eta oraindik ere egin dituzten zenbait eskariren zain daude. Pazosen arabera, «irudi batzuk eskatuta dauzkagu eta gaur egun jaso gabe dauzkagu». Gainera, Tolosako epaileak kasua artxibatzeko agindua eman zuen 2024ko azaroan, biktimari deklaratzeko aukerarik eman gabe. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak ordea, kasua berrirekitzeko agindua eman zuen aurtengo irailean.



