Zuzenean

NAIZ irratiak apostu irmoa egin du eta kiroleko zuzeneko kontakizunak areagotu dira denboraldi berrian. Izan ere, Kontxako banderaren gertuko jarraipena egin zuten bi asteburuetan eta, Athleticeko Europako abenturaz gain, futbolezko lehen mailako euskal taldeen arteko derbiak ere eskaini ditu. Asteburu honetan, bultzada hori berretsiko da, zuzeneko hiru emankizunekin.
Ofizialtasuna eta genozidioari ‘Stop’
Euskal Selekzioak eta Palestinako Selekzioak hitzordu historikoa jokatuko dute San Mamesen azaroaren 15ean, arratsaldeko 20:30ean. Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko eta Israel gauzatzen ari den genozidioaren salaketa egiteko aukera izango da. Bi aldarrikapen horiek uztartuko dira, eta euskal jendartearen erantzuna bikaina izan da: 700 sarrera baino gutxiago gelditzen dira. San Mames, beraz, beteko da; eta, Mikel Labakak, Euskal Selekzioko bigarren teknikariak, ofizialtasuna lortzeko bide-orria azaldu du NAIZ irratian: «Garbi dagoena da, honek aurrera egingo badu, garrantzitsuena herriak eskatzea da, herriak bultzatzea, herria presente egotea eta esatea, era guztietara, gure herriak kiroleko mapa horretan ordezkatua izan behar duela».
NAIZ irratiko atarikoa 20:15ean hasiko da, Ion Garateren gidaritzapean eta Iker Gurrutxagaren eta Ximel Arregiren iruzkinekin. Halaber, Hamaika Telebistaren eta NAIZen arteko elkarlanari esker, ikus-entzuleek partidua naiz.eus atarian ikusteko aukera izango dute, NAIZ irratiko kontakizunarekin
Euskal derbia
Emakumezkoen futbol derbia jokatuko da igande goizean. Hitzordua 12tan da, eta Anoetan jokatuko da norgehiagoka. Bi taldeek garaipena lortu dute ligako azken jardunaldian. Dena den, denboraldi hasiera aski ezberdina izan da talde bakoitzarentzat. Realak balentria lortu zuen orain bi asteburu, Bartzelona garaitu ez ezik, hutsean utzita ere. Garaipen hori denboraldi hasiera bikainaren adierazle izan da, Donostiako taldea hirugarren postuan kokaturik baitago. Txapeldunen Ligarako postuetan hain zuzen ere, derbia irabazi nahi du lehia horretan jarraitzeko. Bestalde, Athleticek ligako lehen garaipena lortu zuen igandean, Eibarren aurkako derbia 2-0 irabazi ondotik. Hasiera zaila izan dute zuri-gorriek (berdinketa gehien izan duen taldea da), baina azken garaipen horren bultzada probestu nahi dute hiru puntuak lortzeko.
Iker Gurrutxagak eta Ane Urkirik egingo dute zuzeneko kontakizuna Anoeta bertatik. Sarrerak eskuragarri daude Realeko webgunean.
Txapeldun berria Lau eta Erdikoan
Pello Etxeberriak eta Javi Zabalak jokatuko dute Lau eta Erdiko finala igandean arratsaldeko 18:30ean, Bilboko Bizkaia frontoian. Etxeberriak hirugarren aukera du txapela lortzeko, Zabala, ordea, estreinakoz arituko da final batean. Finalerdietan emandako ikuskizunen ondotik, final parekatua eta gozagarria aurreikusten da. Ion Garatek eta Ibai Zabalak kontakizuna egingo dute, eta txapeldun berri baten garaipena kontatu beharko dute.


