Zuzenean

Euskaldunan bira amaitu ondoren, 2027ko martxoaren 6rako iragarri dute itzulera Bulego taldekoek. Kursaalean hasi eta Baluarten eta Euskalduna Jauregian bukaera eman dion 'Aldatu aurretik' bira amaitu eta urte eta ia erdiko atsedena hartuko dute orain, oholtzetatik jaitsita eta «erabat sorkuntzara bideratuta». Aurre-salmenta ostegunean, 10:00etan abiatuko da, eta presa duenak, jada izena eman dezake beraien webgunean.
481 egun falta dira. Urte bat, 3 hilabete eta 24 egun. Baina sarrerak ostegunean agortuko dira. Zuk ezin duzu zure lagunekin Gabonetan elkartzeko data topatu, urruti daudelako oraindik eguberriak. Baina jendeak badaki urte bat, 3 hilabete eta 24 egun barru libre egongo dela. Edo ez daki. Baina libre egon ezkero, han egon behar du. Hau ere historikoa izango delako. Ostegunean salmenta abiatu eta gutxira, Sold Out irakurriko dugulako. Honezkero, ingelesa ulertzen ez duenak ere badaki bi hitz horiek zer esan nahi duten, ohikoa bilakatu baita gure ahotan.
Minutu batean egin zuen Sold Out Fermin Muguruzak abenduaren 21ean eskaini zuen kontzertuak. Minutu batean 8.000 sarrera. Sold Out egin zuen ZETAK taldeak San Mameseko ekainaren 20eko kontzerturako; 3 ordutan saldu ziren. 10 minutu behar izan zituen Bruce Springsteenek Donostiako 45.000 sarrerak saltzeko. La Oreja de Van Goghek ere, Amaiaren itzulerarekin, ia bira osoko sarrerak saldu dituzte: BEC-eko Maiatzaren 9 eta 10eko datak agortuta, hirugarren data bat iragarri zuen taldeak 30. urteurrena elkarrekin ospatzeko. Eta ildo beretik: Ura Bere Bidean jaialdia, Gorka Urbizu Victoria Eugenian…
Eta ulertzen dut, kontzertu bat ez da kontzertu bat soilik. Experientzia bat da. Eta nola ia denbora gehaigo ematen dugun eremu digitalean eremu fisikoan baino, esperientzien merkatu-balioak gora egin du. Esperientzia gose gara. Horregatik orain hirietan geroz eta ohikoagoak dira: zeramika egiteko lantegiak, egin ezazu zure katilua, etorri eta egin collage bat gurekin, koadro bat margotu ardo kopa bat edaten duzun bitartean…. Garrantzitsuena esperientzia delako, ez produktua bera. Behar ditugu horrelako 'arnasguneak'. Eta kontzertuak hori bihurtu dira. Baina batzuk arnasgune izateko, beste batzuk ito egiten dira.
Oxigeno gabe utzi ditugu talde eta areto txikiak. Errua ez delako soilik Bulego, Zetak, Bruce edo Gorkarena. Edo izen horien atzetik dauden diskografika, komunikazio agentzia, edo managerrena. Kontsumitzaileok ere badugu gure ardura. FOMOak estutu egiten gaitu eta horregatik, FOMOari aurre egiteko gomendioak eta plan proposamenak ekarri dizkizuegu Bigarren Kafean.


