Zuzenean

Peli Lekuona - Hegoi Belategi
Elkarrizketa
Lander Martinez
Sumarreko diputatua

«Uste dut Exekutiboaren borondatea oso argia izan dela Juntsen eskaerekiko»

Juntsek espainiar Gobernuarekin apurtzeko hartutako erabakia gora-behera, momentuz, «gauzak ez dira asko aldatu», Lander Martinez Sumarreko diputatuaren arabera, hilabeteak baitira «legez lege» negoziatu behar dutela subiranistekin. Estatuko politikaz eta bere alderdiaren egoeraz hitz egin du.

Audio_placeholder

«Uste dut Exekutiboaren borondatea oso argia izan dela Juntsen eskaerekiko»

Loading player...
Lander Martinez, 2023ko hauteskunde kanpainako artxiboko irudian.
Lander Martinez, 2023ko hauteskunde kanpainako artxiboko irudian. (Oskar Matxin Edesa | Foku)

Azken hilabeteotan bi alderdien arteko tentsioak gora egin ostean, PSOE eta espainiar Gobernuarekin harreman oro apurtuko zituela iragarri zuen Juntsek urriaren amaieran, Kataluniarekin zituen konpromisoak ez dituztela bete argudiatuta. Bi aldeen arteko harremanak berbideratu daitezkeela sinetsita, Gobernuak bere konpromisoak apurtu dituenik ukatu du Lander Martinez Sumarreko diputatu bizkaitarrak NAIZ Irratian. «Uste dut Exekutiboaren borondatea oso argia izan dela Juntsen eskaerekiko».

Sumar PSOEren gobernu bazkide den heinean, legealdi honetan Katalunian egoera politikoa normalizatzeko «esfortzuak egin direla» defendatu du Martinezek eta, are gehiago, «emaitza eman dutela», Amnistia Legeari erreferentzia eginez. Ez du ukatzen gauza batzuk euren esku ez daudela, baina horiek ere gauzatzeko urratsak eman eta emango direla ziurtatu du. 

Kataluniako barne egoerak eta, zehatzago, Aliança Catalana ultraeskuindarraren hazkundeak behartuta, muturreraino eraman nahi izan ditu alderdi subiranista kataluniarrak Madrilekiko bere aldarrikapenak, Katalunian posizio autonomoago batean agertzeko eta ez Moncloaren bazkide soil gisa. Baina errealitatea da hilabeteak direla Junts PSOE eta inbestidura bloketik urrunduz joan dela, eta ez dira gutxi izan aurrera atera ez diren lege egitasmo garrantzitsuak eskuinarekin lerratu ostean, lan jardunaldiaren murrizketa edota energia enpresa handiei ezarri beharreko zerga berezia, besteak beste. Baina dezentetan heldu dira akordioetara, kontrakoa espero zenean. Zentzu honetan, «gauzak ez dira asko aldatu» Sumarreko diputatuak azaldu duenez, orain arteko bideari eutsi beharko diotelako, «gunero eta legez lege». 

Exekutiboak inbestidura blokearekin etengabe eta gaika negoziatzeko bide-orri horren baitan, 2026ko aurrekontuak aurkeztu eta defendatzearen aldekoak dira Sumarren. Eta barne mailan, 2024ko asanbladatik eratorritako bide-orrian sakonduko du Sumarrek, azaroaren 22an egingo duten konferentzia politikoan. «Uste dugu tokatzen dela hainbat gauzetan zehaztea zer egin nahi dugun; nolako harremanak izan nahi ditugun gure esparruko alderdiekin, zer nolako bide-orria nahi dugun 2027an hauteskundeak irabazteko etab. Horrek lan sakon bat ekartzen du erabakiak hartzen dituzunean», adierazi du Martinezek.

Gutxieneko soldataz 

NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako jarduera parlamentarioan albiste izan den beste gai bati begiratu dio Martinezek. EAEn Lanbidearteko Gutxieneko Soldata bat ezartzea eskatzen duen euskal gehiengo sindikalaren Herri Ekimen Legegilea tramitera ere ez dute onartu EAJ eta PSE gobernu bazkideek, 138.496 sinadura bildu eta Legebiltzarreko zerbitzu juridikoen bermea zuten arren. «HELek aukera izan behar dute legebiltzarrean ez bakarrik eztabaidatuak izateko egun bakar batean baizik eta prozesu legegilea izateko», adierazi du Martinezek. 

Gutxieneko soldatari dagokionez ordea, uste du diputatu bizkaitarrak erkidegoetan negoziazio maila eta lan hitzarmena direla esparru aproposenak arrakasta edukitzeko eta Sumarren afera honetaz egiten duten irakurketaren berri eman du: «Zaila da momentu honetan legearen bidez aldatzea gutxieneko soldataren egitura estatuaren barnean. Eta arrisku batzuk baditu, gertatu daitekeelako beste leku batzuetan erabiltzea gutxieneko soldata jaisteko». 

Jaurlaritza Logoa