Zuzenean

Elkarrizketa
Julio Villanueva
AHTrik ez Nafarroa

«AHTaren hirugarren alternatiba distrakzio maniobra bat da»

Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko AHTren lotura Aralar inguratu gabe egiteko aukera lehenetsi du Madrilek. Trenaren aurkakoek eraso ekologikoa antzekoa izango litzatekeela diote. 

Audio_placeholder

«AHTaren hirugarren alternatiba distrakzio maniobra bat da»

Loading player...
Julio Villanueva, artxiboko argazki batean.
Julio Villanueva, artxiboko argazki batean. (Iñigo Uriz | FOKU)

AHTaren Nafarroako korridorea «euskal Y» delakoarekin lotzeko hirugarren alternatiba bat hobetsi du Madrilek. Hau ere Ezkiotik igarotzen da baina, diotenez, ez dio Aralarri eragiten, eta inpaktua askoz ere txikiagoa izango litzateke. Stop Zundaketak-AHTrik Ez ekimenetik salatu dute manipulazioa dela hori baieztatzea, agerikoa baita Aralarri eragiten diola eta eraso ekologikoa antzekoa litzatekeela. Julio Villanueva AHTrik Ez Nafarroako kidea izan da Gelditu Makinak saioan.

Orain arte Ezkioren eta Gasteizen artean pasabidea nondik izango ote zen hamaika saltsa ezagutu ditugu. Zer gertatu da hor orain hirugarren aukera bat azaltzeko?

Pentsatzen duguna da hau distrakzio maniobra bat izan daitekeela. Bistan da EAJ, batez ere Gipuzkoan, espantuka dugula. Beraiek nahi dutena da Europarekin lotura Ezkiotik izatea, nahiz eta Frantziak esan 2042 urtera arte ez dela gauzatuko lotunerik, eta presio handia ari dira egiten Madrilen gainean. 2018an EAJk alegazio bat egin zuen eta hirugarren alternatiba bezala ezagutzen dena plazaratu zuten. Presioa egiten ari dira.

Ezkion lanak aurreratuta daude.

Bai, kontuan izan behar da Ezkioko geltokia eginda dagoela eta bere papera jokatzen duela baina hori bigarren mailako arrazoia da.

«20 kilometrotik gorako tunelak ditu hirugarren alternatibak ere, nahiz eta esaten duten Aralar ez duela zulatzen. Baina, bai zera! Aralar txikitu egiten du» 

Kontu politikoa da, beraz?

AHT Nafarroatik ikusten dugu distrakzio maniobra izan daitekeela seguruenik Estatuak lehenetsiko duelako Gasteizko lotunea. Hau EAJ kontentatzeko da eta itxurakeria bat alternatiba kontuan hartzen dutela sinistu dadin.

Madrilgo Gobernuak ez du sosik ezta intentziorik ere. Gainera, 20 kilometrotik gorako tunelak ditu hirugarren alternatibak ere, nahiz eta esaten duten Aralar ez duela zulatzen. Baina, bai zera! Aralar txikitu egiten du. Aralarko Parke Naturala badirudi errespetatzen dutela, seguruenik, lege aldetik oztopoak daudelako. Baina nahasten dute Aralar eta Aralar Parke Naturala, zeren, Aralar dena da, mendikate osoa.

20 edo 22 kilometro, txikizioa ikaragarria da.

«Euskal Y»-aren tunel luzeena litzateke, orain arteko luzeena 6-7 km-koa baita. Honek gogorarazten du Pajares tunel famatua Asturias eta Leon artean. Sekulako aurrekontua xahutu zuten, hirukoiztu egin zuten hasierako aurrekontua eta 20 urtez luzatu ziren. Aralartik sartuko balira, beste 20 urtez luzatuko dira lanak? Aurrekontua? Bistan da Madrilek ez duela sosik. Uste dugu ez dela Madril saltsa horretan sartuko, Gasteiz erabakiko dutela merkeagoa eta teknikoki errazagoa delako eta, gero, EAJ eskuduntza batekin kontentatuko dutela. Azken finean, helburua da obra egitea.

Hemen ikusten da zer nolako lardaskeria dagoen, zeren, 30 urte pasa ondoren oraindik ez dakite nondik arraio lotuko diren «Euskal Y»-a eta nafar korridorea. Horrek adierazten du, benetan, helburu bakarra dela dirua irabaztea euren zerbitzuko enpresek, beraiek eta ingurukoek.

Jaurlaritza Logoa