Zuzenean

Hegoi Belategi
NAIZ Irratia
Elkarrizketa
Xabier Agote
Albao Itsas Kultur Faktoriako lehendakaria

«Pozik gaude erronkak jarraitzen duelako gure arbasoen uberari jarraituta»

Audio_placeholder

«Pozik gaude erronkak jarraitzen duelako gure arbasoen uberari jarraituta»

Loading player...
Xabier Agote, 'San Juan' baleontzia atzean duela, Albaolan.
Xabier Agote, 'San Juan' baleontzia atzean duela, Albaolan. (NAIZ Irratia)

Pasaiako bokalearen San Pedroko aldean dagoen Albaola Itsas Kultur faktorian gauza asko egin dituzte ateak 2014an zabaldu zituenetik. Baina bada ezinbestean kultur eta itsas ondare espazio bilakatutako ontziola zahar honekin lotzen den proiektu jakin bat, garaiko itsasontzi berezi bat. XVI. mendeko San Juan baleontziaren erreplika uretaratuko dute ostiral honetan arratsaldeko 17:00etan. Ikusmin handia erakarriko duen ekitaldiaren atariko, Xabier Agote Albaolako lehendakariarekin NAIZ Irratian solasteko aukera izan dugu. 

Ordu gutxi falta dira San Juan naoa ureratzeko. Alaba edo seme batek etxetik alde egin behar duenean edukitzen den sentsazio berbera duzue?

Ez, ez dut horrela ikusten oso estuki lotuta jarraituko dugulako gure baleontzira. Beti egongo egongo gara gertu-gertuan. 

Proiektu luzea eta entzutetsua izan da zalantzarik gabe San Juanena. Albaola barruan emango dituen azken ordu hauetan nola sentitzen zarete?

Ondo. Hasiera eman genionean erronka oso handia zen. Jendeak lotzen du erronka hori, itsasontzian eraikuntzarekin. Baina ez da zuzena, erronka niretzat beti izan da horrelako lanak aurrera ateratzeko aurretik sortu beharreko testuinguru galdu hori. Euskaldunak bereizi ziren mendeetan zehar izan zirelako mundu mailako ontzigile onenetakoak, eta baleazale bakarrak mende askoan. Ezagutza guztia galduta zegoen. Hori dena berreskuratu behar izan dugu. Jendea formatu behar izan dugu hainbat lanbidetan. Berreskuratu behar izan ditugu aroztegia, errementariak, sokagileak, belagileak, etab. Azpiegitura hau ere sortu behar izan dugu. Hori izan da erronkarik handiena.

Gaurko 17:00etarako dago iragarrita uretaratzea. Zer aurreratu ahal diguzu eta zeintzuk dira herritarrei egin beharreko gomendioak?

Badakizue non gauden. Hona ezin da kotxez iritsi. Udalak (Pasaiakoak) iradoki duen bezala, garraio publikoarekin mugitu daitezela mesedez. Aukera izango dute ekitaldi hori zuzenean ikusteko bokaleko alde bietatik, San Juandik (Pasai Donibanetik) eta San Pedrotik. Lehenengo zatia pribatua izango da, edukiera mugatua daukagulako. Etorriko dira (Gipuzkoako) diputatu nagusia, lehendakaria, Espainiako hainbat ministeriotatik eta baita Kanadako Gobernuaren ordezkari goren batzuk ere.

Itsasontzia ez dago bukatuta. Bukatuta dagoena da kaskoa; ez dela gutxi. Zaraitzun eman zizkiguten izeiak masta bihurtuko ditugu, belak josi behar dira, 600 metro eta epe laburrean hasiko gara aingurak sutegian egiten lehengo erara eta mailu handiarekin joaz. Gure asmoa tripulazioa osatzea eta formatzea da. San Juanen ezaugarri nagusia da garai horretako bakarra dela zen bezalakoa egina. Ikertua izan arte inork ez zekien nolakoak ziren benetan ozeanoa zeharkatzeko gai ziren itsasontzi hauek. Horretan datza itsasontzi honen balorea. Zorionez gurea da. Pasaian eraiki zen eta 1.565. urtean hondoratu zen, Labradorko Red Bayn. 

Asko hitz egin da epeez eta proiektuan izandako atzerapenez. Zeintzuk izan dira zailtasun tekniko nagusiak, edo burokratikoak, garaiko tekniketan oinarritu zaretela kontuan hartuta?

Kanpotik ezarri dizkiguten zentzu gabeko presioak izan dira. Gure. Hau da Albaolak sortutako proiektu bat. Albaolaren erabakia izan da hau dena martxan jartzea, itsasontzi hau eraikitzea. Eta oso-oso zaila izan da hau gauzatzea, faktore askorengatik. Herritar batzuengandik, ‘albaolatarrengandik’ sortutako ekimen bat da. Gure erronka izan da beti Euskal Herriko itsas ondarea, bere historia berreskuratzea, aurkitu izan ahal izan ditugun baliabideekin. Proiektu pribatu bat, kanpotik laguntzak bilatu dituena eta lortu dituena, baina ez da beti erraza izan. Emaitza hemen dago. Nik uste dut Albaolaren proiektua ekarpen handia egin diola kultur mailan Euskal Herriari. Guk ildo horretatik jarraitzea nahi dugu. Ez bakarrik galdutako gure egiazko izaera historikoa berreskuratzen ari garelako, baita ere nazioartekotasun kutsu handia duelako honek. Azken finean gure arbasoen iraganean itsasoa eta ozeanoak erdian daude, itsasontzi hauek eraman zituzten itsasoz gaindiko lekuetara, pentsaezinak zirenak. Izugarria da gure itsas historia eta pentsatu genuen funtsezkoa zela hau dena berreskuratzea.

Ziur asko Donostian egon izan balitz, ikusgarritasun dezente handiagoa edukiko zuen itsas kultur faktoria honek, baina zuek San Pedron kokatuta dagoen ontziola zahar honetara etortzea erabaki zenuten. Zer ekarpen egin dio Pasaiako badiak Albaolari eta alderantziz?

Bi arrazoi nagusi daude gure proiektua hemen egoteko. Garaian San Juanen hasi ginen lokal txiki batean txalupa txikiak eraikitzen, ez genuelako leku gehiagorik. Hor egin genituen San Juanekin lotutako aurreneko zortzi metroko balea txalupak. Pasaiakoa izan zen Euskal Herriko portu nagusia, alde handiarekin gainera, eta arrazoi ulergarri batengatik. Hondarrez betetzen ez zen portu bakarra zen. Itsasontzi handienek beti zuten aukera sartu eta ateratzeko nahieran. Gaur egun nagusi den Bilboko portuaren kasua ez zen hori, Portugaleteko bokana eta inguru hori betetzen zelako. Hemendik abiatzen ziren itsas espedizio handienak, baleazaleak noski eta hemen kokatuta egon zen Real Compañia Guipuzcoana de Caracas. Orduan Pasaia guretzat oso leku estrategikoa zen. Gero, patuak bat egin zuen gurekin, Oarsoaldeko Garapen Agentziak interes handia erakutsi zuelako oraindik proiektu txikia zenean. Trebetasuna izan zuten nolabait ikusteko gure proiektuaren interesa Pasaiako kultur garapenari begira. Sinbiosi hori oso probetxuzkoa izan da Albaolarentzat. Beti saiatu gara gure proiektuak hemen garatzen eta inguruaren probetxurako izaten. Nik uste dut horrek dezente lagundu digula aurrera egiten. 

Jatorria eta amaiera lotu nahi dituzue aurrerago. Kanada, Ternua eta zehatzago Red Bay dituzue helmuga.

Urte eta erdian itsasontzia bukatuko dugu eta ondoren hasiko gara itsasontzia bere garaiko ezaugarri guztiekin ekipatzen. Txalupak, barrikak, bale-olioa lortzeko lapiko handiak, arropak, marinelak hautatu etab. Pozik gaude erronkak jarraitzen duelako, gure arbasoen uberari jarraituta itsasoratuko garelako, modu berean saiatuko garelako nabigatzen. Kultur programazio batekin iritsiko gara Kanadara. Gure azken helburua izango da kanadarrei eskerrak ematea, beraiei esker berreskuratu dugulako galdutako itsas jakinduria hau. Baleazaleen xehetasun guztiak, baina bestetik, ontzigintzari begira itsasontzi horien diseinuak eta eraikitzeko teknika guztiak beraiei esker berreskuratu ditugulako. Kanadarrek San Juan baleontziarekin egin duten ikerketa izan da Euskal Herriari inoiz egin zaion oparirik ederrena.

San Juanek alde egin ostean, Albaolan zein proiektuk hartuko dio lekukoa? Garaian Victoria Naoaren izena aipatu zen, zer esan ahal diguzu honen inguruan?

Victoria ontziaren asmoa mahai gainean jarri genuen, baina ez genituen bidelagunak aurkitu. San Juan bukatu gabe animatu ginen mahai gainean jartzera, oso itsasontzi txikia zelako, oso egingarria. Elkano sektore batek ez du ondo ikusten enperadorearen espedizioan ontziratu zelako. Gaur egun hori epaitu egiten da politikoki baita ere. Pena bat da ez jakitea bereizten, gure arbaso ia denak hor zeudelako sartuta buru-belarri. Nik bai nahiko nukeela proiektu (Victoria Naoaren) hori berreskuratu. San Juan hemen dagoen bitartean, udaberririk hasita bisitagarri izango da. Hori oso garrantzitsua izango da.

Gero, San Juanek hutsik utziko duen lekua Ozentziyo Donostiako azken egurrezko arrantzontziak hartuko du. Zaharberritzen ari garen bitartean bisitariek aukera izango dute ondo ulertzeko gure arrantzaleak nola moldatu diren itsasoan, batez ere atunak arrantzatzen eta nola beti erabili izan dituzten modu oso jasangarriak eta selektiboak. Gure helburua beti izan da Euskal Herriko itsas historia bere osotasunean jorratzea eta horretan ibili gara. Kontua da egin ditugun ekimen gehienak San Juanek berak eklipsatu dizkigula. Egin ditugu XIX. mendeko arrantza traineruak, XVIII. Patatxeak eta horrelako lan asko. Ildo horretatik jarraituko dugu Ozentziyorekin. Ondoren, beste garai bateko belaontzi guztiz eder bat egitera goaz, beste historia bat duena. Baina goizegi da horretaz hitz egiteko.

Jaurlaritza Logoa