Zuzenean
Jose Ignazio Ansorena Miner (Piter) Donostian jaio zen 1953an. Filosofia eta letretako lizentzia du, irakaslea izan zen, baina txistulari eta pailazo lanak egin ditu 25 urtez ETBn. Txistulari Bakarreko Txapelketa irabazi zuen 1979an eta Donostiako Kontserbatorio nagusiko Txistu katedra izan zuen. Txistua ikasteko ‘Txistu gozoa’ metodoa idatzi zuen. Poesia idatzi du, liburuak ere bai eta baita txistuaren ikerkuntzari buruzkoak ere. 10 disko baino gehiago argitaratu ditu txistuaren inguruan. Pailazoekin, berriz, 20tik gora izango dira eta 7 liburu. Solasaldian zehar entzungo dugun Jose Ignazio Ansorena argia da, azkarra, bizia eta zehatza, eguneroko Piter erakusten duena esaldiz esaldi.
Jose Ignazio Ansorenaren gogoetek eta hausnarketek driblin laburrerako zein luzerako duten trebezia bikaina da. Zintzotasun eredugarriarekin egin dio aurre planteatutako galderei. Hemen lagin txiki bat: «Txistuak instituzioekiko lotura zeukala esaten zuten, eta ezkerraldetik ez da oso ongi ikusia izan, horregatik itsusikeriak egin dizkigute, bat baino gehiago». «Emakume askoren artean hazi nintzen eta ongi moldatu izan naiz emakumeekin». «Industria kulturala izugarrizko nahaspila da eta gailendu nauen kontua da eta asko baldintzatzen du sormena. Industria kultural indartsu batek homogeneizatu egiten du produkzio kulturala». «Gernikako Arbola doinuak, zortzikoa izateaz gaindi, erakargarritasun handia du eta goitasuna erakusten du, hau da gure asmorik onenetan onena: sortzea, jendeari laguntzea, berdintasunaren alde egitea».



