Zuzenean

Azora funts putreak egun Osasun kaleko 12. eta 20. zenbakietan dituen bost etxebizitza turistikoak jatorriz Vascongada Inmobiliariarenak ziren. Juan Karlos Izagirre Donostiako Udaleko EH Bilduren bozeramailearen arabera, jabetzak bi obra txikiren eskaera baino ez zituen aurkeztu, nahiz eta egindako eraldaketek bost apartamentu independenteren egokitzapena barne hartzen duen.
Izagirrek salatu du Udalak moratoria gainditu zuela, atzera egindako komunikazioetan oinarrituta, eta gobernu taldeak erakutsi duela «Gobernuak adituen eta benetan sektore konkretu pribatu batzuk defendatzen dituela orokorraren gainetik». Bere ustez, gertatutakoa ez da kasu isolatua: «Garbi gelditu da moratoria indarrean zegoenean komunikatu zela asmoa bost pisu turistiko horiek irekitzeko».
EH Bilduko bozeramailearen arabera, azken urteetako turismoaren presioa arduragabeki kudeatu du Udalak: «Azkeneko 10 urteetan klase turistikoak %120 igo dira Donostian eta Europak ezarritako indizea gainditu dugu». Izagirrek gogorarazi du hiriko hainbat gunetan—Grosen, Maria Inmaculada inguruan edo Gurutze Gorria eta Satrustegi aldeetan—antzeko «salbuespenak» egin direla: «Azkeneko 10 urte hauetan gauza berbera egiten ari dira hirian; oso larria da».
Bestalde, Egia auzoko azken etxegabetzearen harira —etxebizitza bakarrean 11 pertsona bizi zirela jakin baitzen— Izagirrek azaldu du egoera prekarioan dauden pertsonen benetako errealitatea ezagutzeko beharra dagoela: «Ez daude nahikoa datu jakiteko zenbat jende bizi den gela batean; gurasoak seme-alabekin baldintza oso prekarioetan eta diru asko ordainduz». Salatu du negozio bilakatutako azpialokairuen bidez jabe batzuek «dirua ateratzeko helburu garbia» dutela, eta ohartarazi du «honekin amaitu beharra dagoela».
EH Bilduren arabera, hiriak ezin du onartu egoera zaurgarrian dauden pertsonak esplotatzen dituzten ereduek aurrera jarraitzea: «Denok dugu eskubidea duin bizitzeko eta etxebizitza baldintza minimo batzuetan edukitzeko».


