Zuzenean

Azaroaren 6an hasiko du Pitxu Gaztetxeak, 'Peliküla' Dokumental Festibalaren 3. edizioa. Lau dokumental proiektatuko dituzte hilabete osoan zehar Mauleko Günea antzokian. Proiekzioen ostean, hausnarketarako eta eztabaidarako tartea izango dute bertaratutakoek, beste gonbidatu batzuekin batera.
Dokumental guztiek errepresioa izango dute hizketagai. Hizkuntzari ere erreparatu diote aukeraketa egiterakoan. «Parada da euskarazko dokumentalen pasaraztea, ez direlako beti eskuragarri» dio Anita Poineauk, Pitxu gaztetxeko kideak.
Sistemaren zerbitzutik at dagoen alternatiba moduan plazaratu dute Peliküla festibala.
Egitaraua:
Azaroaren 6a, osteguna: Berako Espidobaita Elkartearen 'Loratzen' (2025), 19:00etan. Solasaldian elkarteko kideak arituko dira.
Azaroaren 16a, igandea: Samara Velte eta Josu Martinezen 'Paperezko hegoak' (2017), 18:00etan. Euskaldunon Egunkariko eta BERRIAko kazetari ohia den, eta hilabetean behin Zebrabideko Literatura Tertulian parte hartzen duen, Nora Arbelbide arituko da solasaldian.
Azaroaren 23a, igandea: Asisko Urmenetaren 'Sorgina, banaiz' (2025), 18:00etan. Urriaren 22an izan genuen Asisko Zebrabidean, eta Urmeneta bera arituko da solasaldian.
Azaroaren 30a, igandea: Basel Adra, Hamdan Ballal, Yuval Abraham eta Rachel Szor-en 'No other land' (2024), euskaraz azpititulaturik. Iparraldea Palestinarekin kolektiboko kideak arituko dira solasean.


