Zuzenean

Bi helbururekin jaio zen Gasteizko Orbain Kultur Elkartea: Arabako hiriburuan Punk-Rock panorama sustatzeko, baina batez ere, auzolan eta autogestioaren bitartez sustatzeko. 10 urteko ibilibidea burutu izanak, hirian euren lekua egin dutela erakusten du. «Punk-Rocka gustuko baduzu, Gasteizen Orbain erreferente bat izaten da», azaldu du elkarteko kide Aimar Corderok, «ez dakit hori benetan zen helburua, baina nik uste dut jendeak Orbain bilatzen duela ikusteko zer gauzak mugitzen ari diren musika mailan, baina baita kultur mailan ere», gaineratu du.
10. urteurrena behar bezala ospatzeko, hiru hilabetez luzatuko den egitaraua prestatu du Gasteizko Orbainek. Urrian, azaroan eta abenduan, kultur elkarteak kontzertuak, liburu aurkezpenak, antzerkia, dancehall eta beste hainbat jarduera eskainiko ditu. Dena borobiltzeko berriz, abenduaren 13an urteurren festa handia egingo dute, Jimmy Jazz aretoan.



