Zuzenean
«Ardogileen sektorea azken beltzean dago»
Nafarroako ardogileek mahats gutxi bildu dute aurten, 33,7 milioi kilo. Sor-markaren arabera, historiako uztarik pobreena da. Mendiko upategiko Imanol Iberok klima aldaketen ondoriozko faktoreak aipatu ditu uzta eskasaren arrazoi gisa.
«Ardogileen sektorea azken beltzean dago»

Nafarroako sor-markak inoizko daturik okerrenekin amaiera eman dio ardo bilketa garaiari. 33,7 milioi mahats kilo jaso ditu, historiako uztarik txikiena da 2025ekoa.
Mendiko upategiko Imanol Iberok Nafarroako mahastien eta ardogileen egoerari buruz hitz egin du NAIZ Irratian. Ekologikoan ekoizten du Iberok, eta komunitatearekin batera lan egitearen garrantzia azpimarratu du. Klimak eragina duela nabarmendu du, noski. Baina, horrez gain, bestelako faktoreei erreparatu die: mahatsaren prezio eskasa, ekoizpen ereduaren huts egiteak edo kontsumo ohituren aldaketa, besteak beste.
Mahastizainak azkeneko urteetan ekologikorantz bideratu duzue zuen ardogintza. Honek balio izan dizue modu duinago batean bizitzeko? Eragina dauka modu komertzial honetan lan egiteak?
Baietz esango nuke, baina ez soilik ekologikoan lan egitea, baita ere bertako herriarekin eta komunitatearekin errotzea eta harreman zuzenetan sakontzea eta benetan azaltzea zer, nola eta zergatik lan egiten dugun. Hor sortzen dira bestelako harreman batzuk, eta guretzat hori egundoko aberastasuna da.
Nafarroako ardo sor-markak 33,7 milioi mahats kilo jaso ditu urte honetan, eta 2025. urteko uzta hau historiako apalena izan da. Zein dira jaitsiera honen arrazoiak?
Klimatologia oso aldakorra daukagu azken urteetan, eta horrek fruituen heldueran ekarpen onik ez du izan. Udaberri euritsua izan dugu, mildiu onddoak toki batzuetan mina egin zuen, gero kazkabarra ere bai beste toki batzuetan, lehortea ere izan dugu. Beraz, mahatsa loditzeko arazoak egon dira. Gainera, Nafarroan mahastiak kentzen dabiltza, mahastizainak zentimo oso gutxian saltzen ari direlako haien mahats kiloak. Hogei urteren buruan, ardo edo mahastiaren sektorea hondamendian dago Nafarroan.
Kontsumo joeran honen atzean dagoen bestelako arrazoietako bat da. Zuek nabaritu duzue hau?
Bai, noski. Aurreko belaunaldiek bestelako ohitura batzuk zeuzkaten, non ardoa eguneroko elikagai bat bezala ulertzen zuten. Gaur egun gaizki ikusita dago eta, aldiz, azukredun edariak edatea, edo prekozinatuak, edo sekulako osagai kaltegarriak dituzten elikagai pila bat kontsumitzea ez dago apenas kritikatua. Kontrara, ardo baso bat alkoholaren logikan txertatuta eta pixka bat mespretxatuta dago, eta hori kontsumoan sumatzen da zeharo.
Lehen aipatu duzu mildiu onddoaren eragina. Honi nola aurre egiten diozue?
Landarearen osasun integral bat bilatu behar dugu. Horretarako, Nekazaritza Ekologikoak garrantzi handia dauka.


