Zuzenean
«Kanpotik erraza ematen du, baina honek atzean lan asko dauka»
Iker Vicente laugarrenez gailendu da Euskal Herriko Aizkolari Txapelketan. Erabateko nagusitasuna erakutsi zuen otsagabiarrak, baina «kanpotik erraza ematen duen arren, honek atzetik lan asko dauka», dio txapeldunak.
«Kanpotik erraza ematen du, baina honek atzean lan asko dauka»

Nagusitasun osoz gailendu zen Iker Vicente Azkoitiko Gurea frontoian, bere laugarren Euskal Herriko txapela lortzeko. Otsagabiarrak, «oso ondo» sentitu zela azaldu digu, baina «kanpotik erraza ematen duen arren, honek atzetik lan asko dauka», gaineratu du. Bost gipuzkoarren artean aritu zen finalean nafarra, baina hautagai nagusia zena gailendu da. «Historikoki nafar gehiago izaten ziren finaletan, baina aurten hala suertatu da, irabazi dut eta gustura», dio Vicentek.
Orain, urtarrilaren 3an, Eneko Otañorekin duen apustua du jomugan, nahiz eta bi aste barru Nafarroako Aizkolari Txapelketan ere historia egiteko aukera duen. Hamar txapel ditu Vicentek, Mindegiak adina, eta berdinketa hori haustea izango du helburu. Izen handien pare jartzen ari da nafarra. Euskal Herriko Txapelketan ere Arria II.arekin berdindu du txapel kopuruan, «eskailera horretan gora egiteak sekulako ilusioa egiten dit», aitortu du txapeldunak.
Apustuari dagokionean, «nik nire kezkak dauzkat», dio Vicentek. «Nik uste abantaila handi samarra dela, bi kanaerdiko...». Apustua zaila ikusten duen arren, erronkak gustatzen zaizkiola ere azpimarratu du Otsagabiakoak.
Laugarrenez txapeldun. Ba al duzu parekorik?
Ez dakit, egia esan. Korteetan oso ondo asmatu nuen, egun ona eduki nuen. Besteek ere lan ona egin zuten. Kanpotik erraza ematen du, baina honek atzean lan asko dauka.
Nafar bat bost gipuzkoarren aurka, eta nafarra nagusitu.
Bai, hori da. Jende askok esan dit: bost gipuzkoar finalean eta nafar bakarra. Historikoki nafar gehiago izaten ziren finaletan, baina aurten ni bakarrik nengoen; hala suertatu da, irabazi dut eta gustura.
Erabateko nagusitasunarekin gailendu zinen. Lehia estuagoa espero al zenuen?
Inoiz ezin da fidatu. Oso-oso urduri plazaratu nintzen; badakit besteak topera saiatzen direla, topera aritzen direla entrenatzen, eta arriskutsuak dira. Atzo [igandean] aurre egin nuen, baina beste batean kontrakoa gerta daiteke.
Denbora, 39 minutu eta 46 segundo. Buelta horretan ibiltzea zenuen buruan?
Ikusten da urtetik urtera ze gorabeherak dauden denboretan eta egurraren kalitatearen arabera minutu asko joaten dira gora edo behera. Egia esan, ez nintzen denborari kasu asko egitera joan; bai pentsatzen nuen helburu nagusia txapela lortzea zela eta gero, egurrak onak baldin badira, saiatu denbora on bat markatzen. Oinbikoetan sartzerako pentsatzen nuen denborak alde egiten ariko zirela eta txapela irabaztearekin nahiko.
Nola sentitzen zara Euskal Herriko Txapelketa laugarrenez irabazita?
Nik uste dut txapela hori irabazten duena urteko onena dela. Historikoki, liburuetan txapelak azaltzen dira. Eskailera baten modukoa da hau: Mindegiak bederatzi txapel ditu; beste batzuek, sei. Eskailera horretan jende horien artean gora egiteak kristoren ilusioa egiten dit.
Arria II.arekin berdindu duzu. Horrelako gauzei erreparatzen al diezue?
Ni saiatzen naiz epe motzak jartzen buruan. Egunerokoan goaz gozatzen, txapel bakoitzaz gozatzen, baina jende askok aipatzen dit ea zenbat irabazten ditudan. Beti pasatzen da burutik noraino iritsiko naizen eta, egia esan, ez dakit. Momentuz, ez daukat inongo minik, aizkoran gustura ari naiz, eta horrela segituz gero, baten bat gehiago irabazteko aukera izango dut. Hala ere, ez naiz fidatuko, lanean jarraituko dut eta ikusiko dugu noraino iristen naizen.
Finala hasi aurretik, omenaldia jaso zuten Patxi Astibiak eta Joxe Mari Olasagastik. Zure erreferente izan al dira zure ibilbidean?
Nik Astibia bideoetan bakarrik ikusi dut, baina berarekin dudan tratua oso berezia da. Bere entrenatzailea nire aitona zen. Joxe Mariren [Olasagasti] kontra tokatu zait aritzea; gainera, oker ez banago, bere azkeneko plazan. Erreferentetzat hartzen dut, gazte-gaztetatik ikusi dut aizkoran kristoren maila ematen. Bi aizkolari oso handi.
Nafarroakoan ere historia egiteko aukera duzu. Mindegia II.arekin berdinduta, hamaikagarren txapelaren bila, ezta?
Horrek ilusio berezia egiten dit. Izen oso handiak daude. Hamaikagarrena irabaztea niretzat kristorena izango litzateke. Hori irabazi nahiko nuke, ondo iristen naiz.
Urtarrilaren 3ko apustuan, Eneko Otañok bi enborreko aldea izango du. Adostutakoarekin gustura al zaude?
Erronka gogorra daukat. Nik nire kezkak dauzkat. Uste dut abantaila handi samarra dela. Parean hasi eta minutu bateko abantaila duzunean oso zaila da besteek errekuperatzea, baina bi enbor atzetik hasita, errekuperatzea beste mundu bat da. Gainera, apustuan bakoitzak bere materiala plazaratzen du, bere egurrak. Apustua zaila ikusten dut, baina erronkak gustatzen zaizkit eta topera saiatuko gara.
Data hoberik ez al zegoen? Gabonak hortxe...
Egia esan, Gabonak izorratzen zaizkigu, baina nik apustu hau lehenago egin nahi nuen; Enekok, beranduago. Kostatu egin zitzaigun apustua ixtea datarengatik. Egun horietan zaintzea tokatuko zaigu, baina ohituta gaude eta bai bera, bai ni ez gara asko apuratuko.



